INFO

Odriozola: «Globalizaziorik gabe ere, Estaturik gabeko nazioak heriotzera kondenatuta daude»

‘Nazionalismoaren alde eta aurka’ egoteko argudioak plazaratu ditu Joxe Manuel Odriozolak izen bereko saiakeran. Globalizazioa eta Estatu inperialistak uztarri berari lotuta doazela eta, beraz, Estaturik gabeko nazioak, hizkuntzari eutsita ere, heriotzera kondenatuta daudela ondorioztatu du.

Odriozola, saiakera berria eskuartean duela. (Andoni Canellada | FOKU)

Joxe Manuel Odriozolak ‘Nazionalismoaren alde eta aurka’ (Elkar) saiakera berria aurkeztu du ostegun honetan Donostian. Xabier Mendiguren editorea lagun, altzotarrak liburuko edukiak aletu ditu, egun abertzaletasunaren alde zein aurka jokatzeko dituen argudioak partekatu eta atera dituen ondorioak mahaigaineratuz.

Odriozolaren hitzetan, nazionalismoaren edo abertzaletasunaren (sinonimotzat ditu altzotarrak) jokatzeko aldeko arrazoien artean daude jatorrizko herri eta etnien aberastasuna, eta horiek «atxiki eta garatzea izan beharko luke nazionalismoaren helburua», babestu du. «Munduko hizkuntza eta identitate kulturalen bilakaeraz jakinaren gainean dagoenak ondo daki Estatu gabeko edo Estatua eraitsitako nazioen atarramendua zein deitoragarria den. Geroz eta hizkuntza, herri eta identitate gutxiago dagoen mundu batera goaz. Multikulturalismoaren leloak hezurretaraino sartu digu uste hori. Eta globalizazioarekin areagotu egin da mundu homogeneorako joera», iritzi du.

Nazio «aberatsak», hegoalde globalari bizkarra emanda

Egun mundu garatuetan abertzale izateak zentzurik badu «identitateren dimentsioan» duela babestu du, hau da, nazioak dituen ondare linguistiko eta kulturalak lantzea izan beharko lukeela helburu, alor ekonomikoak alboratuta.

Izan ere, Odriozolak beste plano horretan, sozioekonomikoan, ikusten ditu abertzaletasunaren gabeziak, bere iritzian, nazio batzuen «oparotasun gehiegizkoak» beste askoren hondamendia ekarri baitu: «Iparralde globaleko nazio garatuen gurari ekonomikoak hegoalde globalaren sarraski estrukturala ekarri du; batetik mundu aberatsa dugu eta bestetik mundu txirotua, gutxieneko giza duintasunik gabeko baldintza kulturalekin». Elkartasun sareak garatu beharrean, nazioak euren zilborrari begira daudela deitoratu du Odriozolak, «hegoalde globalari uzkur eta bizkarra erakutsiz».

«Autodeterminazioaren eskubideak ezin du estali justizia sozioekonomikoaren beharra. Gu Euskal Herrian abertzaleak gara eta aberastasun batzuk gorde nahi ditugu, euskaltasuna etabar, baina horrek ezin du estali gainerakoa, mundu pobreari bizkar emanda bizitzea ez da zilegia», egin du kritika. Hori lotuta, munduan baldintza higienikoek edota goseak eraginda «egunero hiltzen duten haurrez» hedabideek ez dutela aipamendik egiten salatu du.

Politika ekononiko horietan nazionalismoa ikusten duela esan du Odriozolak, «naziotan antolatutako mundu bat dugulako. Enpresa handiak daude, Estatua bera krisian dago... eta nazionalismoak dira munduaren ardatz nagusia». Bere ustetan, hori argi ikusten da Ukraina eta Gazako gerrateetan. Israelena ideologia «nazionalimo inperialista» gisa deskribatu du, eta Errusiarena, aldiz, «nazionalista espansionista» bezala. «Nazio txikiak dira beren lurraldean ‘kabitzen’ direnak, beren identitarekin, beren kulturarekin, konformatu egiten dira», aipatu du.

Globalizazioak guzti honetan jokatzen duen paperaz ere mintzatu da. Bere hitzetan, «Estaturik gabeko nazioak edo munduko etnia edo herriak, globalizaziorik gabe ere, heriotzera kondenatuta daude». Azaldu duenez, nortasun historiko, linguistiko eta kulturalek Estatuaren beharra dute bizirauteko eta globalizazioak «hondamendi hori areagotu» egiten du. «Nazionalismo espansionistak eta globalizazioak oso ondo funtzionatzen dute uztarri berari lotuta», ondorioztatu du.

Liburuak izan dezakeen harreragatik galdetuta, ematen dituen nazionalismoaren aldeko argudioak euskal abertzaleari «ulergarriak» egingo zaizkiola esan du, ez hala kontra ematen dituenak, batez ere nazio barruko justizia sozialari dagozkionak. «Kritika hori abertzale askok ez dute ulertuko; eskuinekoek seguru ezetz, eta ezkerrekoen artean ere nazioaren barruko kideen ongizatea lehenesten da. Miseria gorrian dauden nazioak ez ditugu ikusi ere egiten», amaitu du.