Larrutik jaio da, jendartea ekonomia feministaren hariz josi nahi duen sarea
Gaur goizean aurkeztu dute Hernanin Larrutik, Interkooperazio feministarako sarea. Ekonomia Sozial Eraldatzaile Feministaren markoan aritzen diren alor desberdinetako kooperatibek eta elkarteek osatzen dute.
Larrutik jaio da, interkooperazio feministarako sarea. Oraingoz, honako eragileek osatzen dute; Ara! Gorputz, Artaziakoop, Eihera, Emagin, Farapi, Harago, Irule, Juntura eta Parean, guztiak ere Ekonomia Sozial Eraldatzaile Feministaren markoan ari direnak, nor bere alorretik. Gorputzak erdigunean jartzen dituen kultura ziklikoa, hezkidetza, zerbitzu juridikoak, memoria historikoa, arkitektura, migrazioa, hezkuntza artistikoa, kultur bitartekaritza edota erantzukidetasun soziala, besteren artean. Sarea osatzen duten kooperatiba eta elkarteak askotariko alorretan aritzen dira lanean eta guztiek darabilte jendartea eraldatu nahi duen ekonomia feministaren haria.
Larrutik sarearen aurkezpenean azaldu dutenez, «askotariko eraldaketa feministak sustatu nahi ditugu: ez dugu lanerako bizi nahi, lan baldintzak ikuspegi feministetatik definitu nahi ditugu, merkatuan oinarri feministak ezarri eta berriak sortu nahi ditugu, interkooperazio feministan oinarrituko diren harremanak bultzatu nahi ditugu, eraldaketarako lan egin nahi dugu eta ez sistema kapitalista heteropatriarkala birsortzeko». Bizitzako eremu desberdinetan eragin nahi dutela nabarmendu dute, «bai gure barne dinamiketan eta baita parte hartzen dugun espazio sozioekonomikoetan ere».
Oinarriak eta proposamenak
Larrutik Interkooperazio Feministarako Sareak ekonomian ikuspegi feministatik jarduteko proposamena egiten du. Horrez gain, «bizitza, zaintza eta gorputzak» erdigunean jartzea garrantzitsu jotzen du. Saretzea, «lehiatik atera eta elkarlanean aritzea» da beste oinarrietako bat. Ezagutzak partekatzea, elkarrekin hausnartzea eta probatzen jarraitzea ere jasotzen du oinarrietan. Hala nola, «euskaratik lan egitea», «merkatuaren hazkunde etengabearen aurrean txikitasunetik abiatzea» eta «lan baldintzak eta, ondorioz, bizitzak hobetzearen alde borrokatzea». Erronka horiek gidatuko dute sortu berri den sarearen jarduna.
Izenari dagokionez, Larrutik da sarea «lanak laztutako azaletatik hitz egiten dugulako; pilatutako orduek larrua ondu digutelako; bizitakoen orbainek indarra ematen digutelako; sarri larrua jokatu dugulako gure bizi proiektuekin; larrugorritan utzi nahi gaituen sistema kapitalistaren aurrean gure larruazalak ateratzen ditugu aurrera, nazkatuta gaudelako gure pauso bakoitza larrutik ordainduko dugula entzuteaz». Izena larrutik bada ere, proposatzen duten eraldaketa ez da azalekoa, sakon sakonekoa baizik.
Dagoeneko jarri dute sarearen lehen hitzordua. Datorren maiatzaren 24an Interkooperazio Feministaren Jardunaldia antolatu dute Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan, sarea aurkeztu duten toki berean.