INFO

Itziar Ituñok jasotako babesa eskertu du: «Ez dut inoiz ahaztuko»

Itziar Ituño aktore basauriarrak jasotako babesa eskertu du Instagram bidez zabalduriko mezu batean. Aktorearen aurkako kanpaina Sareren mobilizazioan parte hartzeagatik hasi zen sareetan, baina ondorioak harago joan dira; BMW Lorautok adibidez, berekin zuen kontratua bertan behera utzi zuen.

Itziar Ituñok jasotako babesa eskertu du. (Andoni Canellada | FOKU)

«Eskerrik asko zuen babesagatik, ez dot inoiz ahaztuko», mezu hori, euskaraz eta ingelesez, igorri du Itziar Ituñok bere bi argazkirekin batera Instagram bidez. Sarek Bilbon egin zuen mobilizazioan parte hartzeagatik abiatu zen Itziar Ituñoren aurkako kanpaina. Estatu espainoleko eskuin muturrak aktore basauriarraren aurkako jazarpen kanpaina abiatu zuen salbuespeneko espetxe politikaren aurka Bilbon egin zen manifestazioan parte hartzeagatik.

Itziar Ituño aktoreak jasotako babesa adierazi du.
  

 

Azken egunetan babes andana jaso du aktoreak. Atzo bertan Espainiako Gobernuke Kultura Sailburu Ernest Urtasunek Ituñoren aldeko elkartasuna adierazi zuen: «Inor ez da zigortu behar bere ideiengatik».

Babes zabala jaso du aktoreak Euskal Herritik. Euskal Aktoreen Batasunak Ituñoren aurkako kanpaina abiatu zenean elkartasuna adierazi zion gutun bat publiko eginez. «Gure aldarrikapena ondorengoa da: ez dadila inor kriminalizatu herritar giza injustizien, legezkontrakotasunen edo lege-salbuespenen aurrean hartzen duen jarreragatik», aldarrikatu zuten.

Zinemaldiak ere bere babesa helarazi zion, eta Estatu espainoleko hamaika aktorek ere elkartasun mezuak zabaldu zituzten, besteak beste Alba Floresek, Antonio de la Torrek edo Fernando Colomok.

Aldi berean, Bingen Zupiria Lakuako bozeramaileak ere hitz egin zuen Ituñoren aurkako kanpainari buruz; adierazi zuen Gobernuak ez duela zer esanik enpresen eta profesionalen arteko harremanei buruz, baina salatu zuen antzezleak jasotako mezuak «desegokiak, itsusiak eta iraingarriak» izan zirela.