INFO

Emakunderen Berdintasun Eskola, herritarrak parekidetasun arloan prestatzeko online gunea

Emakundek berdintasunaren arloan trebatzeko online eskola aurkeztu du, webguneak doako eta kalitatezko 32 ikastaroren eskaintzen ditu eta herritar orori zuzenduta dago.

EBE aurkeztu dute, Emakunderen Berdintasun Eskola. (Irekia)

Emakundek astelehen goiz honetan aurkeztu du berdintasunaren arloan herritarrak sentsibilizatzea, prestatzea eta gaitzea bultzatzen duen online gunea: Emakunderen Berdintasun Eskola. «Kalitatezko prestakuntza eskaintza da, doakoa, petsona bakoitzari egokitua, berdintasunarekin, aniztasunarekin eta feminismoarekin lotutako gaietan interesa duen publiko zabal batengana iristeko», aurreratu dute.

Nerea Melgosa, Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua. eta Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendaria, izan dira aurkezpenean. «Jauzi kualitatibo garrantzitsua da kalitatezko prestakuntza lortzeko», adierazi du sailburuak.

Web tresna berria bi urte baino gehiagoko lan prozesuaren emaitza dela kontatu du Elgarrestak; lehendabizi Emakundek eskaintzen zituen bestelako tresnen azterketa egin zuen eta Euskal Herrian zein Estatu espainolean zernolako tresnak sortzen ari ziren ere aztertu dutela gehitu du. «Egiaztatu dugu ez dagoela esperientzia askorik gaur martxan jartzen duguna bezalakoa», eta lau ardatz kontutan hartu zituztela gaineratu du: espazio birtuala izatea, zentralizatzailea, erreferentzia izango dena eta estrategikoa.

Hamaika aukera

Emakunderen Berdintasun Eskolak jasotzen duen prestakuntza-eskaintza 32 ikastarok osatzen dute, parekidetasunari buruzko hainbat gairi buruzkoak. Gaien artean, berdintasunari buruzko oinarrizko ikastaro batez gain, honako gai hauei buruzko ikastaroak eskaintzen dira: ziberfeminismoa, ahalduntze feminista, genero-ikuspegia txertatzea, berdintasunean haztea, emakumeen aurkako indarkeria, berdintasunezko maskulinitateak, berdintasuna kirol-praktikan, berdintasuna osasunean, komunikazioan, ekonomia feminista, berdintasun-planak enpresetan...

Ikastaro gehienak interes orokorrekoak badira ere, badira publiko jakin batentzat zuzendutakoak ere. «Sortzen ari diren eskaerak kontuan hartu dira, administrazioko langileez haratago doazen publiko berriak identifikatu dira, eta metodologia eta formatu berriak proposatu dira», gogorarazi du Emakundeko zuzendariak.

Ikastaroak urte osoan zehar egingo dira, doakoak izango dira eta Emakundek ikastaroetan parte hartu izana egiaztatuko du.

Berdintasunerako Legearekin sintonian

Sailburuak gogoratu du Berdintasunerako Lege berriak garrantzi handia ematen diola prestakuntzari: «Berdintasunari buruzko prestakuntza berdintasun-politiken oinarrizko zutabea da, eta ezinbestekoa da berdintasunerantz aurrera egiteko gizarte honek behar duen balio-aldaketa bultzatzeko». Eta gaineratu du legeak administrazio publikoei eskatzen diela bere langile guztiek derrigorrezko prestakuntza jaso behar dutela.