Futbol herrikoia eta euskara, Tuterako zelaira
Futbolaren bidez gizartea eralda daiteke? Lagundu diezaiokegu euskarari? Bestelako balioak susta daitezke? Galdera horiei erantzuteko, Agerraldiak eta Union Tuterak hitzaldia antolatu zuten Tuteran, luxuzko gonbidatuekin: Jagoba Arrasate, Mikel Labaka, Oleguer Presas eta Tania Gonzalez.
Futbolak apurka jasan duen globalizazioaren aurrean, futbol modernoa deiturikoaren inposizioak iraultzeko ahalegin oro gero eta zailagoa bihurtu da. Hala ere, dinamika komertzialetatik haratago, badago bere jatorria aldarrikatzen duen bestelako futbol bat, beste balio batzuk landu eta euskara eta katalana sustatzeko atea irekitzen duena. Helburu horrekin jaio ziren Union Tutera eta La Caserna. Atzo bi klubek Tuteran topo egin zuten, Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzaileak, Mikel Labaka Realeko bigarren entrenatzaileak, Tania Gonzalez Erriberako taldeko kideak eta Oleguer Presas Sabadelleko futbol eskolako koordinatzaile eta futbolari ohiak parte hartu zuten mahai inguruan.
Euskarari lagun diezaioke futbolak? Dinamika toxiko eta neurriz kanpoko lehiatik atera eta beste balio batzuk susta ditzake? Arrasate eta Labakaren ustez, bai, eta gizartea eraldatzeko tresna gisa aldarrikatu zuten ume eta gazteen artean errege eta erregina den kirola. Horregatik, berezia izan zen atzo Lestonnac Gizarte Etxean NAIZeko kirol erredakzioburu Ane Urkirik gidatutako solasaldia: elitean dauden entrenatzaileak futbol herrikoiaz patxadaz mintzatu ahal izan ziren, baina baita euskaraz ere, hizkuntza-politikek asko zigortutako Tutera bezalako eremu batean.
Oleguer eta Gonzalezekin salbu, euskara hutsean egin zen saioa, itzulpenak lagunduta. Leporaino bete zen aretoan –NAIZen zuzenean eman zen– ikusmina piztu zuten Arrasateren hausnarketek. «Ogibide bihurtu da guretzat pasioa zena. Egia da futbolaren inguruan interes asko daudela, baina gu hortik aparte gaude, guk jokoa dugu gustuko», azaldu zuen. Hala ere, futbola gizartea eraldatzeko gai dela nabarmendu zuen: «Askotan okerrerako, baina onerako ere bai; izateko modu bat beharrezkoa da ere, eta hori transmititu».
Ildo horretan, Osasunako entrenatzaileak bere klubaren balioak goraipatu zituen. «Esfortzua txalotzen da, kolore baten aldeko sentimendu hori, eta lehen taldera iristen direnak balore horiek dituzte. Emaitzak lortu ezin ditugunean ere jendeak eskertzen du balore horiek azkeneraino eramatea», azpimarratu zuen. Arrasatek jarritako hariari tiraka, Labakak Realaren eredua jarri zuen mahai gainean: «Gure ereduarekin irabazi nahi dugu, eta alea jarri ere bai, bai hizkuntzaren gaian bai beste balore batzuetan ere».
Futbola eta politika nahasteari buruzko galdera plazaratu zuen Urkiri moderatzaileak, eta hurrengo hausnarketa utzi zuen Arrasatek: «Esaten da futbola ez dela lotu behar politikarekin, baina politika dena da». Hala ere, «gehiago busti» beharko liratekeela onartu zuen, «baina ez da erraza», kluba osatzen duten zaleen aniztasuna kontuan hartzen bada. «Iruñea eta Osasuna dira horren adibide. Azkenean, ideologia ezberdineko zaleak ditugu, eta ez da erraza denak ordezkatzea. Hala ere, zubiak elkartzeko balio du futbolak».
Euskara zelaira
Euskara eta futbol profesionala. Bi termino horiek lotuta agertzen diren aldien ehuneko handi batean eztabaida ugari sortzen da, eta, horregatik, «normalizazioa» da Union Tuteraren beste helburuetako bat. Horri helduz, entrenatzaile gisa duten «bozgorailua» aprobetxatu behar dela azpimarratu zuen Arrasatek. «Azkenean, naturaltasunez egiten dugun gauza bat da. Gure staff-ean euskaraz hitz egiten dugu, prentsaurrekoetan presente dugu euskara, baita euskaraz dakiten jokalariekin ere. Hori mezu potentea da, gazteriarentzat bere erreferenteak euskaraz entzutea erabakigarria da», gehitu zuen.
