Pertsona nagusiei teknologiarekin laguntzeko doako zerbitzua abiatu dute Mondragoneko ikasleek
Mondragon Unibertsitateko ikaslek, Guuk euskal konpainiarekin batera, pertsona nagusiei arreta emateko zerbitzu presentzial eta doakoa aktibatu dute, zalantza teknologikoak argitzeko. Astelehenetik ostiralera emango dute zerbitzua konpainiak Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean dituen dendetan.
Astearte honetan ospatu zen Internet Seguruaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan, Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza (LEINN) graduko ikasleek Konekta-tu 2.0 ekimena aurkeztu dute Bilbon. Arreta-zerbitzu doako eta presentziala da, pertsona nagusiei digitalizatzen lagunduko diena, kolektibo horren arrakala digitala murrizteko.
Gazte horiek 2022an egin zuten Konekta-tu prestakuntza-bira garatuko du ekimenak, eta telekomunikazioetako Guuk euskal konpainiaren lankidetza izango du. Konpainiak Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean dituen dendetan emango da pertsona nagusiei digitalizatzen laguntzeko zerbitzua. Proiektu pilotu bat da, eta Bilbon izango da otsailaren 5etik 9ra; Gasteizen, 12tik 16ra; Donostian, 19tik 23ra; eta Iruñean, hilaren 26tik martxoaren 1era. Hona hemen dendetako harrera-ordutegia: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara.
INEren arabera, 65 urtetik gorako pertsonen %28,6k baino gehiagok ez dute Internet erabiltzen, eta sarea erabiltzen duten 65 eta 74 urte bitarteko pertsonen %50ek gaitasun digital urriak dituzte. Bestalde, Pentsiodunen Batasun Demokratikoak (UPD) adierazi du Estatuko pertsona nagusien %25ek ezin dituztela egin eguneroko gestioak. Beraz, izapide horiek online egitea aukera ona izango litzateke. Bestalde, 80 urtetik gorako pertsonen %76 arrakala digitalak kezkatzen ditu, eta iruditzen zaie laguntza falta dela beren digitalizazio-prozesuan.
«Adineko askok ez diete onurarik ateratzen beren mugikorrei eta ez dute online eragiketarik egiten, ez baitakite nola egin, beldur direlako gaizki egiteko eta norbaitek iruzur egiteko, eta, gainera, ez diete senide gazteagoei galdetu nahi, trabarik ez egitearren. Baina digitalizazioak baditu abantailak ere, eta haiek aprobetxatzen lagundu nahi diegu», adierazi dute Maria Bela eta Miguel Letamendi Mondragon Unibertsitateko ikasleek.
Mariak eta Miguelek irabazi zuten Guuk-ek antolatutako lehenengo Hackathon teknologikoa 2020-21an, eta esperientzia horren harira antolatu zuten 2022an Konekta-tu prestakuntza-bira. Ekimen horren bitartez, Hego Euskal Herriko 100 nagusiri baino gehiagori eman zieten prestakuntza. Saioetako parte-hartzaileek 8ko puntuazioa eman zieten, 10etik. Orain, Konekta-tu 2.0 zerbitzua bultzatzen ari dira.
Juanan Goñi Guuk-eko zuzendari nagusiak azaldu duenez, «asko kezkatzen gaitu nagusiek egungo arrakala digitalaren ondorioz duten zaurgarritasunak, eta proiektu honetan parte hartu nahi dugu, ez baitugu atzean utzi nahi kolektibo hori. Digitalizazioa fenomeno geldiezina da, baita biztanleriaren zahartzea ere. Ezinbestekoa da laguntza eta tresnak ematea pertsona nagusiei, teknologiaren onurak aprobetxa ditzaten eta garai berrietara egokitu daitezen».
Guuk-ek bat egin du Konekta-tu 2.0 ekimenarekin, eta bere dendak eta teknologia utzi dizkio, Mariak, Miguelek eta haien talde guztiak aurrera eraman dezaten beren programa pilotua. Zuzendari nagusiak gaineratu duenez, «esperientzia arrakastatsua bada eta eskaera badu, herri gehiagotan eskainiko dugu zerbitzua, eta Guuk-eko dendetan zerbitzu iraunkor gisa eskaintzea baloratuko dugu».