INFO

Pello Otxandiano, EH Bilduko lehendakarigai izateko hautagai bakarra

EH Bilduk jakinarazi duenez, Pello Otxandiano Kanpo da EAEko lehendakarigai izateko hautagai bakarra eta aste honetan egingo da bera karguan berresteko bozketa.

Pello Otxandiano abenduan EH Bilduk Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Lehendakarigaiak aurkezteko epea amaituta, hautagaitza bakarra jaso da: Pello Otxandiano Kanpo». Honela jakinarazi du EH Bilduk astearte honen arratsaldean.

Hauteskunde kanpainako batzordearen bozeramaile izendatua izan den Oihana Etxebarrietak ere zabaldu du albistea.

 

Orain bozketari emango zaio bide, Otxandiano ardura honetan berresteko. Bozketa urtarrilaren 11tik 13ra izango da (ostegunetik larunbatera bitarte) eta emaitzak Batzar Nagusian iragarriko ditu indar politiko honek. Bilbon ospatuko da hau, larunbat goizean.

Pasa den abenduaren 11an egin zuen bere aldeko apustua EH Bilduko Mahai Politikoak, aho batez. Pello Otxandianok 40 urte ditu, Otxandiokoa da eta Programa arduraduna izan da azken bolada honetan, etorkizuneko euskal erronkak aztertzen eta beraiei aurre egiteko EH Bilduren planteamenduak diseinatuz.

Euskalduna Jauregian hartu zuen hitza egun batzuk beranduago, utopiaren beharra nabarmenduz (Telesforo Monzonen hitz aski ezagunak bereak eginez) eta aldaketarako dauden aukerez ohartaraziz.