INFO

Migrazio legea bertan behera uztea galdetuko dute igandean Baionan antolaturiko protestan

Hogei bat eragilek babestuta, igandean, 11.00etan, elkarretaratzea eginen dute Baionan, Suprefeturaren aitzinean, Emmanuel Macron frantses presidenteari Asanblea Nazionalak onarturiko migrazio legea ez aldarrikatzea galdetzeko.

Hogei bat eragilek babesten dute migrazio legearen aurkako mobilizazio berria. (@MediabaskInfo)

Alderdi politikoak, sindikatuak, elkarteak. Orotara hogei bat eragilek bat egin dute frantziar Asanblea Nazionalak onarturiko migrazio legea berria ez aldarrikatzea galdetzeko.

Behin Parlamentuak egitasmoari bere onespena emanda, Kontseilu Konstituzionalak testuaren gainean aurkezturiko helegiteei emanen dien erantzunaren zain dago Eliseoa.

Edonola ere, Emmanuel Macronek bere azken hitza du, berari dagokiolako legea aldarrikatzea.

Horrendako, heldu den urtarrilaren 21ean, igandearekin, mobilizazio berria deitu dute Ipar Euskal Herrian, hain zuen, «paperik gabeko» herritarren eskubideak murrizten dituen legea ez aldarrikatzea eta, ondorioz, egitasmoa bertan behera uztea galdetzeko.

Gaur Baionan eginiko agerraldian hitzordua eman dute, igandean, 11.00etan, Baionako Suprefeturaren aurrean elkartzeko.

Hendaian eginiko mobilizazioa

Dagoeneko asilo eta migrazio legea alboratzeko galdera entzunarazi zuten herritarrek joan zen igandean Hendaian dagoen Migranteak Atxikitzeko Zentroaren aurrean.

Xenofoboa eta arrazista izateaz gain migrazio lege berria azken 40 urteetako atzerakoiena dela salatu zuten mobilizaziora bertaratu ziren 200 lagunek.

Hendaian eginiko protestaren sustatzaileek nabarmendu zutenez «askatasun publikoak eta berdintasun printzipioa» urratzen ditu lege berriak eta, horren ondorioz, etorkinen egoera oraindik ere zaurgarriagoa bilakatu dezake.

Era berean, «paperik gabekoen erregularizazioa»ren alde borrokatzen jarraitzeko deia luzatu zuten protesta horretan eta mezu horrekin bat egin dute gaurko agerraldian parte hartu duten oredezkariek, era berean etorkineen harreraren aldeko mezua zabaldu dute.

«Lege hori kentzea fermuki eskatzeko» mobilizatzeko premia nabarmendu dute.

Alta, Gabriel Attal gobernuburu berria izendatu eta astebetera, atzo gauean, telebistan eginiko agerraldian frantses presidenteak, Emmanuel Macronek, eskuina eta eskuin muturraren sostenguz onarturiko legeak aurreikusten dituen neurrien defentsa egin zuen.

Iazko abenduaren 19an Legebiltzarrak egitasmoa ontzat eman ondoren, Senatu eta Asanblea Nazionaleko presidentez gain 120 parlamentarik babesturiko helegiteari erantzuna eman behar dio Kontseilu Konstituzionalak.

Azken albisteen arabera, goi erakunde horrek heldu den urtarrilaren 25ean jakinarazi behar luke asilo eta immigrazio legeari buruzko erabakia.