Valverdek badaki nola egin aurre Bartzelonari San Mamesen irabazteko
Zuri-gorrien entrenatzaileak talde kataluniarra mendean hartu du Ligan, Superkopan eta Kopan. Izan ere, Athleticek azken hamabost urteetan lortutako zazpi garaipenetatik hirutan bilbotarren aulkian eserita egon da.
Ernesto Valverdek ezer gutxi aurreratu nahi izan zuen Bartzelonari aurre egiteko buruan dauzkan asmoen inguruan. Gasteizen hazitako entrenatzailea egin beharreko jokoaz «kezkatzen» da, eta ez dio aurkariari inolako laguntzarik eman nahi. «Gau handi bat» izateko itxaropenarekin dena emango dutela da ziurtatu zuen gauza bakarra. Horrekin batera, talde kataluniarraren maila goraipatu zuen. Egungo liga txapelduna dela gogora ekarri zuen, eta Kopa irabazteko hautagai nagusia dela.
Bartzelona Kopako titulurik gehien duen taldea da gaur egun. 31 aldiz irabazi du, hain zuzen ere. Zuri-gorriek, berriz, 24 Kopa dituzte, baina ez dute txapelketa irabazi 1984tik. Maradonaren Bartzelona garaitu zuten Clementeren mutilek Endikaren golari esker. Borroka batekin amaitu zen partida hura.
Azken hamabost urteetan zazpi aldiz gailendu da Bartzelona txapelketan. 2021ean, 2015ean, 2012an eta 2009an Athletic gainditu zuen finalean. Horrez gain, zuri-gorriak Kopatik at geratu ziren talde kataluniarraren aurka baita 2011an, 2016an eta 2017an. Kanporaketak bi partidatara jokatu ziren urte horietan.
Athleticen eta Bartzelonaren arteko lehia oso ohikoa izan da 2009ko Kopako finaletik. Horren lekuko, 45 aldiz neurtu dituztela indarrak txapelketa ezberdinetan. Emaitzak kataluniarren aldekoak dira nabarmen, 29 garaipen lortu baitituzte. Zuri-gorriek, ordea, zazpi garaipen bakarrik erdietsi dituzte. Horietatik sei, San Mamesen izan dira, eta hirutan Valverde eseri zen aulkian.
Zuri-gorrien entrenatzaileak ondo baino hobeto daki zer egin behar den Bartzelonari irabazteko. Ondo ezagutzen du talde kataluniarra. Jokalari eta entrenatzaile ohia izateaz gain, Bartzelonaren aurka egin zuen debuta Lehen Mailan 2003an. Hala ere, hamarkada bat itxaron behar izan zuen lehen garaipena eskuratzeko. 2013ko abenduan izan Ligako 15. jardunaldian. Bilbotarrak Iker Muniainek bigarren zatian egindako gol bati esker gailendu ziren (1-0). Txapeldunen Ligarako sailkatu ziren denboraldi amaieran.
2015eko abuztuan erdietsi zuen garaipenik gogoangarriena, garaitezina zirudien Messi argentinarraren taldearen kontra. Superkoparen finaleko joaneko partidan 4 eta 0 irabazi zuen Athleticek etxean. Mikel San Josek zelai erditik egin zuen gola eta Adurizek sartu zituen beste hirurak. Zuri-gorriek titulua irabazi zuten Camp Noun berdindu ostean.
2017ko urtarrilean heldu zen Kopan Valverdek Bartzelonaren kontra erdietsitako hirugarren garaipena. Athleticek 2 eta 1 irabazi zuen Errege Gauean jokatutako partidan. Adurizek eta Iñaki Williamsek egin zituzten golak, baina Messik bigarren zatian egindakoa erabakigarria izan zen. Camp Noun jokatutako itzulerako norgehiagokan talde kataluniarra 3 eta 1 gailendu baitzen.
Garitano eta Marcelinoren oroitzapenak
Athletic finalerdiak jokatzeko sailkatu da azken lau denboraldietan. Hori gutxi balitz, ez du kanporaketarik galdu partida bakarrera. Bartzelonari irabaztea erronka zaila izango da, baina badaki nola egin daitekeen. Gaizka Garitanorekin bi aldiz lortu zuen. Ligako lehen jardunaldian garaipena eskuratu zuen Adurizen gol batekin. 2019ko abuztuan jokatutako partida Aste Nagusiaren hasiera festa moduko bat izan zen. Erdiko aurrelari ohiak sareetara bidali zuen azken baloia, txilena ikusgarri batekin. Ter Stegen atezainak sarritan esan du Aduriz izan dela gelditzeko aurrelaririk zailena berarentzat.
Valverde Bartzelonaren aulkian eseri zen. Kaleratua izan ostean, Kopako final-laurdenetako kanporaketa iritsi zen 2020ko otsailean. Zaldibarko zabortegia erori zen egun berean, Iñaki Williamsek garaipenaren gola eskuratu zuen azken jokaldian.
Athletic Kopako finalera iritsi zen, baina urtebete beranduago jokatu zen pandemiaren eraginez. Marcelinok Garitano ordezkatu zuen 2021ko urtarrilean, eta Superkopa irabaztea lortu zuen Bartzelona gaindituz finalean (2-3). 2022ko Kopan emozioz beteriko kanporaketa batean garaile atera ziren zuri-gorriak entrenatzaile asturiarrarekin. 3 eta 2 zuten Muniainek penaltiz luzapenean lorturiko golari esker.