INFO

Indarkeria matxistaren biktimentzako informazio erabilgarria bilduko du EKIM webgune berriak

EKIM webguneak eduki eskuragarria eta erraza eskaintzeko helburua du. Era berean, kontsultak egiteko eta laguntza eskatzeko aukera ematen du, egoera zehatzetatik abiatuta edo biktimei dagozkien eskubideetatik abiatuta.

EKIM webgune berria aurkeztu dute Lakuak eta Emakundek. (IREKIA)

Aurrerantzean emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimentzako informazio erabilgarri guztia zentralizatuko duen EKIM (Emnakumeen Kontrako Indarkeria Matxista) webgune berria aurkeztu dute Emakundek eta Lakuak. Tresna berriak biktimen eskura dauden euskal erakunde publikoen prestazio eta zerbitzuen eskaintza bilduko du.

Nerea Melgosa Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak aurkeztu dute asteazken honetan. Tresnaren helburu nagusia EAEko erakunde publiko guztien prestazio eta zerbitzuen eskaintza biltzea da, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimen eskura jartzeko, webgune espezializatu bakar batean.

Melgosak azaldu duenez, «webgune espezializatu baten bidez, biktimei eta profesionalei hurbildu nahi zaie euskal erakunde publiko guztien artean indarkeria matxistaren biktimen eskura jartzen duten prestazioen eta zerbitzuen eskaintza osoa». «Biktimak erabakien erdigunean jartzeko saiakera» dela azpimarratu du.

Gogorarazi duenez, «Euskadin indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko sistema publikoa hainbat erakunderen zerbitzuek eta prestazioek osatzen dute, eta zerbitzuetara sartzeko ateak, beraz, anitzak dira, eta horrek abantaila dakar arreta pertsonalizatzeko, baina, aldi berean, koordinazioari arreta berezia ematea ere eskatzen du, arreta integrala izateko eta birbiktimizaziorik ez gertatzeko».

Kontsultak eta laguntza

EKIM webguneak eduki eskuragarria eta erraza eskaintzeko helburua du. Era berean, kontsultak egiteko eta laguntza eskatzeko aukera ematen du, egoera zehatzetatik abiatuta edo biktimei dagozkien eskubideetatik abiatuta.

Ildo horretan, Elgarrestak azaldu duenez, «ikuspegi orokorra eskaintzen du, zerbitzu horiek nork eskaintzen dituen alde batera utzita, laguntza bilatzen duenak ez baitu zertan jakin administrazioen arteko eskumen banaketa».

Emakundeko zuzendariak adierazi du baliabideei buruzko informaziora iristeko modu desberdinak eskaintzen dituen ataria izatea bilatu dela. Horrela, kontsultak hainbat egoera zehatzetatik abiatuta egin daitezke, esaterako, 'nire inguruko norbait biktima dela susmatzen dut', 'biktima naizela uste dut, baina ez nago ziur', 'emakumeen aurkako indarkeria matxistaren kasu bat ikusi dut', 'indarkeria matxista jasan dut eta ez dut egoitza baimenik', 'babes agindu bat lortu nahi nuke' eta abar.

Halaber, biktimei dagozkien eskubideetatik abiatuta kontsultak egin daitezke: 'zer laguntza ekonomiko jasotzeko eskubidea dut' edota 'nola egiazta dezaket indarkeria matxistaren biktima naizela'. Berehalako laguntza behar duten kasuetarako ere atal bat dago, eta biktimari bere kasua salatzeko orduan laguntzeko informazio guztia ematen duen beste bat.

Informazioa

Atariaren beste helburuetako bat da askotariko indarkeria matxistako egoerak identifikatzeko edo antzemateko informazio baliagarria eskaintzea. Horrela, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren definizioa eskaintzen da, eta indarkeria fisikoaren, psikologikoaren, ekonomikoaren, sexualaren, bikotearen eremuko indarkeriaren eta adierazpen desberdinen adibide zehatzak jaso: familia barruko indarkeria, lan eremuko indarkeria, indarkeria bikarioa, indarkeria instituzionala edota indarkeria digitala.

Gainera, maiz egiten diren galderen atal bat ere badago, indarkeria matxistaren esparruan asko erabiltzen diren kontzeptuetako asko biltzen dituena: «Zer da birbiktimizazioa», «zer da sumisio kimikoagatiko indarkeria» edota «zer da indarkeriaren espirala».

Azkenik, web atariak emakumeen aurkako indarkeria matxistarekin lotutako informazioa aurkitzea ere errazten du, hala nola araudia, estatistika datuak, protokoloak, gidak, elkarteak eta abar. Informazio hori beste webgune interesgarri batzuetan jasota dago, eta haietarako sarbidea errazten du.

Hurrengo fasea

EKIM abian jarri ondoren, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eta Emakundek ekimenean aurrera egingo dutela jakinarazi dute. Horrela, proiektuaren behin betiko faseari ekingo diote, webgunea elkarreragingarritasun plataforma bihurtzeko, informazioa bateratu eta espediente elektroniko bakarra sortzeko emakume biktima bakoitzarentzat.

Plataforma horri esker, biktima bera artatzen duten zerbitzuek kasuari buruzko informazioa datu base bakar batean irauli ahal izango dute. Horrek, aldi berean, beren espedientearekin lotutako dokumentazio guztia emakumeen eskura jartzeko aukera emango luke, eta zerbitzuei aukera emango lieke baliagarri izan dakizkiekeen kasuekin lotutako beste datu batzuk kontsultatzeko.