«Made in Euskal Herria» leloa, Lezamatik igarotako hamaikakoarekin
Bartzelonari aurre egiteko Ernesto Valverdek zelairatutako hamaikakoa Athleticen harrobiko taldeetan aritutako jokalariek osatu zuten. Ander Herrera izan ezik, kanporaketan parte hartu zuten beste 16 futbolariak Lezamatik igarotakoak izan ziren.
Athleticek «made in Euskal Herria» leloarekin bere nortasuna aldarrikatzen du munduaren aurrean San Mamesen jokatzen diren partida garrantzitsuenetan. Azken sasoian derbietan, edo Real Madril edo Bartzelona bezalako talde haundien aurrean, ikusi izan da lema hori harmailetan.
Kopako final laurdenetako kanporaketan atera zuten, eta hamaikakoan ere igarri zen. Hiru bizkaitar, hiru gipuzkoar, hiru nafar eta bi arabarrek osatu zuten hasierako taldea. Horrekin batera, nabarmentzekoa da jokalari guztiak adin eta sasoi ezberdinetan Lezamako harrobiko taldeetatik igarotakoak direla.
Esaterako, Julen Agirrezabala atezaina gaztetxoen mailan heldu zen talde zuri-gorrira Antiguokotik. 23 urte ditu, eta Unai Simonen ordezkoa izan arren, 29 norgehiagoka jokatu ditu lehen taldearekin. Gainera, normalean, oso maila eman izan du, eta geldiketa erabakigarriak egin izan ditu.
Iñigo Lekue izan zen kapitaina. Deustukoa Danok Bat taldetik iritsi zen. Basconian hasi zuen ibilbidea, eta dagoeneko bederatzi denboraldi eta 200 partidatik gora daramatza. Lekuerekin batera, beste bizkaitar bat kokatu zen defentsaren erdialdean. Aitor Paredes, hain zuzen ere. 2000n jaioa alebinetatik egon da talde zuri-gorrian Arrigorriagako Etorkizuna taldean jokatzen hasi ostean.
Dani Vivian gasteiztarra izan zuen alboan. 24 urteko atzelariak Santutxutik Basconiara egin zuen jauzi. Lehen taldean toki bat egin aurretik Mirandesen utzita egon zen denboraldi bat. Yuri zarauztarrak askoz ibilbide luzeagoa egin behar izan zuen goi mailan leku bat egin arte. Athleticen eta Realaren harrobietan aritu ostean, Garitanoren Eibarrekin igo zen Lehen Mailara.
Vesgak eta Pradosek osatu zuten zelai erdia. Gasteiztarra Alavesetik Bilbao Athleticera heldu zen 21 urterekin. Nafarra, berriz, Txantreatik igaro ostean Lezamara iritsi zen kadete mailan. Iaz Mirandesen utzita egon zen, eta maila bikaina ematen ari da azken partidetan.
Adu Ares izan zen hamaikakoan egon zen ezustekorik handiena. 22 urteko hegalekoak gutxi jokatu du lehen taldearekin, eta Kopako lehen bi kanporaketetan bakarrik izan zen titularra. Bi gol egin zituen Rubiren kontra horietako batean. Bilbon jaioa, Santutxutik sartu zen Athleticen harrobian.
Taxoarretik igaro ostean heldu ziren Lezamara Oihan Sancet eta Nico Williams nafarrak. Gorka Guruzeta aurrelari donostiarra, aldiz, Antiguokotik gazteen mailan. Iñaki Williamsekin berdinduta, taldeko golegile nagusia da. Bederatzi aldiz bidali dute baloia sarera denboraldi honetan. Biek egin zuten gola Bartzelonaren aurka.
Bederatzi zenbakia bigarren zatian zelairatu zuen Valverdek, eta gogotsu ospatu zuten zaleek bere itzulera. Athletic galtzen joan zen atsedenaldira, eta partidari buelta ematea lortu zuen jokalaria Unai Gomez izan zen. Luzapenean Bermeoko beste jokalari batek ordezkatu zuen, Mikel Jauregizarek. Erdilaria ere erabakigarria izan zen. Berak lapurtu zuen hirugarren gola egiteko baloia, eta laugarrenean ere parte hartu zuen. Negar malkoak atera zitzaizkion, taldekideekin batera, Iñakiren gola ospatu zuenean.
Ander Herrera izan ezik -Zaragozaren harrobian hezia baita-, parte hartu zuten jokalari guztiak Athleticen harrobiko taldeetan aritutakoak dira. Adibidez, bigarren zatian jokatu zuen Asier Villalibrek, eta baita De Marcosek ere. Guardiakoa Alavesetik fitxatu zuen Athleticek 20 urterekin, baina Bilbao Athleticekin partida bat jokatutakoa da.
Partida amaieran egindako adierazpenetan, Xavi Hernandezek La Masiako hainbat jokalari gazte erabili zituela nabarmendu zuen. Zelairatu zituen bederatzi jokalari Bartzelonaren harrobian aritutakoak dira. Horietako asko, oso gazteak. Lamine Yamalek 16 urte besterik ez ditu, Fortek eta Cubarsik 17 edo Guiuk 18. Bartzelonaren entrenatzailearentzat harro egoteko modukoa bada, zer esanik ez Athleticentzat. Erabilitako 16 jokalari Lezamatik igarotakoak izan baitziren.
變 헟헲혇헮헺헮.
— Athletic Club (@athletic_eus) January 25, 2024
Bidean tinko. #AthleticBarça #AthleticLezama 女 pic.twitter.com/2QQDP5rnm7