Orbain zaharren bidetik etorkizunera azalberrituta, 25 egin ditu GARAk
Trauma zaharren orbainak ditu GARAk, baina ezinezkoak ziruditen erronkak gainditzen lagundu duen komunitatearekin, 25 urte egin ditu, historiaren momentu konplexu honetara iritsita. Donostiako erredakzio berrituaren ateak herritarrei ireki eta urteurren festa egin du astearte honetan.
Eguneroko lan saiatuak, komunitatearen babes ezinbestekoak eta mirari batek edo bestek ekarri dute GARA 1999tik gaurdaino, 25 urte beteta. Artean gazte, egunero azal berri bat erakutsiz etorkizuna hozkatzeko gogoz, nahiz eta gudari zaharren azalak bezainbat orbain dituen.
Azalberrituta iritsi da GARA bere 25. urteurrenera. Gaztea baina zaildua den proiektu –GARA, NAIZ eta NAIZ Irratia, besteak beste– honetako langileen eskutik, mende laurdena ospatzeko astearte honetan egin den festarekin ezagutu dute hainbat herritarrek Donostiako erredakzio berria, itxuran ez ezik lan egiteko forman eta moduetan mudatua. Jana eta edariak lagunduta oraingoan, ikusi dute NAIZ Irratiaren puntako estudio berria, erredakzio modernoa, etxe goxoagoa.
Lehenago, baina, dozenaka pertsona batu da Donostiako erredakziora eta gehiago NAIZek eskaini duen streaming-ean, urteurren festa honen ekitaldi indartsuenetakoaz gozatzera. Gorka Urbizu musikariak bere bakarkako lana aurkeztu du, ‘Hasiera bat’, Iker Gurrutxaga NAIZ Irratiko kazetariak egin dion elkarrizketa musikatuaren bitartez.
Erredakzio berria ezagutzen ari zen Pablo Gorostiaga; urte dezente pasatu dira ‘Egin’ auziagatik atxilotu zutenetik. Orduko hura oroitu du: «‘Egin’-en itxieraren ondoren, GARAren sorrerak erakutsi zuen beti bezain bizirik geundela, zigor gogorra izan zen, baina bide bat ireki zen GARArekin lanerako, eta borrokarako, egun ezker abertzalea urratzen ari den bidean».
Garikoitz Mancisidorrek, aldiz, ez zituen ‘Egin’-en denborak bizi, GARA baino gazteagoa baita. «Nik ez ditut 25 urte, eta uste dut Euskal Herrian proiektu gutxik izango dituela 25 urte, eta bizirik mantentzeko gai izan da traba guztien gainetik. Orain etorkizuna irudikatzeko gaitasuna du», txalotu du.
Festara agertu da, halaber, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politiken sailburu Bingen Zupiria. «Uste dut GARAk komunitate politiko baten ikuspegia eta iritzia osatzen duela. Eta uste dut zorionekoak garela oso ikuspegi ezberdinak eskaintzen dituzten komunikabide zabalak ditugulako», adierazi du.
Urteurren eta inaugurazio festa bikoitzean topo egin dute langileek lankide ohiekin, ordezkari instituzionalek harpidedunekin, irakurle zaharrek irakurle gazteekin. Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martinen bertsotan egin dute 1999tik gaur egunerainoko denboren errepasoa. «Ez gara soilik izan/ zenaren islada/ baizik gero helduko/ denaren zirrara/ egin genuenaren/ garapena gara», kantatu dute.
Nondik datorren
Bertsolarien ondotik, Iñaki Soto GARAko zuzendariak ongi-etorria eman die garai berrietara egokitutako erredakziora erdu den jendetzari, «berezia den herrialde bateko lanbide berezi baten lantokira», eta proiektu honek 25 urte betetzeraino egin behar izan duen bideari erreparatu dio.
Bide zaila, hasiera-hasieratik, zuzendariak akordura ekarri duenez. «GARA trauma batetik sortu zen», esan du. Eta golpea ez zen istripuz izan, baietsi duenez. «Baltasar Garzon epailearen, Jaime Mayor Oreja Barne ministroaren eta Jose Maria Aznar Espainiako presidentearen maniobren ondorio izan zen. ‘Egin’ itxi zuten eta GARA hilda jaio zedin beren eskuetan egon zen guztia egin zuten», gogoratu du. Bizirik zen egunkaria, baina larriki zaurituta: 25 urte hauetatik 16 ordainketa-etenduran pasatu ditu.
Hori dela eta, GARAren ibilbidean izan da astearte honetakoa baino urteurren ilunagorik. Proiektu nazional honek 20 urte egin zituenean, bertako arduradunek, Sotok tartean, jakitera eman zuten Garzon epaileak ‘Egin’-i bidegabeki ezarritako zorrari aurre egitera ausartuko zirela, Gizarte Segurantzarekin tratua erdietsi ostean. Hiru milioi euro. Ezinezkoa zirudien.
