Korrikaren petoa kioskoetara helduko da GARArekin, sei euroren truke
GARAk eta AEK-k lotutako akordioari esker, GARArekin Korrikako petoa iritsiko da kioskoetara, euskararen aldeko ekimen hau bultzatu asmoz otsailaren 17an eta 18an. Sei euroren truke erosi ahalko da, eta etekin guztiak Korrikara bideratuko dira.
Abiatu da atzera kontaketa, hilabete baino gehixeago falta da: martxoaren 14an abiatuko da 23.Korrika Irundik Baionarat. Hamar egunetan zeharkatuko du Euskal Herria euskararen alde, «herria harro dadin», eta martxoaren 24an amaituko da Baionako karriketan.
Ekimena bultzatu asmoz, eta Korrikaren ahalik eta peto gehien zabaltzeko intentzioz, otsailaren 17an eta 18an GARArekin batera eskuratu ahal izango da edizio berriko petoa bi mila kiosko eta salmenta gune baino gehiagoretan.
Lehen aldia izango da GARAren banaketa sarea baliatuz Euskal Herriko txoko guztietara petoak iristeko ahalegina egiten dena, erosleei petoa eskuratzea erraztea du helburu ekimenak. Sei euroren laguntzaren truke lortu ahalko dira peto hauek, eta eskuratutako diru guztia AEK-ra bideratuko da Korrika bultzatzeko.
Petoa eskuratzeko beste bide erraz bat ere izango dute harpidedunek. Harpidedunen txokoan eskaera egin eta egun gutxiren buruan etxeak jasotzeko aukera zabalduko baitu NAIZek. Korrikaren ibilbidea urtarrilean jakinarazi zen, ohi bezala hamarnaka herrietatik igaroko da, eta bertako herritarrek petoa jantzi, korri egin eta ekonomikoki ere bultzada ematea sustatu nahi du ekimenak.
Ekimen hau AEK-k GARArekin duen akordio zabalago baten parte da, datozen asteetan emango da itxitako akordio honen inguruko xehetasun gehiago.