INFO

Korrikak Azterketak Euskaraz kolektiboa omendu du, hizkuntz eskubideen aldeko borrokagatik

Baxoa eta Brebeta azterketak euskaraz egiteko aukeraren alde egiten duen Azterketak Euskaraz kolektiboa omendu du ostegun honetan Korrikak. Helburua beraien egoeraren «bozgorailu» izatea eta euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzea izan da.

Azkerketak Euskaraz kolektiboa omentzeko ekitaldia egin du Korrikak Hondarribian. (Jon URBE | FOKU)

Ipar Euskal Herrian baxoa eta brebeta azterketak euskaraz egiteko aukera izatea aldarrikatzen duen Azterketak Euskaraz kolektiboa omendu du Korrikak ostegun honetan Hondarribian. Biek euskararen aldarria partekatzen dutela nabarmendu eta ikasleen egoeraren «bozgorailu» izateko helburuarekin egin diete aitortza.

Korrikak azaldu duenez, «ikasle horiei, beren bizitzako une erabakigarri batean, baxoa eta brebeta egiteko orduan, azterketek sortutako berezko ezinegonari beste zama bat inposatzen diete: ikasketetan erabili ez duten hizkuntzan aritzea, frantsesez alegia. Hala ere, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko hautua egin eta egiten dute, Frantziako Gobernuaren aginduen gainetik, beren notetan kalteak onarturik.

Korrikako arduradun Ane Elordik ekitaldian aipatu bezala, aitortza honekin «Euskal Herri zabalean, eta hemendik kanpo ere, mundu guztiak jakin dezala gazte hauek, egun, ezin dutela ikasketen zati garrantzisu hori beren hizkuntzan egin; eta, bidegabekeria horien aurrean, pausoak ematen jarraituko dutela».

Ekitaldian ‘Oihaletxea’ dokumentala (Lander Garrok zuzendua) ere aurkeztu dute, non Azterketak Euskaraz kolektiboa osatzen duten Seaskako ikasle, irakasle, guraso eta ikasle ohien testigantzak jasotzen diren.

Seaskako lehendakari Peio Jorajuriak ere hitza hartu du eta ‘Bizkarsoro’ filmari (Josu Martinez, 2023) erreferentzia egin dio, bertan Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan egunero bizi den errealitatea dela aipatuta: «XXI. mendean, Euskal Herria herri ukatua da; euskara, zangopilatua». Beskoitzeko ikastolaren afera salatu du ondoren: «Auzapez puxant batek 51 haur ikastolarik gabe utz ditzake, kale gorrian, egun batetik bestera. Zergatik?».

«Harro hadi Euskal Herri, ikastolak antikonstituzionaltzat dituen legearen aitzinean. Harro hadi Herri, ofizialtasuna ukatzen diguten hautetsien aitzinean. Harro Herri, haurrei beren hizkuntzaz mintzatzea eta idaztea debekatu nahi dieten errektore eta agintari zapaltzaileen aitzinean», aldarrikatu du.

Bestalde, Elorri Falxak, Manex Erdozaintzi-Etxart ikastolako irakasleak, aipatu du frantses Administrazioak irakasleria konplize nahi duela hizkuntza zapalketan. «Brebeta euskaraz egitearen aldeko borroka irabazi genuen, baina orain Baxoaren tenorea da: Ikastolak, hautetsiak, jendartea... herri oso baten sustengua beharko dugu borroka hau ere irabazteko».

Azterketak Euskaraz kolektiboaren izenean, Maika Gueiçanburu ikasleak aitzineko belaunaldien lana azpimarratu du: «Zonbaitetan, kantuz eta dantzan egin diogu aurre inposizioari; beste batzuetan, okupazio eta desobedientzia ekintzekin; baina, beti, maitasunarekin, gure aitzindarien bideari jarraikiz». Egungo ikasleak lekukoa hartzeko prest daudela adierazi du Gueiçanburuk, «Korrikan bezala, lekuko hori beste belaunaldiei pasatuko diegu, harik eta Euskal Herri euskalduna lortu arte!».