INFO

AEBetako western garaikidea du aztergai Nosferatu bildumako argitalpen berriak

‘Western garaikidea 1962-1992’ liburua argitaratu dute Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak, Nosferatu bildumako 20. argitalpena. Carlos Aguilarrek eta Pablo Fernandezek koordinatu dute lana.

‘Western garaikidea 1962-1992’ liburuaren aurkezpena. (EUSKADIKO FILMATEGIA)

Euskadiko Filmategiak eta Donostia Kulturak elkarlanean argitaratzen duten Nosferatu bildumak AEBetara garamatza bere 20. argitalpenean. ‘Western garaikidea 1962-1992’ izenpean, bi data horien artean bertan egindako zinemagintza dute aztergai.

Argitalpena Carlos Aguilarrek eta Pablo Fernandezek koordinatu dute eta, sarreran aipatzen dutenez, 1962tik 1992ra bitarteko hiru hamarkadetan zehar Hollywooden ekoitzitako westernak «atal zirraragarria eta oso berezia» osatzen du Estatu Batuetako zinemaren historian.

«Bi film gailenek beren proemioa eta epilogoa dakarte», ziurtatzen dute Sam Peckinpah-en ‘Ride the High Country’ (1962) eta Clint Eastwooden ‘Unforgiven’ (1992) filmeei erreferentzia eginez, eta lehenengoak «modu inkontzientean, hilzorian dagoen klasizismoaren eta bere berrinterpretazio krepuskularraren artean» zubi bat eraikitzen duen bitartean, bigarrenak, «kontzienteki, hamarkada haietako zinemagile enblematikoetako batek generoari egindako azken agurra» jasotzen duela nabarmentzen dute.

«Hogeita hamar urte horiek gurutzaketa jori bat uzten dute agerian, iragan estetiko/historiko ohoratu baina berreskuraezin eta luzaezin batek sorrarazitako nostalgiaren eta ezusteko ezaugarri jakin batzuen sarraldi nabarmenaren artean», aipatzen dute, eta zirkunstantzia soziokulturalen ondorioz batez ere, ezaugarri horiek, «ugariak eta askotarikoak, aldatu egiten dira 60ko hamarkadan sortutako pentsamolde berritzailearen berezko errebisionismo kritikoaren eta XX. mendeko estertoreen berezko desengainu ideologikoaren artean mugitzean», zehazten dute.

Argitalpen honek fenomeno horri eta uneko testuinguru soziopolitikoari «zehatz-mehatz» heltzen diola nabarmendu dute Filmategitik, «izan ere, ibilbide historiko/estetikoak, saiakera tematikoak, zinemagile kontrastatuen banakapena, eta bai kalitateagatik bai esanahi historikoagatik oso adierazgarriak diren filmen antologia bat landu dira helburu horretarako».

Aguilar eta Fernandezen zuzendaritzapean, liburua hainbat autorek idatzi dute: Carlos Aguilar, Ricardo Aldarondo, Juan G. Andres, Adrian Esbilla, Zigor Etxebeste Gomez, Pablo Fernandez, Jose Miguel Garcia de Formica, Angel Garcia Romero, Anita Haas, Pablo Herranz, Javier Mateo Hidalgo, José Francisco Montero, Antonio Jose Navarro, Jesus Palacios, Fernando Rodriguez Tapia, Rakel S. H. eta Jose Luis Salvador Estebenez.

‘Western garaikidea 1962-1992’ laster egongo da eskuragarri liburu-dendetan (20 euro). 2024ko Tabakalerako zinema-abonua erosi dutenek liburu honen edo Iñigo Marzabalek koordinatutako ‘Polar frantziarra’ liburuaren ale bat jasoko dute.

Tabakaleran, urtarrilean hasi eta abendura arte luzatuko den ‘USA western garaikidea 1962-2021’ Nosferatu zikloarekin batera atera da liburua.

Urte amaieran, westernari buruzko beste liburu bat argitaratuko da euskaraz, Nosferatu Bildumaren 12. zenbakia, Iñigo Marzabalek koordinatua.