INFO

PSEk eta EH Bilduk aurrekontu akordioa sinatu dute Iruña Okan

PSEk eta EH Bilduk akordioa sinatu dute Iruña Okan aurrekontuak onartzeko. Oionen, berriz, Udalbatzak subiranistek proposatutako aurrekontuak onartu ditu, PSEren ordezkariari esker.

Langritzeko argazkia, Iruña Oka udalerriko herri handiena da. (DFA)

Hirugarren urtez jarraian, Iruña Okako Udaleko PSE eta EH Bilduren udal taldeek aurrekontu akordioa sinatu dute aurrekontuak onartzeko.

Davide di Paola Iruña Okako EH Bilduko bozeramailea pozik agertu da lortutako akordioarekin: «Azken hiru urteetan, EH Bilduk urratsak eman ditu Iruña Okaren eta bertako biztanleen bizi-baldintzak hobetzeko. Hori izan da beti gure helburua, eta horretan jarraituko dugu».

EH Bilduk ohar batean azaldu duenez, zortzi puntuko akordioa sinatu dute, eta «garrantzi berezia du udalerrian zerbitzu soziosanitarioak zentralizatzeko lurzatiak erosteko azterlanak». «Lursail horiek osasun zentro berri baterako eta egoitza publiko baterako erabiliko lirateke, 130.000 euroko balioa duen partida batekin», nabarmendu du.

Gainera, akordioak 40.000 euroko partida bat jasotzen du zentro soziokulturalean plaka fotovoltaikoak instalatzeko eta 25.000 euroko beste bat ‘Azoka zelaitik plazara’ hurbileko merkatuarekin jarraitzeko. EH Bilduk sustatutako ekimena izan da, 2023an hasi zena, eta arrakasta handia izan duena.

Partida horiez gain, hitzarmenak aurreikusten du euskarazko jardueretara bideratutako kantitatea 20.000 eurora arte handitzea, edo podologia zerbitzu baterako 15.000 euroko diru-laguntza ematea.

EH Bilduk eta PSEk sinatutako akordioan jasotzen dira, halaber, udalerrian etxebizitza azterlan bat (6.000 euro) edo zarata ordenantza bat (7.900 euro) egiteko partidak.

Oiongo aurrekontuak

Bestetik, Oiongo Udalbatzak onartu egin ditu EH Blduk proposatutako aurrekontuak, PSEko ordezkariari esker.

Udal Gobernuak ohar batean azaldu duenez, guztira, Oionek 4,3 milioi euro izango ditu, iaz baino %10 gehiago. Inbertsioen artean nabarmentzekoak dira igerilekuak hobetzeko erabiliko diren 316.000 euroak, udalerriko irisgarritasuna hobetzeko erabiliko diren 30.000 euroak edo LED argiteria instalazioan inbertituko diren 22.500 euroak.