INFO

Elordik eta Rezustak hondoa jo dute Tolosan oso itxura tristea eskainita (7-22)

Jaka-Mariezkurrenak ez dute gupidarik izan eta azken aukera bat eman diete Laso eta Aranguren enpresa kideei.

Erik Jakak aukerako pilota ugari izan ditu partida osoan zehar. (Aitor KARASATORRE/FOKU)

Orain arteko egunik garrantzitsuenean, Aitor Elordi eta Beñat Rezusta euren mailatik oso urrun egon dira eta jipoi handi bat hartuta ekingo diote igandean Donostian Laso-Arangurenen aurka jo jokatu beharreko hil edo biziko partidari. Inolako gupidarik gabe, Jaka eta Mariezkurrenak mesede bikoitza egin diete euren enpresa kideei, bizirik mantentzeaz harago, aurkariak oso minduta utzi dituzte, batez ere oso bigun aritu den Beñat Rezusta.

Play-offerako txartela jokoan zuten partida ezin okerrago hasi da Aspeko bikotearentzat, Elordik pasa bat egin baitu lehen sakean eta jarraian Rezustak ez du eramaterik izan Jakak zabalean ateratako lehen sakea. Eta hortik ordurakoa ez da askoz hobea izan, nahiz eta gantxo eder batekin mallabitarrak 3-1ekoa egin.

Eta ezin horretan, Beñat Rezusta izan da gehien sufritu duena, eta hori 1-6koan pilota errebotean jarri badu ere, Jon Mariezkurrenak ez duenik hainbeste jo. Bigun aritu da bergararra, sakeak altxatzeko zailtasun handiekin, hutsak ere behar baino gehiago eginaz eta Jakari aukerako pilota asko utziz. Ibilbidearen zatirik handiena elkarrekin egin dute bergararrak eta lizartzarrrak, baina kantxan ez dago lagunik eta Erik Jakak etekin izugarria atera die aurkariak biaren barruan utzitako pilota ugariei. Eraginkor aritu da oso Baikoko aurrelaria eta partida osoan akats bakar bat ere egin gabe.

Gauzak horrela partida ikaragarri azkar hautsi da, lehen atsedenaldi luzerako 11-1 aurreratu dira Jaka eta Mariezkurrena eta Elordiren susperraldiren bat egon bada ere, lehiak kolore bakarra izan du, Jaka eta Mariezkurrenaren urdina.

FITXA TEKNIKOA:

Elordi-Rezusta: 7

Jaka-Mariezkurrena: 22

Iraupena: 41,30 minutu. Markagailua: 0-3, 1-3, 1-13, 5-13, 5-20, 6-20, 6-21, 7-21 eta 7-22. Sakeak: Falta 1 Elordik eta 3 Jakak. Egindakoak: 5 Elordik, 0 Rezustak, 9 Jakak eta *2 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 2 Elordik, 5 Rezustak, 0 Jakak eta 2. Gorabeherak: 836 ikusle betekadarik ez Tolosako Beotibar pilotalekuan inauterietako lehen jaialdian.