Realean etxekoek euskaraz egiten dute egunerokoan, baina kalean gertatzen den bezala, «joera txarrak» ere badaude taldean, Labakaren esanetan. «Errazegi jotzen dugu gazteleraz hitz egitera. Euskaraz hitz egiten ez duen bakarra baldin badago, besteak gara gaztelaniara aldatzen dugunak, zaila egiten zaigu esatea gu euskaraz ari garela euskaldunak garelako. Badago aukera bat hori aldatzeko», nabarmendu zuen.
Antzera mintzatu zen Arrasate. «Mugak baditugu; azkenean, Espainiako Ligan jokatzen dugu eta arau batzuk ditugu», adierazi zuen. Hala ere, Berriatukoak askotan adierazi du jendaurrean euskara erabili eta normalizatu beharra dagoela. Azken adibidea, Saudi Arabian espainiar Superkopako finalerdia Barçaren aurka galdu ostean eta ETBko kazetariak galdera gazteleraz egin ondoren. «Ez zen kazetariaren errua izan, baina lau erantzunak gaztelaniaz egin eta gero, aukera genuen euskara sustatzeko Saudi Arabian bertan, eta horregatik erantzun nuen euskaraz».
Labakaren hitzetan, Realak batzuetan «erdaldundu egiten du euskaldundu» baino, batzuetan egunerokoan euskaraz egiten duten gazteek gaztelania ikasten dutelako klubean. «Eta hori ez da Liga espainolak jarritako muga bat, gure mugak dira, barne mailako mugak, eta horretan indarrak jarri behar ditugu», adierazi zuen.
La Casernatik...
Sabadell industria-sektoreak hiriaren perimetro zabal batean bizi izan zuen iraultzaren lekuko izan da, eta, horrekin batera, borroka sozialena, baita erregimen-aldaketaren aurrean sortu ziren ekimenen ispilu ere. Horietako bat Guardia Zibilaren egoitzak hartu zituen kuartelaren instalazioak okupatzea izan zen, Escola de Futbol La Caserna sortzeko. Gerora Udalak oinordetzan hartu bazuen ere, 2017an berriro okupatu zen, eta hainbat proiekturen artean Escola de Futbol sortu zen. Presas laster sartu zen proiektuan.
Hala, proiektuak hiru hanka garrantzitsu dituela azaldu zuen Presasek. Lehena, familien inplikazioa; «horiek jardueraren garapenean inplikatu behar dira, partidak bilatzean, ekipazioan», esan zuen. «Bigarren hanka alderdi metodologikoa da; garrantzitsua zen espazio inklusibo bat sortzea. Izan ere, futbolaren munduak bazterketa handia eragiten du, baliabide ekonomikoengatik, trebetasun-mugengatik edo agirien faltagatik». Eta hirugarrena: «Dena ondo pasatzera bideratzea, eta ez irabaztera».
Horri segika, Oleguerrek gaurko futbolaren funtsa kritikatzeko astia ere izan zuen. «Futbola gizartearen parte da, eta ezkerrak historikoki espazio toxiko gisa ulertu zuen, eta uko egin zaio espazio horri. Niretzat, hori akatsa da. Esku hartu behar da eta eragina izan, eta justizia sozialaren eta beste begirada batzuen ahotsa jarri», azpimarratu zuen.
...Union Tuterara
Hasiera batean hiruzpalau gazteren ideia izatetik pertsona dezente inplikatzera iritsi dira Union Tuteran. Duela hiru urte sortu zuten kluba zenbait gazte tuterarrek kirolaren bidez euskarari eta aniztasunari lotutako errespetuzko balioak sustatzeko, eta dagoeneko lortu dute urratsik garrantzitsuena, Tania Gonzalezek esan zuenez: ikusgarritasuna lortzea. «Horren bidez lortzen dugu Tuterako gizarteko gero eta jende gehiagok parte hartzea futbolean, eta kirol hori feminismoa bezalako balioak transmititzeko, arrazismoaren gaia lantzeko edo Erriberan sareak ehuntzeko tresna gisa ikustea», azpimarratu zuen.
Euskararen arloan, aitortu zuenez, «instituzioek eta testuinguru soziolinguistikoak ez gaituzte laguntzen, baina jendeak ezagutzen gaitu, ohitzea nahi dugu, hemen jarraituko dugulako». Oraingoz, gizonezkoen eta emakumezkoen talde bana dute, azken hau areto-futbolekoa. «Badirudi futbola indarkeriazko espazioa dela, antzinako erromantizismo hori galdu duela, baina zelaian dena berdintzen da; berdin dio zure sexu-orientazioa, zure ideologia. Beraz, esentzia hori berreskuratu nahi dugu, pasio horretara itzuli».