INFO

SNCFk bakegileen aurka plantan emandako kalte-ordainen auzia ekainera gibelatua izan da

2022ko uztailaren 23an garatu zen blokeo egunean izandako galerak estaltzeko kalte-ordainak eskatu zituen SNCF konpainiak Tarnos parean trenbidea moztu zuten bederatzi ekintzaileen aurka. Gaur Bake Bidea elkarteak jakitera eman duenez prozedura ekainaren 3 arte gibelatua izan da.

Bakegileek trenbidea moztu zuten Tarnos herrian. (@bakegileak)

Ipar Euskal Herriaren gaindi Bakegileek eta Bake Bideak antolaturiko blokeatze egunean parte hartu izanagatik oraindik ere zabalik den azken prozedura da SNCF kopainiak abiatu zuena.

Heldu den ekainaren 3 arte itxaron beharko da, ordea, finean akordio bat izanen den edo auzi batean argituko den kalte-ordainen afera jakiteko.

Oroitzearren, 2022ko uztailaren 23an kartzela zigor luzeak jaso zituzten euskal presoen egoera desblokeatzeko desobedientzia zibil ekimen zabala gauzatu zen Ipar Euskal Herrian.

Protesta horren baitan, Baionatik gertu, Tarnos inguruan, trenbidea moztu zuten bederatzi herritarrek. Pertsona horiek atxilotu eta Landetan komisariara eraman zituzten.

Horren ondotik, Akizeko auzitegian epaitu zituzten 2022ko abenduaren 14an. Sententzia 2023ko urtarrilean iritsi zen: epaitegiak isun sinbolikoa ezarri zien ekintzaileei.

Alta, airean geratu zen kalte-ordainen atala. Bederatzi euskal herritar horiei 168.000 euroko kalte-ordaina eskatu zien, hasieratik, SNCF konpainiak, hainbat tren zerbitzu bertan behera utzi behar izan zituenez bidaiariei sorturiko kaltea ordaintzeko.

«Diru zama handia eskatzen du SNCFk, baina behar da gogoratu tren konpainiak ahal izan zuela, beste aktore ekonomiko batzuek egin zuten bezala, kalteak ekiditeko beste kudeaketa bat egin blokatze egunari begira, baina ez zuen horrela jokatu nahi izan», azaldu zuen auzi horren karietara Anaiz Funosas Bake Bideko bozeramaileak.

Bakegileen aurkako auzietan argi geratu zen kalteak saihesteko lan eskema proposatu zutela antolatzaileek, hainbat eragilerekin –tartean Baionako Merkatzaritza eta Industria Ganbara– bilerak eta mezu trukaketa erraztu zituztela.

Alta, SNCF tren konpainiaren aldetik ez zutela erantzunik jaso baieztatu zuten epailearen aurrean.

Gibelatzeak eta akordio batera iristeko ahaleginak

Iazko uztailean behar zen aztertu kalte-ordainei buruzko auzia, baina azarora atzeratu zen prozedura.

Horren ondotik, gibelatze berria heldu zen eta data berria jarri zen mahai gainean, akordioa erdiesteko, eta horren ezean, auzia egiteko: 2024ko otsailaren 5a.

Bakegileek ohar baten bidez otsailaren 6 honetan jakinarazi dutenez «interes zibilei buruzko auzia ekainaren 3ra pusatua izan da akordio edo auzi batentzako».