INFO

Naizen elkarteak ‘20.000 erle espezie’ filmari bere esker ona eman dio Etxarri Aranatzen

Itziar Lazkano aktoreak jaso du larunbat eguerdian Etxarri Aranatzen, ‘20.000 erle espezie’ filmaren taldearen izenean, Naizen elkartearen oroigarria, filmak beraien seme-alaben eta familia hauen errealitatea pantaila handira «zintzoki eta maitasunez» eramateagatik.

Itziar Lazkano aktoreak jaso du oroigarrian lan taldearen izenean. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

«Niretzat filme bat edo lan bat baino gehiago da, hau beste gauza bat da», aipatu du Itziar Landako aktoreak Etxarri Aranatzen Naizen elkarteak Esti Urresola zinegilearen ‘20.000 erle esle espezie’ filmaren lantaldeari eman zion oroigarria jaso duenean.

Haurraren amonaren papera sentsibilitate handiz betetzen duen aktore beteranoak, filmaren taldearen izenean jaso du oroigarria. Ane Gabarainekin batera, Itziar Lazkano nominatuta dago Goya sarietan, aktore biak Antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren atalean.

Hunkituta oso, bertan zeuden guraso eta haurren esker ona zuzenean jasotzean, Lazkanok zera gehitu du: «Gizarte guztia dago interpelatuta. Aniztasunari eta desberdinei nola begiratzen diogun, nola eragiten diegun edo bere tokia nola ematen diogun kontuan harturik, gizarte aberatsagoa, anitzagoa eta toleranteagoa sor dezakegu».

Asier Uskola eta Arkaitz Pascuas dantzarien agurraren ondoren –Uskola bera Naizen elkarteko aita da–, hasiera eman zaio larunbat eguerdi honetan adin txikiko transexualen familien Naizen elkarteko bederatzigarren urteurreneko ekitaldiari.

Etxarri Aranatzen izan du hitzordu egun 320 familia biltzen duen elkarteak. Iaz, aipatu dutenez, beste ehun familia berri gerturatu zitzaien informazioa eta laguntza eske.

Elkarteko partaideak eta gonbidatuak, familia argazkian. (Aitor KARASATORRE / FOKU)

María Sáez de Albéniz Bregaña herriko alkateak eman die ongietorria Naizen elkarteko familiei. Egia esan, ekitaldian, euskal erakunde eta alderdi politikoen ordezkaritza zabala ikus zitekeen, PPrena salbu: EH Bildu, EAJ, Elkarrekin Podemos... Bi aste barru Gasteizko Legebiltzarrean eztabaidagai egongo diren ‘trans legearen’ moldaketak aurrera ateratzeko izango duten babesa zabalaren adierazle.

Naizen elkartearen bederatzigarren urteurreneko ospakizun honetan Esti Urresolaren ‘20.000 erle espezie’ filmak protagonismo berezia izan du. Aingeru Mayorrek gogora ekarri duen bezala, Ekainen heriotzaren berri izan ondoren, Esti Urresola Naizen elkartera gerturatu zitzaien.

«Amets bat» bezala ikusi zuten orduan Urresolaren proiektua; egun pelikulak nazioartean lortu duen oihartzuna eta ikusgarritasuna aurrerapauso handitzat jotzen dute familia hauek.

Sofia Oterok Berlingo Zilarrezko Hartza jaso zuenean aipatu zuten legez: «Filmak haurren transexualitatera hurbiltzeko aukera eman du, ez aurreiritzi, diskurtso edo ideietatik, baizik eta bertatik, ikusia izateko beharra duen neskato horren bizipenetik, familia horrek gertatzen ari dena ulertzeko, onartzeko eta laguntzeko bizi dituen zailtasunetatik».

Berlingo jaialdian hasitako ibilbide oparoak ekarri du gogora larunbateko ekitaldian Mayorrek. Orain, Goya sarien bezperetan, beraiek ere saritu egin nahi izan dute filma.

Ekitaldian Zinegoak jaialdiko ZiNaizen aurkeztu dute ere Bea Severrek eta Zinegoak jaialdiko Alaitz Arenzanak. Bilboko gaylesbitrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdi honek haurren transexualitatearen inguruko ikus-entzunezko laburrik onena sarituko baitu atal berri batean.