Xavik aitortu du Bartzelonak ez zuela Athleticen aurka jokatu nahi San Mamesen
Christensen eta Joao Cancelo atzelariak deialdian sartu dira. Iñigo Martinezek, aldiz, ezin izango du jokatu lesionaturik baitago. Bestalde, Berangon jaiotako Ander Astralaga atezaina talde kataluniarraren aulkian eseriko da.
Ligako azken jardunaldian Betisen zelaian lortutako garaipenak Kopako norgehiagoka lasaiago prestatu ahal izateko aukera eman dio Bartzelonari. Hala ere, Xavi Hernandez entrenatzaileak onartu du ez zutela nahi Athleticen aurka hil ala biziko kanporaketa bat jokatu San Mamesen.
Ziur asko Xavik gogoan izango du 2022ko final-zortzirenetan bizitakoa entrenatzaile gisa. Zuri-gorriak 3 eta 2 gailendu ziren, emozio handiko norgehiagokan. Muniainek penalti puntutik egindako golari esker irabazi zuten luzapenean.
Athleticen eta Bartzelonaren arteko lehiak Kopako klasiko bat dira, eta askotan neurtu dituzte indarrak. Estatistikak kataluniarren aldekoak izan arren, zuri-gorriek garaipen gogoangarriak eskuratu dituzte. Batez ere, San Mamesen. Etxetik kanpo hogei urte baino gehiago daramatza Athleticek Bartzelonan irabazi gabe.
Xavi epaileen lanaren inguruan mintzatu da komunikabideen aurrean egindako agerraldian. Real Madrilek Almeriari irabazteko izandako laguntzak hautsak harrotu ditu Bartzelonan. Ez du epaileen «zintzotasuna» zalantzan jarri, baina bere ustez presio gehiegi jasaten dute.
Epailearen lana tentuz aztertua izango da Kopako kanporaketan. Izan ere, giroa bero dago Bilboko zaleen artean. Gogoan dute Athleticen gol bat baliogabe utzi zutela Muniainek jokaldi hasieran eskuarekin eman zioelako. Ahaztu gabe, Bartzelonaren aurka epaitegietan irekita auzia epaileen arduradun nagusia izandako Negreirari egindako ordainketengatik.
Lesioak eta atzealdean arazoak
Nahiz eta denboraldia honetan ezin izan duen bere mailarik onena eman, ezin da ahaztu Bartzelona iazko Liga txapelduna dela. Aurten lehen postutik urrun dagoen arren, talde lehiakorra izaten jarraitzen du. Jokatu dituzten 30 partidetatik, 20 irabazi dituzte, bost berdindu eta beste bost galdu. Ligan bi partida bakarrik galdu dituzte Real Madril eta Gironaren aurka, eta Txapeldunen Ligan Amberes eta Shaktharri egindako bisitetan erori ziren. Jasotako beste porrota Superkopako finala izan zen Real Madrilen aurka.
Gaur egungo Bartzelonak arazo ekonomiko larriak ditu, eta urruti dago Messiren garaian erakutsitako goi maila hartatik. Hala ere, uste baino talde lehiakorragoa dira. Iazko denboraldiarekin alderatuta arazo ugari izaten ari dira atzealdean. Ter Stegen atezaina lesionaturik dago, eta dagoeneko joan den urtean baino gol gehiago jaso dituzte ligan.
Horrez gain, Iñigo Martinez eta Marcos Alonso lesionaturik daude. Ondarroako erdiko atzelariak ezingo du jokatu San Mamesen. Gavi eta Raphina baita min hartuta daude ere.
Joao Cancelo eta Christensen, ordea, Bilbon jokatzeko moduan daude. Aldi berean, Ander Astralaga atezaina deialdian sartu da. Berangon jaioa da 2004ean, eta Athleticen harrobian aritutakoa. Bartzelonaren bigarren taldean aritzen da. Bere arreba Eunate, urtebete gazteagoa da, eta Athleticen emakumezkoen bigarren taldeko atezaina da.
헟헔 헖헢헡헩헢 헗험 헟헔 헖헢헣헔 pic.twitter.com/6wHDIkQajk
— FC Barcelona (@FCBarcelona_es) January 23, 2024