‘Apaiz kartzela’ euskarazko dokumentala gaur TV3n estreinatuko da, ETBn baino lehenago
EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio EITBko zuzendari nagusiari ‘Apaiz kartzela’ dokumentalaren inguruko asmoak argitu ditzan, «ez baita lehen aldia memoria historikoarekin lotutako euskal produkzio bat TV3k ematen duena, ETBk baino lehenago».
‘Apaiz kartzela’ euskarazko dokumentala Herrialde Katalanetako TV3 katean estreinatuko da gaur gauean, ETBn oraindik emititu ez denean. EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio EITBko zuzendari nagusiari dokumental horren inguruko asmoak argitu ditzan, «ez baita lehen aldia memoria historikoarekin lotutako euskal produkzio bat TV3k ematen duena, ETBk baino lehenago».
EH Bilduren iritziz, «ez da normala» TV3k ETBk baino lehenago emititzea eta azalpenak eskatu dizkio Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiari, argitu dezan «nola den posible» hau gertatzea.
Dokumental horrek Francoren diktaduraren garaian, 1968tik 1976ra bitartean, Zamorako espetxean kartzelatutako apaizen istorioa kontatzen du, gehien-gehienak Euskal Herrikoak zirelarik, eta gaur 23:20ean estreinatuko du TV3k, ‘Sense ficció’ saioaren barruan.
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, «ez da normala honelako euskal produkzio bat Kataluniako telebista publikoak estreinatzea, eta ez ETBk, are gutxiago ETBk emititzeko eskubideak dituela kontuan hartuta». Arzuagak horren zergatia eta dokumental horrekiko asmoak argitzeko eskatu dio Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiari.
Izan ere «ez da lehen aldia memoria historikoarekin lotutako lan bat TV3n ETBn baino lehenago ematen dutena, hala gertatu baitzen ‘Non dago Mikel?’ dokumentalarekin», besteak beste. Kasu hartan, izugarrizko zenbakiekin gainera. Emanaldiak 739.000 laguneko audientzia izan zuen gehienez, eta %16,1eko audientzia zatiarekin, Kataluniako telebistan eguneko emanaldirik ez-informatibo ikusiena bihurtuz.
«Orduan horrelako lanek polarizazio politikoa eragiten dutela argudiatu zuen Aldekoak, eta orain ere azaldu behar du ea uste duen ‘Apaiz kartzela’ dokumentalak ere polarizazio politikoa eragiten duela, ea hori Gogora institutuarekin batera neurtzen duen eta ea, azken batean, hori izan den arrazoia dokumental hori estreinatzeari uko egiteko», adierazi du Arzuagak.