Ikastoletako langileek 2027an langile publikoen soldata bera izatea adostu du LABek
Ikastoletan lan hitzarmen berria erdiesteko aurreakordioa sinatu du LABek Ikastolen Elkartearekin eta Eusko Ikastolen Batzarekin. 2027an ikastoletako langile guztiek langile publikoen soldata bera izango dutela jasotzen du akordioak.
LABek aurreakordioa sinatu du Ikastolen Elkartearekin (EHI) eta Eusko Ikastolen Batzarekin (EIB) lan hitzarmena berritzeko. Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, erosahalmena bermatzen duen proposamena, enplegua mantentzeko edukiak, lan zamei loturiko neurriak eta lizentzia eta baimen gehigarriak jasotzen ditu akordioak.
Gogoratu duenez, joan zen ekainaren 1ean Lakuako Hezkuntza Sailarekin sinatutako akordioak itundutako ikastetxeetako langile guztien ekiparazioa eta lan baldintzen homologazioa gauzatzeko neurriak adostea jasotzen zuen; horren ildotik, orain EHI eta EIBrekin sinatutako aurreakordioan ikastoletako kategoria guztietako langileek 2027an langile publikoen soldata bera izatea adostu du LABek.
Horrekin batera, 2024an langile guztiek %15,3ko soldata igoera bat jasoko dutela nabarmendu du. «Ekiparazioa langileen garaipen handia da eta urteroko igoerak gehituz 2027rako %18-20ko soldata igoerak ekarriko ditu langile kategoria guztietan», azaldu du.
Lan hitzarmenaren indarraldia 2022-2024 bitartekoa izango da, lansarien atalean ekiparazioa 2027 urte arte jasoz. Halaber, 2024ko urtarriletik aurrera 0-2 urteko hezitzaileen soldata 2 urteko hezitzaileen soldatekin parekatzea jasotzen du aurreakordioak.
Bestetik, jaiotze tasaren jaitsieraren aurrean enplegua mantentzeko prozedura ere aurreikusten da. Hala, akordioaren ondorioz, «ondorengo hilabeteetan negoziatu eta adostuko dira euskara eta hizkuntza gaitasuna indartzeko, behar bereziak dituzten ikasleei arreta hobetzeko, hezkuntza berrikuntzan sakontzeko, kudeaketa hobetzeko eta langileen lan zaman arintzeko figura berriak». 60 urtetik gorako langileen «gazte berritze planak gauzatzeko neurri zehatzak» ere aztertuko dituzte, LABen arabera.
Azkenik, lan zamak arintzeko neurriak adostu dira Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat zein hezkuntza laguntza espezialistentzat, eta zerbitzuetako zein jarduera osagarrietako langileentzat norberarentzat egun gehigarriak jaso dira, sindikatuaren oharrean azaltzen denez.
ELA: «Gaitzesgarria da LABen jarrera»
ELA sindikatuak, aldiz, «ulergaitzat» jo du «akordioa erdiestea soldataz besteko edukietan inolako zehaztapenik eta bermerik lortu gabe». Era berean, ELAk azpimarra jarri nahi izan du aurreakordioaren epe eta prozeduran. «Ikastoletako negoziazio mahaia aurreratu egin zuten: berez, urtarrilaren 24an egitekoa zen, baina atzora aurreratu zuten, ez kasualitatez Gizarte Ekimeneko grebaren bezperara».
«Gehiengoa duen sektore bateko aurreakordioak LAB marjinala den beste sektore bateko negoziazioak baldintzatzeko baliagarri zaio Eusko Jaurlaritzari zein sektore horretako patronalei», gehitu du ELAk.
Hori dela-eta, ELArentzat «gaitzesgarria da LABen jarrera, Gizarte Ekimeneko langileen borroka baliatu duelako Ikastoletako aurrekordiorako, eta patronalen eta Jaurlaritzaren interesen menpe jarri duelako negoziazioa».