Alavesek inolako erantzukizunik gabe jokatuko duela San Mamesen dio Luis Garcia Plazak
Gasteiztarren entrenatzaileak argi utzi du kanporaketa lehiatzera aterako direla, baina minutu gutxien jokatzen ari diren futbolariak erabiliko dituela ziurtatu du. Liga garrantzitsuagoa dela azpimarratu du eta ostiralean Cadizen kontra jokatzen dutela ekarri du gogora.
Alavesek Ligako lehen garaipena lortu zuen joan den ostiralean Sevillan (2-3). 0 eta 2 irabazten hasi ostean, andaluziarrek berdindu egin zuten, baina azken minutuetan Duartek garaipenaren gola egin zuen geldikako jokaldi batean. Jaitsierako postuetatik bost puntutara aldendu da talde gasteiztarra eta ostiralean Cadiz hartuko dute Mendizorrotzan.
Partida oso garrantzitsua da aurkari zuzen baten aurka, eta Luis Garcia Plazak oso argi dauka taldearen helburua Lehen Mailan mantentzea dela. Horregatik, minutu gutxien jokatzen ari diren futbolariak erabiliko dituela Kopan ziurtatu du.
Azaldu duenez, Sivera izango da atezaina Owono Afrikako Kopan baitago, eta kontuz ibili behar dute bigarren taldeko jokalariak erabiltzearekin. Granada, esaterako, kaleratua izan zen arrazoi horrengatik lehen kanporaketan. Defentsan arazoak dituztela esan du ere. Abqar Marokorekin dago Afrikako Kopan eta Sedlar lesionaturik. Tenagliak jokatu behar izan du defentsaren erdian azken partidetan. Alex Sola ere eskuin lateral gisa aritu daitekeela aurreratu du.
Luis Garcia Plazaren hitzetan, Alavesek «inolako erantzukizunik gabe» jokatu du San Mamesen. Kopa jokalariek gozatzeko eta zaleek ilusioa izateko txapelketa bat dela gaineratu du.
Athletic bolada bikainean dagoela nabarmendu du gasteiztarren entrenatzaileak, Valverderen lana goraipatuz. Mendizorrotzan irailean jokatutako Ligako partidan erraz gailendu zirela zuri-gorriak ekarri du gogora, eta orain hobeago jokatzen ari direla esan du. Hala ere, gogor lehiatu eta aurrera egiteko gogotsu zelairatuko direla adierazi du.
Convocatoria
— Deportivo Alavés (@Alaves) January 15, 2024
La lista para los octavos de final de #CopaDelRey en San Mamés#LaCopaMola | #GoazenGlorioso ⚪️ pic.twitter.com/0eqFBYNShM
Bestalde, Alavesek ezagutzera eman du Polizia espainiarrak Sanchez Pizjuan estadiotik kaleratu zituen zaleei babesa eman eta beren eskubideak defendatzen laguntzeko prest dagoela.