INFO

«Busturialdearen etorkizuna ezin da New Yorken erabaki», salatu du EH Bilduk

Guggenheim Urdaibai proiektua bi urtez atzeratzeko erabakia «kable bilketa» gisa interpretatu du EH Bilduko senatari Idurre Bidegurenek Gernikan egindako agerraldian. EAJri seriotasuna eskatu eta Busturiaren etorkizuna ezin dela New Yorken erabaki aldarrikatu du.

Idurre Bidegurenek eskualdeko zinegotzi eta alkateek babestuta egin du agerraldia. (EH BILDU)

Asteon Guggenheim Urdaibairen inguruan EAJk azaldu dituen «kontraesanak» hizpide izan ditu Idurre Bideguren EH Bilduko senatari eta Bermeoko alkate ohiak larunbat goiz honetan Gernikan egindako agerraldian. Bere iritziz, jeltzaleek darabilten «eredu zaharkituaren beste adibide bat» dira kontraesan horiek eta proiektua bi urtez gelditzeko hartu duten erabakia EH Bildutik «kable bilketa» gisa interpretatzen dutela esan du.

Izan ere, gogora ekarri du Iñigo Urkullu lehendakariak astelehenean egindako adierazpenek EAJko buruzagien arteko hitz gurutzaketak ekarri dituela, Bidegurenen iritziz, EAJren barne krisia agerian utziz: «Kudeaketa krisi berri bat ikusi dugu eta, auskalo, EAJko lehendakarigaiaren izendapenaren ondoriozko barne krisi berri baten aurrean ez ote gauden. Kudeaketa eredu zaharkituaren beste adibide bat da hau, horregatik esaten dugu inoiz baino beharrezkoagoa dela errejenerazio politikoa gure herriaren zati honetan», nabarmendu du.

Urkulluren adierazpenak «kable bilketa» gisa ulertzeko dituzten arrazoiak ere zerrendatu ditu. Batetik, astean zehar EAJko buruzagiak Urkulluren esanak zehazten saiatu badira ere «errealitatea» Guggenheim Bilbao patronatuak proiektua bi urtez gelditu eta horren inguruan hausnartzeko erabakia hartu duela dela ekarri du gogora, eta bestetik ostiralean EAJ Legebiltzarrean Busturialdea bultzatzeko plan bat aurkeztu zuela nabarmendu du, «eta bertan ez da Guggenheim museoa aipatzen».

«Horregatik ulertzen dugu kable bilketa bat dela. Ezin dugu beste era batera interpretatu; izan ere, gogoratu duela hilabete gutxi egindako udal eta foru hauteskundeetara Guggenheim Urdaibai Busturialdea biziberritzeko proiektu nagusitzat hartuta aurkeztu zen EAJ», adierazi du.

Gauzak hala, EAJri «zorroztasun eta seriotasun gehiago» eskatu dio eta EH Bildutik elkarrizketarako prest daudela ekarri dio gogora, eskualdearen biziberritzea «ezinbestekoa» dela berretsiz.

«Eskualde honek gure etorkizun ekonomiko eta soziala markatuko duten proiektu estrategikoak behar ditu. Eta hauek eskualdeko erakunde, eragile eta jendearekin hitz eginez eta adostuz aurrera atera behar ditugu. Argi daukagu Busturialdearen etorkizuna ezin dela New Yorken erabaki», aldarrikatu du.

Busturialdearen etorkizuna eskualdeak berezko dituen ezaugarri eta beharrizanak kontuan hartuta eraiki behar dela ekarri du gogora Bidegurenek, eta eraikitze hori azken urteetan egin diren diagnosietatik abiatuta egin behar dela berretsi. «Biosfera erreserba batean bizi gara eta hemen lan eta bizi nahi dugu», esanez amaitu du agerraldia.