Kilian Jornetek eta Zach Millerrek eliteko korrikalariei eskatu diete UTMB-i boikota egitea
Sona handiko lasterkari diren Kilian Jornetek eta Zach Millerrek onartu dute Ultra Trail Mont Blanc-eko antolatzaileekin egindako bileren emaitzek bultzatu dituztela boikoterako deia egitera. Goi mailako beste kide batzuei «lehia alternatibo» batean parte har dezatela iradoki diete.
Oso zabala den iritzi bat baino ez dugu errepikatuko: eliteko ordezkari gehienek zein lasterkari herrikoiek munduan sona handia duen Ultra Trail Mont Blanc lasterketa korritu nahi dute. Baina Chamonixen egoitza duen kirol ekimen erraldoi hori alde batetik eta bestetik oztopoak jasotzen ari da.
Kirol ikuspuntutik egundoko arrakasta izaten du. Soilik iazko datuei begiratu behar diegu. Distantzia ezberdinetan antolatutako lasterketetan 10.000 korrikalarik parte hartu zuten. Ikusleen kopuruak ere edonor ahoa bete hotz uzten du: 100.000.
Baina iazko hogeigarren ekitaldiak lehen «kolpea» jaso zuen; izan ere, UTMB-eko babesle berriak, Dacia auto markak, kritikak sortu zituen milaka korrikalariren artean. The Green Runners taldeak bultzatu zuen kanpina hori.
Orain, berriz, eliteko bi ordezkari UTMB-eko antolatzaileen aurrean jarri dira. Biek ala biek badakite zer den 166 kilometro duen ultra horretan irabaztea eta lehen postuetan amaitzea. Hots, lasterketa hori barrutik oso ondo ezagutzen dute. Kilian Jornet katalanari eta Zach Miller estatubatuarrari buruz ari gatzaizkizue.
Bada, bi protagonistok gutuna bidali diete eliteko makina bat kideri eskatuz heldu den abuztuan jokatuko den edizioan parte har ez dezaten. Eta horren ordez, «lehia alternatibo» batean egon daitezela.
Bide batez, Jornetek eta Millerrek argi utzi nahi izan dute ez dela arinkerian oinarritutako erabakia izan. Antza denez, UTMB-eko antolatzaileekin hainbat bilera izan dituzte, eta ez omen dute adostasun orokorrik lortu. Finaletan parte hartzeko klausula asko, sailkapenetako lehietan saririk ez, izen-ematea ordaindu behar… Finean, ekimen horrek hartu duen ibilbidea salatu nahi dute.
Antolatzaileen jarrera hori aldatu ahal izateko, hots, presionatzeko, katalanak eta estatubatuarrak eliteko ehun kideri baino gehiagori gutuna bidali diete: «Lehen urratsa zuekin egin nahi dugu ahalegin guztiak zentratuagoak egon daitezen. Idazten dizuegu eskatzeko denboraldi honetan UTMB ez den beste lasterketa batzuetan parte hartzeko konpromisoa hartzeko. Aitortzen dugu UTMB lasterketa handia dela, eta antolatzaileek ultra running-aren alde asko egin dutela. Horri esker, lasterkari bikain asko, hedabideak eta makina bat ikusle erakartzen ditu. Eta argi dugu ere munduko txapelketa izaera duen lehia antzeko bat bihurtu dela. Hori ona da, baldin eta hazkunde hori osasuntsua eta positiboa badira. Baina, zoritxarrez, UTMB, UTMB Group eta Ironman taldeek hartu duten norabideak kezka sortu digu».
Presioa areagotu
Jornetek eta Millerrek ez dute salatu nahi lasterketen inguruan dagoen negozioa, baina gehitu dute irabazi horiek ondo kudeatu behar direla; besteak beste, lasterkariak zainduz eta kritikatzen dituztenak errespetatuz. Laburbilduta esanda, bi lasterkariok nahi dute negozio hori ondo gestiona dezatela: «Errespetua inportantea da. Ondo dago irabaziak izatea, baina diru horrekin haien buruei galdetu behar diete ea zer egin dezaketen trail running-a bere osotasunean hobetzeko. Uste dugu gai horretan ez dutela lan ona egin. Norabide hori bide onera ekartzeko egokia izango litzateke elkarren ondoan eseri eta gaiari buruz hausnartu. Baina beldur gara jarrera hori ez ote duten aldatuko. Horregatik, eliteko kirolariak garen neurrian, uste dugu ahotsa altxatu eta antolatzaileek duten ardura horretan presionatu behar dugula».
Presio hori areagotu ahal izateko, gutunaren sinatzaileek diote atsekabe hori helarazteko bide zuzenena eliteko korrikalariak batu eta iritzia elkarrekin ematea dela. Eta horrekin guztiarekin dei oso berezi bat egiten dute: «UTMB lasterketaren irteera puntura hamabost lasterkari onenak (neskak zein mutilak) ez badira aurkezten, garaipena izango litzateke. Horren ordez, beste lasterketa alternatibo batean parte hartzea eskatzen dizuegu. Baina lehenik eta behin, zuen iritzia jaso nahi dugu. Antolatzaileei jakinarazi behar diegu prest gaudela elkarrizketekin jarraitzeko eta hurrengo urratsen inguruan eztabaidatzeko. UTMB ekimenari ez diogu gorrotorik, hori jakin behar dute. Soilik presioa egin nahi diogu aldaketa positiboa egin dezan».