Uztailaren 6tik aurrera baliatzen duen lur saila uzteko agindua jaso du Beskoitzeko ikastolak
Beskoitzeko Herriko Etxeak abian eman du ikastola kanporatzeko prozedura Pirinio Atlantikoen prefetari eta Seaskako arduraduneri jakinarazitako agiriaren bidez. Heldu den uztailaren 6tik aurrera duela hamar urtetik baliatzen duen lur sailetik ateratzeko eskaera luzatu dio ikastolari.
Beskoitzeko Herriko Etxeak data zehatza jarri dio ikastolaren kanporaketa prozedurari.
Pirinio Atlantikoen prefetari, Seaskako ordezkariei eta baita ikastolako arduradunei beraiei ere igorritako agiri baten bidez abian eman du, horrela, 2014. urteaz geroztik baliatzen duen lur sailetik ikastola kanporatzeko prozedura.
Zehazki alokairu akordioaren amaiera jakinarazi du tokiko erakundeak.
Urrats hori emanez, finean, ikastola kanporatzeko lege prozedura abian eman du Fabienne Ayensa buru duen erakundeak.
Ikastola eta Herriko Etxearen arteko ezadostasunak gainditzeko urratsa egin ordez, legearen baliabidea baliatu du auzapezak irtenbidea oraindik ere zailago bilakatuz.
Agiri hori igortzerakoan, erakundeak aurrera jarraitzen du joan zen abenduaren 18an herriko kontseiluak bozkatu zuen erabakiarekin.
Egun horretan, tentsioz beteriko bilera batean, Udalak ikastolarekin duen alokairu kontratua bertan behera uzteko deliberoa bozkatu zuen herri kontseiluak.
Fabienne Ayensa auzapezak berak eta bertze 13 hautetsik babestu zuten ikastolarekin adostutako kontratua heldu den uztailetik landa bertan behera uzteko erabakia.
Ikastola izanen da Beskoitzen
Baina izan, ikastola izanen da Beskoitzen. Izan ere, gurasoek argiki adierazi zuten ez zutela amore emango eta bermatuko zutela, Seaskaren laguntzaz, 2024ko kurtso hasieran ikastola bat irekia izatea Beskoitzen.
Auzapezak bultzaturiko deliberoaren kontra azaldu ziren lau hautetsi ere.
Are, herriko kontseiluaren bileran, Ayensa auzapezari «herritarrei emandako hitzari uko egin izana» egotzi ondoren, bere dimisioa eman zuen Marie-Jose Jocou zinegotziak.
Erabakiak zeharo ozpindu zuen giroa, eta auzapezaren asmoak salatzeko, abenduaren 26an, protesta irudimentsua egin zuten Beskoitzeko ikastolako gurasoek.
Hala, Olentzeroren laguntzarekin ikatza utzi zieten Beskoitzeko udal gobernua osatzen duten hautetsiei. Auzapezek eramaten duten xingola jantzia zuen Astaña -kartoizko astoa- herriko karriken gaindi ibili ondoren, Herriko Etxearen atarian amaitu zen segizioa. Haren gibelean 13 ardi irudikatu zituzten ikastolako lagunek.