INFO

Osakidetzak euskararen ezagutzarik ez duten pertsonak kontratatzen dituela salatu du Behatokiak

Pasa den urtean jada Osakidetzan gertatutako hainbat hizkuntza eskubideen urraketa jaso zituen Behatokiak. Asteazken honetan, aldiz, Osakidetzak euskaraz ez dakiten pertsonak kontratratzen jarraitzen duela salatu du Behatokiak, eta horrek eragin ditzakeen ondorioak kontutan hartzeko dei egin du.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, urtero aurkezten du hizkuntza urraketen txostena. (Aritz Loiola | FOKU)

Hizkuntz Eskubideen Behatokia kritiko agertu da Osakidetzak duela bi aste jakitera eman zuen berriarekin hainbat lan-poltsetan euskararen ezagutzarik izan beharko ez duten Europako Batasunetik kanpoko pertsonak kontratatuko dituela esan zuen. Behatokiak, ohar baten bidez «herritarren oinarrizko eskubide eta osasun sistemaren kalitatean izan ditzakeen kalteez» ohartarazi du.

Behatokiak kezka azaldu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek edozein osasun eremutan edo herritan zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea duten arren, bi hizkuntza ofizialen ezagutzarik ez duten profesionalak kontratatzen jarraitzen delako, «egun ematen diren hizkuntza-eskubideen urraketak zein horiei lotutako ondorioak ugaritu daitezke».

Gogoratu du pasa den urtean ere hainbat izan zirela Behatokira jo zuten herritarrak Osakidetzarekiko kexa jartzeko: «Batik bat, euskarazko harremana nahi dutela ezarrita izan arren zerbitzuak ez zaizkiela euskaraz eskaini aipatzen zuten kasuak errepikatu ziren, horietako batzuk pertsona zaurgarriekin edo behar bereziak dituztenekin lotutakoak. Ondorioz, osasun sistemak osotasunean bi hizkuntza ofizialetan funtzionatzeko gai ez izateak lehen mailako zerbitzuetan dituen ondorioez ohartarazi du Behatokiak».

Osakidetzako arduradunei Behatokiak eskatu die osasungintza langileek euskaraz lan egiteko eta herritar euskaldunak beren hizkuntzan artatuak izateko eskubidea bermatzeko neurriak har ditzatekea, «besteak beste osasun etxe eta ospitaleetako harrera protokolo zein kode etikoetan». Erakunde publikoei osasungintzan herritarren hizkuntza-eskubideek duten garrantzia eta profesionalen betebeharretan kontzientziazio lana egitea eskatu die.

Konpromisoa eta egiturazko neurriak

Beraien aldetik, Osakidetzako arduradunek egoiliar zein langileen harrera eskuliburuetan eta kode etikoan ondorengo puntuak txertatzea aztertzeko konpromisoa hartu dutela jakinarazi du Behatokiak: profesionalei euskaraz lan egiteko eskubidea aitortzea, eta euskaraz lan egiten diten profesionalekiko errespetua hobe bermatzea.

Behatokiak gogorarazi du paziente euskaldunei euskarazko zerbitzua eskaintzea «osasunaren zaintzari dagokion berezko ezaugarria beharko lukeela zerbitzuaren kalitatea eta herritarren arteko berdintasuna bermatzeko».

Bestalde, Osakidetzako langile guztiei dei egin die eskura dituzten medioak erabiliz eusakra ikasi edo beraien egunerokotasuna eusaraz garatzen saiatu daitezen. Halaber, Osasun Sailari eskatu dio eskubide hori bermatzeko neurriak hartu eta erraztasun eta baliabideak handitu ditzala.