INFO

Attalek iragarritako neurriek ez dituzte laborariak asetu eta blokeoekin jarraituko dute

Gabriel Attalek hamar neurri eman ditu mahai gainean laborariek abian eman dituzten protestak baretu nahian. Diru-laguntzen banaketa azkartzeaz gain laborantzako balio katea errespetarazteko engaiamendu hartu du. FNSEAk eta Laborari Gazteak sindikatuek mobilizazioekin jarraitzera deitu dute.

Laborarien sindikatuek aitzineraturiko hainbat eskaera bere egin ditu Attalek. (Miguel MEDINA | AFP)

Paris atzean utzita Garona Garaiko departamenduko etxalde batera bertaratu da Gabriel Attal «frantziar laborantzari» zuzendutako iragarpenak plazaratzeko. Neurri sorta agindu du, baina FNSEA eta Laborari Gazteak sindikatuen iritziz ez dira nahikoa eta mobilizazioekin jarraitzeko deia egin dute.

Aste hasieratik laborariek Hexagonoan bezala Euskal Herrian ere bide nagusiak blokeatuta atxikitzen dituzte diru-sarrera duinak eskatzeko.

Lehen sektoreak adierazitako kexa entzun duela ziurtatu ondoren, laborarien egoera hobetzeko engaiamendu irmoa duela Gobernuak baieztatu du Attalek. Handik aurrera, neurri sorta aletu du Gobernuburuak. «Sor zaizkizuen diru-laguntzen ordainketa azkartuko dugu», iragarri du, lehenik eta behin, lehen ministroak.

Handik aurrera, gaixotasun hemorragiko epizootikoaren eraginez kalteak pairatu dituzten hazleen aldeko urjentziazko laguntza programa iragarri du.

Abereak sendatzeko botiken kostuaren %90 Estatuak bere gain hartuko duela zehaztu du Gabriel Attalek.

Hegazti gripeak kolpatu dituen etxaldeek laguntza berdina jasoko dutela gehitu du.

Laborantzako mozkinen balio katea errespetarazteko xedez, Egalim legea betetzen ez duten elikaduraren industriako jabeen aurkako zigorrak iragarri ditu Attalek.

Horrekin batera, Gobernuak hiru enpresaren kontra berehala isunak aginduko dituela gaineratu du.

Sindikatuek mahai gainean emandako beste galdera bati erantzun orokorragoa eman dio Attalek. Hala, hemendik eta otsailean ospatuko den Parisko Laborantza Azokaren artean «prozeduren sinplifikazioa» martxan emanen duela Gobernuak ziurtatu du.

Osasun eta ingurumen aldeko neurriak bertan behera uzteko eskaera zehatza egin zuen, hala nola pestiziden eta uraren erabilpenari buruzko murrizketak bertan behera uztea exijituz, FDSEAk. Horren gainean mezu argirik ez du eman lehen ministroak.

Erregaiak eta merkatu libreko hitzarmenak

Sindikatuek aitzineraturiko beste aldarrikapen bat ere aintzat hartu du Gobernuak.

Hain zuzen, laborariek baliatzen duten erregaiaren gaineko zergari mailaz mailako igoera ezartzeko asmoa bertan behera utzi du Exekutiboak.

Bestalde, «Frantziako elikadura burujabetza» eta «independentzia» lehen lerroan emanez, frantses Gobernuak ez duela babestuko Europar Batasuna eta Mercosurren arteko merkatu libreko tratatua iragarri du Gabriel Attalek.

Oroitu behar da ELB sindikatuak mahai gainean eman duela aldarrikapen hori ostiral goizean, Baionako portuan blokeatzeko ekintza burutu duenean.

Egalim legea betearazteaz gain, kostuen azpitik saltzea debekatuko duen legea aldarrikatzea galdetu du «sistema osoa» berrikustearen premia mahai gainean ezarri duen sindikatuak.

FNSEAk mobilizazioekin jarraitzeko deia

Behin lehen ministroaren hitzak entzunda, frantziar hiruburuaren inguruan blokatze operazioa abian eman duten sindikatuen erantzuna iritsi da.

FNSEAko Arnaud Rousseau lehendakariak iragarri du bere sindikatuak eta Laborari Gazteak sindikatuak mobilizazioekin jarraitzea erabaki dutela, beren afiliatuei kontsultatu ondoren.

TF1 katean eginiko adierazpenetan adierazi duenez, «gaur arrtsaldean esan denak ez du haserrea baretzen, urrunago joan behar da». Lehen ministroak iragarritako neurriak «ez dira nahikoa» eta ez diete eskakizun guztiei erantzuten.

Gobernuburuari larunbat honetan bertan sindikatuekin biltzeko proposamena egin dio Rousseauk. Bere ustez, Attalek iragarritako hainbat neurri, erregaiarena kasu, «bide onetik doaz», baina oro har «ez diete erantzuten guk planteatutako eskaerei». Hala, Ukrainari lotutako arazoak, Europako ingurumen arauak frantziar Estatuan duten «gaintransposizioa» edota nekazarien erretiroa aipatu ditu, besteak beste.

Horregatik, mobilizazioekin jarraitzea erabaki «zaila baino beharrezkoa» dela defendatu du.

FNSEako lehendakariaren hitzen aurretik, Attalen hitzartzea bertatik bertara jarraitu duen Jerome Baylek, bere kasa, posizioa markatu du. FDSEAren mobilizazioetan ibili den abeltzainak hauxe esan du: «Nik uste dut irabazi dugula eta aukera handiak daudela errepideen blokatzea laster altxatzeko», adierazi du frantziar telebistaren aurrean.

Coordination Rurale-ko –bigarren sindikatu nagusia– presidente Veronique Le Floc’h-ek ohartarazi du bere afiliatuen traktoreek errepideetan jarraituko dutela. Confédération Paysanne sindikatuaren iritziz ere Gobernuaren neurriak ez dira nahikoa.