INFO

Yerai Martin entrenatzaileak beste urtebetez luzatu du kontratua Eibarrekin

Yerai Martinek 2025ra arte jarraituko du klub armaginean. Bigarren denboraldia betetzen ari da entrenatzaile gipuzkoarra, emakumezkoen lehen taldearen iaz F Ligara igoera eskuratu ondoren.

Yerai Martinen artxiboko irudia, Eibarko emakumezkoen taldeko entrenatzaile kontratua sinatzen. (SD EIBAR)

Yerai Martinek 2025ra arte jarraituko du Eibarko aulkian, klubak eta entrenatzaile gipuzkoarrak kontratua urtebetez luzatzea adostu ondoren.

Martin (Andoain, 1993) bigarren denboraldia betetzen ari da armaginen aulkian. Antiguokon lau urte eman ondoren, 2022ko udan heldu zen Ipuruara, 1.RFEFera jaitsi berria zen Eibarren gidaritza hartzeko. Denboraldi bikaina egin zuten gorri-urdinek, ikasturte horretan bertan lortu baitzuten Lehen Mailara itzultzea. Orain bezala, iaz ere denboraldia amaitu aurretik eta igoeraren helburua ziurtatuta izan gabe, Eibarrek teknikariaren lanean zuen konfiantza erakutsi zuen, bere kontratua denboraldi baterako berrituz.

Egoera antzekoa da egun. Talde armagina goranzko bidea markatzen ari da F Ligan eta, igandean Valentzia gainditu ondoren, 12.postura heldu da denboraldian lehen aldiz, jaitsiera postuetatik zazpi puntutara aldenduz; nolanahi ere, oraindik izerdi dezente bota beharko du mailari eusteko.

«Oso pozik nago jarraitzeagatik. Konfiantza erakutsi didate eta esker oneko hitzak baino ez ditut», adierazi du andoaindarrak. «Orain dela bi uda hasi genuen proiektua da, iaz igoera lortu genuen, aurten Lehen Mailan gaude... Eibarrekin eta maila honekin disfrutatzen jarraitzea oso erakargarria da, ezin dut gehiagorik eskatu».

Kontratuaren luzapena sinatzean markatu duen helburua «hazten jarraitzea da, lehenik eta behin, pertsona bezala eta entrenatzaole bezala. Azkenean, gaztea naiz eta gutxinaka esperientzia hartzen noa. Batez ere, egunerokotasunaz gozatu nahi dut, horrek egiten bainau zoriontsu, eta hori da kontratua berritzera bultzatzen nauena. Oso garrantzitsua da hori. Emaitzetatik, partidetatik bizi gara, baina ordu asko ematen ditugu, planifikatzen, lanean, aztertzen... eta horretaz gozatzen jarraitu nahi dut eta, batez ere, jokalariei konektatuta jarraitu. Aldagela bikaina daukagu, uste dut konexioa elkarrekikoa dela eta elkarrekin jarraitzeko unea dela uste dut».

Aurtengo denboraldiari dagokionez, «taldea hazten ari» dela azpimarratu du «eta taldearekin batera ni ere hazten ari naiz. Iaz denboraldi bikaina egin genuen, oso Eibar ezaguna ikusi genuen, eta orain ere ikusi nahi dugun taldea ikusten hasi garela uste dut. Denak darama lan eta prozesu bat, jokalariak eta staff-a lan bikaina egiten ari dira, eta gaur egun esan daiteke emaitzak eta zelaian egiten duguna ona izaten ari dela. Asko geratzen da hala ere, lanean eta hobetzen jarraitu behar dugu», amaitu du.