INFO

Joare soinuak Iturenen, Zubietako eta Aurtitzeko bisitarien eskutik

Euskal Herriko inauteriei hasiera ematen diete urtero Malerrekan. Astelehen honetan Zubietako eta Aurtitzeko joaldunak Iturenera iritsi dira eta bihar iturengoek bisita itzuliko diete. Joare soinu, mozorro zirikatzaile eta bestelako karrozek kaleak hartu dituzte.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Lurraren taupaden antzekoa dela esan ohi da. Joaldunen soinu adierazgarria. Zubietatik Iturenerako bidea egin dute astelehen honetan, Euskal Herriko inauteriei hasiera ematen dien urteroko zita berezian, zarata eta kaosa oinarri dituen jai ezin bereziago batean.

Oraindik urtarrilean egon arren, batek baino gehiagok mauka motzetan egin du itxaronaldia Iturenen. Udaberria esnatzeko ekitaldi bezala ere ezagutzen dira inauteri hauek, nahiz-eta aurten eguraldi epelak udaberria aspaldi iritsi zela pentsarazi diezaioken bati baino gehiagori.

Gehienak, aldiz, trapu zaharrez lepo, mozorro harrigarriak jantzi dituzte. Aurpegi estaliek, motozerren zaratak eta joareen taupadek sortzen dute giroa eta epeltasunetik giro berora jo du, Iturenen itxoiten zituzten bitartean. 14:00ak inguru elkartu dira herri bateko eta besteko joaldunak, Iturengo kaleak, azkenik, elkarrekin gurutzatu arte.

Urtez urte, ondoko herrikoez gain, bisitari ugari biltzen dituzte Ituren eta Zubietako inauteriek eta aurten ez da desberdina izan. Bisitarien mugikorrei, hedabideen kamerak gehitu zaizkie, eguerdirako Iturengo kaleak jendez lepo aurkeztuta.

Bihar kontrako norabidea hartuko dute joareen soinuek Malerrekan. Iturengo joaldunak izango dira Zubietarainoko bidea egingo dutenak.