Eta lortu zen, hiru urteren ostean, modurik konplexuenean gainera: euskal herritarrei proiektura harpidetu zitezela eskatuz, dohaintza solidariorik jaso gabe. Herri hau ezagututa, aise salbatuko litzateke GARA diru ekarpenak eskatuz gero. Baina asmoa ez zen proiektua salbatzea, etorkizunera sendotzea baizik. Harpidedunei eskerrak, lortu denaren frogatzat har daiteke astearteko festa.
Eta, beraz, «lasai, hau festa bat da, ez gara negar egitera etorri», ziurtatu du Sotok.
Non dagoen
Memoria egin zale da herri hau, lehengo hari-muturrek gaurko txotxongiloak mugitzen dituztela jakitun. Baina korapilo berriak aldiro agertzen dira, eszenak eta eszenatokiak aldatzen. Eta mende laurdenaren ostean, noraino iritsi da, bada, GARA? Soilik GARA esatea gutxi litzateke. Taldean dira NAIZ, NAIZ Irratia, Gaur8 euskarazko astekaria, 7K igandekaria, Bidaiari aldizkaria, Kazeta, Mediabask.
Kazetaritzaren sektore anitzari zabalago begiratu dio GARAko zuzendariak. «Administrazio publikoen bertsioa emateko komunikabideak existitzen dira, komunikabide publikoak. Beste batzuk dute ardatz. Badira eskuindarrak eta ezkerrekoak, komunikabide pribatuak, publikoak eta komunitarioak, orotarikoak, tokikoak eta eskualdekoak...» Denak dira desberdin, baina denek daukate ezaugarri konpartitu bat, bere ustez: «Denak dira politikoak, politikoa ez den kazetaritzarik ez baita existitzen», agertu du.
Aniztasun hori balio bat da Sotoren ustez eta, horregatik, zaindu behar dela ohartarazi du. «Komunikabideen ekosistema osasuntsua eta bideragarria garatzen lagunduko duten politika publikoak eskatzen ditugu –aldarrikatu du–. Publizitatearen eta laguntzen bidezko banaketa, gehien dutenei beti mesede egingo ez diena, lehiatzeko aukerak handituko dituena, ez kontrakoa. Gure kultura eta hizkuntza sustatzea, eta berrikuntza erraztea helburu duten politikak nahi ditugu. Prest gaude kontuak emateko, baita konpromisoak hartzeko ere».
Nor den GARAk egiten duen kazetaritzaren subjektua, horri erantzuna ematen saiatu da Iñaki Soto. Hiru milioi biztanle aukeran, eta aukeratzeko asmorik ez: euskal herritarra, hori du itu GARAk. Edo, hobeto azalduta: «Euskal herritarrak, pentsatzen dutena, bozkatzen dutena edo beren NANean jartzen duena alde batera utzita, gure edukien hartzaileak dira. Zazpi probintzia eta diaspora bat dituen herri ukatu baten herritarrak; hiru administrazio dituena, oraingoz, nagusiki, hiru hizkuntzatan moldatzen dena, horietako bat gutxitua eta gure erantzukizuna dena. Hiru milioi biztanle dituena, hiri txikiak eta gaizki egituratutako herri handiak dituena; ongi sendatu gabeko hainbat zauri dituen herri bat –trauma horietako ‘Egin’-en itxiera izan zen, hain zuzen ere–», sakondu du Sotok, eta ardura hartu, GARAk herriari «printzipio gidari baten» anbizioz egindako lana emango diola esanez: «Eskubide guztiak pertsona guztientzat».
«Hori da hemendik etorkizunera egiten dugun proiekzioa», ziurtatu du.
Nora doan
Eta bide horretatik jarri du martxan Etorkizuneko Artefaktua. «Herri gisa gertatu zaiguna gogoratzeko tresna bat, hortik abiatuta etorkizunera proiektatu ahal izateko», argitu du Sotok.
Hala eta guztiz ere, ezin jakin nora eramango duen GARA etenik gabe norabidez aldatzen, korapilatzen eta deslotzen dabilen denboraren hariak.
«Ezinezkoa da jakitea non egongo den prentsa hemendik 25 urtera. Ezta existituko den ere. Munduan zer gertatzen den jakin nahi duen jendea dagoen bitartean eta horren berri ematea helburu duten pertsonak dauden bitartean, gurea bezalako enpresentzako tartea egongo da. Zer den galdetzen diotenean, norbaitek euskalduna edo euskal herritarra dela esaten jarraitzen duen bitartean, gurea bezalako komunikabideen beharra egongo da. Gurea bezalako enpresak dituen herrialde bat beti izango da herrialde hobea», ondorioztatu du Iñaki Sotok.