INFO

Bartzelona gainditzeko, epaileak albo batera utzi, eta jokoaz «kezkatzen» da Valverde

Talde kataluniarra Kopa irabazteko hautagai nagusia dela azpimarratu du zuri-gorrien entrenatzaileak eta gogora ekarri du egungo ligako txapelduna dela «zerbaitengatik». Iñaki Williamsen Ghana Afrikako Kopatik at geratu da, eta jokalari guztiak sartu dira deialdian.

Ernesto Valverde Athleticek Valentzian galdutako azken partidan. (José JORDAN | AFP)

Ernesto Valverdek argi dauka Bartzelona mendean hartzeko Athleticek asko borrokatu beharko duela. Partida oso zaila izango dela azpimarratu du, egungo ligako txapeldunaren kontra neurtuko baituzte indarrak eta hori «zerbaitengatik» da.

Zuri-gorrien entrenatzaileak gaineratu duenez, Kopa irabazteko hautagai nagusia da talde kataluniarra. Azken hamabost urteetan zazpi aldiz gailendu dira txapelketan. Bartzelona Kopako titulurik gehien duen taldea da gaur egun. 31 aldiz irabazi du, hain zuzen ere. Athleticek, berriz, 24 ditu; baina 1984koa da azkena.

Valverderen «kezka» Bartzelona gainditzeko egin beharreko jokoa da. Ez du uste Valentzian jasotako porrotak eragina izango duenik talde bilbotarraren konfiantzan. Gogotsu eta «ondo» daudela nabarmendu du, finalerdietara sailkatzeko aukera daukatelako.

San Mamesen zaleen babesa izango dute eta «gau handi» bat izan daitekeela espero du. Entrenatzaileak albo batera utzi nahi izan du epaileen lanaren inguruan azken egunetan egon diren tirabirak. Jose Maria Sanchez Martinez murtziarrak zuzenduko du Bilboko norgehiagoka, eta Valverderen ustez, «presioa» ondo gainditzen duen epailea da.

Deialdiaren zain

Athleticek gaur arratsaldean egingo du azken lan saioa. Valverdek aurreratu duenez, hainbat jokalari arazo fisikoekin daude eta nola dauden ikusteko probak egingo dituzte entrenamenduan. Galarreta eta Vesgaz gain, Lekue eta Berenguer min hartuta daudela esan du. Iluntzean ezagutarazi beharko luke deialdia Athleticek, baina jokalari guztiak deitu ditu eta partida aurretik jakinaraziko zeintzuk diren aukeratutako 22 futbolariak. Azken partidan De Marcos eta Dani Garcia zerrendatik kanpo geratu ziren lesionaturik daudelako.

Bestalde, ez du Iñaki Williamsi buruz hitzegin nahi izan. Ghana Afrikako Kopatik kanpo geratu da eta Euskal Herrira itzuliko baita datozen orduetan. Bidaia luzea da eta zaila dirudi asteazken iluntzerako jokatzeko moduan egotea. Hala ere, minutu gutxi jokatu ditu txapelketan, eta baliteke azken orduan deialdian sartzea.