‘Harro herri’, herriz herri: iragarri dute Korrikaren 23. edizioaren ibilbidea
Korrika zaleek eta euskaltzaleek prestatu ditzakete dagoeneko haien agendak. AEK-k iragarri du ekimenaren 23. edizioaren ibilbidea, Euskal Herria iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera gurutzatuko duena. Kilometroak erreserbatzeko aukera, berriz, otsailaren 1ean zabalduko da.
Martxoaren 14an abiatuko da Korrika Irundik, jakina zen moduan. Gaur, baina, ibilbidea bere osotasunean aurkeztu dute antolatzaileek, euskaltzale eta korrika zaleek agendak hartu eta 23. edizio honetarako presta daitezen. Kilometroak erreserbatzeko aukera, berriz, otsailaren 1ean zabalduko da.
Euskal Herriko iparraldea eta ekialdea izango dira Korrikaren hasieraren protagonista. Esan bezala, martxoaren 14an, osteguna, abiatuko da ekimena, Irungo San Juan plazatik, 16:00etan, eta hurrengo orduetan Hondarribia, Irun, Hendaia, Donibane Lohizune eta Kanbo bisitatuko ditu, besteak beste.
Maulera martxoaren 15eko (ostirala) goizaldean iritsiko da eta Donibane Garazira 11:00ak aldera. Izpegiko lepotik Nafarroa Garaira egingo du salto Korrikak, Baztan eta Zubiritik Pirinio inguruetara aurrera egiteko.
Iruñea, lehen larunbatean; Gasteiz, astelehenean
Nafarroa ekialdetik egingo du behera Korrikak martxoaren 16an, lehen eguzki izpiekin Zangoza inguruan euskararen aldeko aldarria zabalduz eta arratsaldean Iruñera iritsiz (17:00ak inguru). Nafar hiriburu eta aldirietan hainbat buelta egin ondoren hegoalderantz egingo du Korrikak, lekukoa buru.
Igandean, martxoak 17, Tafalla izango du puntu beroetako bat, 02:00etan, eta Tuterara eguerdian iritsiko da. Erriberan euskara protagonista izango da igande guztian zehar eta asteleheneko lehen orduetan Lizarran sartuko da euskal hizkuntzaren aldeko lasterketa.
Egun horretan bertan Nafarroa atzean utzi eta Araban sartuko da Korrika. Guardia, Trebiñu, Langraiz eta Murgia pasa ostean, 19:30ean iritsiko da Gasteizera, goizaldean Lautadatik berriz ere Nafarroa aldera egiteko.
Dulantzi, Agurain eta Araia, besteak beste, zapaldu eta gero, Ziordiatik (04:30) sartuko da Korrika Nafarroan. Sakana gurutzatuta, Ultzama, Larraun eta Leitzaranetik ere igaroko da asteartean, eguna Gipuzkoan amaitzeko Hernani, Lasarte-Oria eta Usurbil korrika jarriz.
Martxoaren 20an, asteazkena, itsasoa ikusiko du berriro Korrikak, Orio, Zarautz eta Zumaiako parajeetatik, barnealdera itzuli baino lehen (Azkoitia, Bergara, Eibar). Arratsaldean, Bizkaian sartuko da Korrika, berriz ere kostaldetik, ‘Harro herri’ leloa Ondarroan eta Lekeitiotik paseatu ostean, eguna Gernikan amaitzeko.
Bilbo, martxoaren 21ean; Donostia, 23an
Ostegunean, hilak 21, Bermeo izanen da lehen plazetako bat eta eguerdian Galdakaon izango da euskararen aldeko ekimena. Bilbo 17:00ak aldera zapalduko du eta hiriko auzoetan gora eta behera egin ostean Barakaldotik egingo du aurrera Korrikak, eguna Ezkerraldean ixteko.
Araba iparraldea eta Bizkaia izango dira martxoaren 22ko protagonistak. Aiaran 08:00ak baino zerbait lehenago egonen dira korrikalariak, Laudion 11:30en inguruan eta Zornotzan 17:30ak pasatxo, eguna Durangon amaitu baino lehen.
Gipuzkoara itzuliko da Korrika martxoaren 23ko lehen orduetan. Arrasaten goizaldean izanen da eta Zumarragan ere oraindik argitu gabe ariko dira euskaltzaleak. Herrialdea mendebaldetik ekialdera gurutzatuta, Donostian 19:30ak baino lehen espero da.
Martxoaren 24an bukatuko da Korrika baina egun horretan Gipuzkoa, Nafarroa Garaia eta Lapurdi zapalduko ditu. Oiartzundik Lesakara eta Beratik Sarara igaroko da, oraindik ilun denean. Biarritz eta Angelu gurutzatu ostean, Baionara iritsiko da Korrika, 23. edizio honen azken pausoak emateko.
Esteka honetan bilatu daiteke herri bakoitzetik zehazki noiz pasako den.
Aplikazioa
Aurtengo nobedadeen artean, antolatzaileek adierazi dutenez, Korrika aplikazioa da aipagarriena. «Aurreko ediziotik hona, guztiz itxuraldatuta dator: hainbat atal berri ditu; adibidez, Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dakar, eta aplikazioaren baitan eramateko aukera eskaintzen du, mugikorrean bertan,. Horrez gain, astero Korrika Laguntzaileen artean egiten diren zozketak (eta, noski, irabazleak) erakusten dira bertan».
Ibilbideari lotuta, aplikazioak beste inon baino lehenago ikusteko aukera eskaini du gaur goizean, eta Korrika zuzenean jarraitzeko aukera ere emango du, furgonetaren geolokalizazioaren bidez.