INFO

%11 emendatu zen iaz Txik Txak sarea baliatzen duten bidaiarien kopurua

2023ak xifra onak utzi ditu garraio publikoaren erabilpenari buruz Ipar Euskal Herrian. Txik Txak sareak 12 milio bidaiari baino gehiago garraiatu zituen, 2022an izan zituen erabiltzaileen kopurua %11 emendatuz. Bestalde, 2024-2026an, txirrindulentzat aparkaleku sarea osatuko du Euskal Elkargoak.

Emazte batek txartela balioztatzen du TramBusean, Baionan. (Guillaume FAUVEAU)

Euskal Elkargoak agiri baten bidez jakitera eman duenez, Txik Txak sareak 12 milioi bidaiari baino gehiago garraiatu zituen iaz, 2022an izan zituen erabiltzaileen kopurua %11 emendatuz.

Zerbitzu guztietan erabiltzaileen kopuruak gora egin zuela nabarmendu du erakundeak.

Hala, aitzineko Chronoplus autobusak bere baitan hartu dituen Txik Txak sareko Iparraldeko lerroak 9,8 milioi bidaiari eraman zituen iaz, 2022an baino %10 gehiago.

TramBus-ari dagokionez, %15 hobetu zituen aurreko urteko datuak. 600.000 herritarrek baliatu zuten joan zen urtean BABn (Biarritz-Angelu-Baiona) ibiltzen den garraio moldea.

Txik Txak sareko hegoaldeko adarrari dagokionez, berdin Lapurdiko kostatik at ematen diren zerbitzuetan zein Nafarroa Beherea eta Zuberoko herritarrei zuzendutako autobusetan, gorakada handia izan zen ere bai. 2022. urtearekin alderatuta %21 hazi zen iaz erabiltzaileen kopurua norabide horietan.

Orotara, 400.000 herritarrek baliatu zituzten sareko norabide horretan baitan ibiltzen diren autobusak.

Finean, Baiona eta Hendaia lotzen dituen Txik Txak autobusen sareko hirugarren linea izan zen erabiltzaile gehien erakarri zuena. 700.000 herritarrek erabili zuten 2023an hirugarrena, aurreko urtean baino %17 gehiago.

Berrikuntza nagusia, erabilpen libreko txirringak

2023. urteak beste berrikuntza bat ekarri zuen. Hala, Txik Txak sareak bi lagunentzat tokia duten 800 txirringa elektriko jarri zituen herritarren eskura ekainetik aitzin.

Pony plataformaren bidez Ipar Euskal Herriko 11 herrietan eman zuen zerbitzu hori lehen aldiz Euskal Elkargoak.

Erakundeak eskainitako bilanaren arabera, zazpi hilabetetan kasik 110.000 joan-etorri egin dituzte zerbitzu hori aukeratu duten 10.000 bat lagunek (erabiltzaile bakarrak neurtu ditu aplikazioak).

Herritar horiek 3,1 kilometroko distantzia bete zuten bizikletaz, batez beste.

Aurrera begira ere txirringa erabiltzeko ohitura bultzatzeko, zerbitzu horren osagarriz bi gurpildun gailuentzat garajeak sortzeko asmoa du Euskal Ekargoak.

Orotara 15 bat plantan emanen dituzte ondoko bi urteetan.

Aurten 80 bat txirringa lagatzeko tokia eskainiko du Baionako tren geltokiaren eremuan ezarriko duten garajeak. Antzeko zerbitzua sortuko dute, 2024an ere, Biarritzen.

Handik aurrera, eguneroko joan-jinetan bizikleta baliatzen duten herritarrei zerbitzua emateko aparkalekuak aurreikusten dira, hala nola, Donibane Lohizunen, Uztaritzen edo Donibane Garazin.

2019an hamaika milioi erabiltzaile izateko helburua finkatu zen

2019an jarri zen martxan Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko garraio sare bateratua sortzeko prozesua.

Biarritz eta Baiona arteko Tram’bus, alde batetik, eta autobus zerbitzu berria, bestetik, Txik Txak izena hartu zuen sare berri horren ezinbesteko osagaiak bilakatu ziren.

Ordurarte, batez beste, urtero bederatzi milioi erabiltzaile erakartzen ditu Iparraldean garraio publiko sareak.

Sare berriak urte baten buruan hamaika milioi erabiltzaile izatera iristeko xedea finkatu zuen.