INFO

‘Danbor bat, euro bat, otordu bat’ kanpaina abiatu du Zaporeak-ek errefuxiatuen alde

Donostiako danborradan parte hartzen dutenei zuzendu die kanpaina berriak Zaporeak proiektuak. Euro baten truke pin bana eman nahi die 20.000 danbor joleri, beste hainbeste euro lortzeko. Horrela, Grezian errefuxiatuentzat otorduak prestatzen jarraitzeko dirua izango luke.

Grezian dauden errefuxiatuei laguntzen jarraitzeko Zaporeak programak salduko dituen pinak. (@ProyectoSabores)

Urtea hastearekin batera, Zaporeak elkarteak 3.000 anoa prestatzen jarraitzen du egunero, Lesboseko (Grezia) errefuxiatuen kanpalekuan bizi diren asilo eskatzaileentzat. Eta horri eutsi ahal izateko, aktibo jarraitzen dute finantzaketa bilaketetan, ekitaldietan eta gizartearen inplikazioa bultzatu nahian. Horregatik, Donostian San Sebastian eguneko danborrada ospatzear dela ‘Danbor bat, euro bat, otordu bat’ kanpaina antolatu dute Union Artesanarekin batera.

«2016an antolatu genuen lehen aldiz ‘Danbor 1 = 1€’ ekimena Grezian gatibu dauden pertsona errefuxiatuei laguntzeko. Union Artesanak, Donostiako elkarte esanguratsu eta Danborradako protagonistetako batek, Zaporeak proiektuarekin bat egin eta Donostiako elkarte guztiei zabaldu genien deia. Ekimena arrakastatsua izan zen eta aurtengoan berriro ere antolatu dugu. Parte hartu nahi duen danborrada bateko kide bakoitzak euro bat eman ahal izango du Zaporeak txapa baten truke, eta horrela danbor bakoitzak elkartasun oihua izango du, Lesbosen danbor solidario horiek entzungo dituzte eta Donostiako herriak ez dituela ahaztu jakingo dute», azaldu dute.

Zaporeak Proiektuak 2016tik darama Grezian dauden pertsona errefuxiatuentzako otordu duinak prestatu eta banatzen. Donostiako Intxaurrondo auzoan sortu zen proiektua eta egun Euskal Herri mailako proiektua da. Sei hilabeterako proiektua izan behar zuenak zortzi urteren ostean martxan dihardu. Chiosen hasi eta, Atenas eta Patrasetik igaro ostean, egun Lesbosen dute euren sukaldea kokatua.

3.000 otordu egunero

Gaur egun, inoizko otordu kopuru handiena kozinatzen dihardute, egunean 3.000 otordu banatzen dituzte pertsona errefuxiatuen artean. Horrek proiektuaren aurrekontua asko handitu du, otordu horiek prestatzeak egunean 3.000 euroko kostua du, otorduak soilik kontuan hartuta, gainontzeko gastuak gehituta, proiektuak urtean milloi baino gehiagko aurrekontua du. Elkartasun ekimena da, irabazi asmorik gabekoa, eta horri aurre egiteko ezinbestekoa dute erakunde, enpresa eta norbanakoen laguntza. Horien babesari esker lortu dute zortzi urtean bizirik irautea, bertatik nabarmendu dutenez.

Bide horretan, 2016an antolatutako lehen ekimen arrakastatsua berreskuratzea erabaki du Union Artesanarekin elkarlanean. ‘Danbor 1 = 1€’ ekimena Donostiako danborrada guztiei zabaltzen zaie, danborrada bakoitzeko kide bakoitzak euro bateko ekarpena egin dezan. Deialdia urtarrilaren 20an Donostiako kaleetan arituko diren 20.000 pertsonei luzatu diete eta helburua 20.000 euro biltzea da, «20.000 otordu banatzen lagunduko duen diru kopurua».