Ertzaintzak Tolosan egin zuen kargaren inguruko «azalpen argiak» eskatu dituzte Villabonan
«Animoak, babesa eta maitasuna» adierazi dio Villabonako herriak Ertzaintzak Tolosan egin zuen kargaren ondorioz erietxean den gazteari. «Biolentzia poliziala» salatu dute, eta astelehen goizaldean gertatu zenaren inguruko «azalpen publiko argiak» eskatu dituzte.
Asaldatuta utzi ditu Villabonako herritarrak pasa den astelehen goizaldean 16 urteko herrikide bat larriki zauritu zuen Ertzaintzaren kargak. Galdera gehiegirekin eta, beraz, erantzunak exijituz elkartu dira horietako ehunka udalerriko Berdura plazan senideek egin duten agerraldian, Poliziaren «biolentzia neurrigabea» salatzeko. Biktimaren aitak hitz egin du: «Ez da bidezkoa. Bada garaia gauzak aldatzeko».
Arratsaldeko 19.00etan batu da billabonatar andana Ertzaintzaren jaurtigai batek jota begia larriki zaurituta duen 16 urteko herrikideari eta haren senideei babesa adieraztera. Gaztearen aitak hitz egin du, bere «haserrea» agertu asmoz eta semearen osasun egoeraren azken berriak emateko.
NAIZ Irratiak astearte goizean aurreratu duen bezala, ebakuntza eginda behar zuen gazteak, baina begiaren ingurua handituegi du horretarako, eta hantura apaldu artean, ez dute operatuko. 12-15 puntu artean eman dizkiote betazalean eta bekainean, erretina alde batetik askatuta dauka, eta begiaren barrukaldean odolbildua eta sendaezina den lesio bat, aitak jakinarazi duenez. Dena ondo bidean, ostegunean operatzekotan dira medikuak, eta horren ostean jakingo du familiak eta gazteak «zer ondorio izango dituen» jasotako kolpeak.
Foam balak erakutsi dizkio prentsari eta herritarrei. «Hauek dira nire semea jo zuten jaurtigaiak. 16 urte ditu, ez da bidezkoa. Bada garaia gauzak aldatzeko; asko aldatzeko, gainera», esan du.
Hiru eskari
Aitaren adierazpenen ostean, hainbat eskaera egin dituzte Villabonatik. Hasteko, Tolosan gertatutakoaren inguruan «lehenbailehen azalpen publiko argiak» ematea galdegin diete ordezkari publikoei, ez baitute aski Ertzaintzaren jarduera justifikatzeko orain arte eman diren azalpen apurrekin. «Entzun dugun aitzakia bakarra liskar bati amaiera eman nahi ziotela izan da», kritikatu dute. Agenteek, kargatu zutenean, «inongo segurtasun neurririk bermatu gabe» kargatu zutela salatu dute, eta horrek, jakina denez, ondorio latzak utzi ditu: «Herriko gazte bat begian kolpatu zuen, hau larriki zaurituz».
Inauteriko gau batez agenteei kargatzeko agindua emateko ardura nork izan zuen ere jakin nahi dute eta dagozkion ardurak hartu behar dituela aldarrikatu.
Bestalde, nabarmendu dute halako egoera bat ezin dela berriro errepikatu. «Herri honek ondo daki zer den Ertzaintzaren biolentzia jasatea; festa giroan neurrigabeko erabakiak hartzeak, ondorio atzeraezinak izan ditu sarri. Ez al dute azken urteetan ezertxo ere ikasi? Garaia da aski dela esateko, nahikoa dela esateko, nazkatuta gaude», agertu dute.
Erietxean den gazteari herriaren «animoa, maitasuna eta babesa» helarazi diote, eta deialdi baten berri eman dute. Larunbat honetan izango da, 12.00etan, Tolosako Triangulo plazan.
Ertzaintzako sindikatuen oharra
Bestalde, Ertzaintzako Erne, Esan eta Sipe sindikatuek astearte arratsaldean zabaldu duten ohar batean, Tolosan oldartu ziren ertzainak zoriondu dituzte, esanez «tabernako liskar» batekin hasi zen iskanbilak «tragedian» bukatu zezakeela «Ertzaintzaren jokaera profesional eta kirurgikoarengatik ez balitz».
Halaber, Josu Erkoreka Lakuako Segurtasun sailburuari eskatu defendatu ditzala eta ezeztatu dezala publikoki Tolosan gomazko pilotak erabili zituztela agenteek.