INFO

Gipuzkoako Aldundirako 119 administrari euskaldunen izendapena airean, helegite batengatik

Gipuzkoako Foru Aldundiko behin-behineko langileak egonkortzeko prozesuko 119 administrari euskaldunen izendapena airean dago, berauek finkatzeko eginiko merezimendu lehiaketan euskara jakitea eskatu zaielako. ELAk eta LABek elkarretaratzera deitu dute, eta Aldundiak bat egin du protestarekin.

Euskalgintzako eragileek deituta, elkarretaratzea egin zuten hizkuntza eskakizunak kamusten dituzten epai judizialen aurka, otsailaren 8an Iruñeko Auzitegiaren aitzinean. (Iñigo URIZ | FOKU)

119 langile euskaldunen aurkako helegitea «euskaraz bizi eta lan egin nahi duen euskal komunitatearen aurkako erasoa» dela baieztatu du LABek. Beste kolpe bat, euskararen aurkako oldarraldiaren barnean.

Aste honetan jakin du sindikatu abertzaleak Gipuzkoako Foru Aldundiko behin-behineko langileak egonkortzeko eman den prozesuko 119 administrari euskaldunen izendapena airean dagoela, berauek finkatzeko eginiko merezimendu lehiaketan euskara jakitea eskatu zaielako, II. edota III. Hizkuntza Eskakizunaren mailan.

Oraingoan, errekurtsoa jarri duen pertsonak ez du prozesuan parte hartu, ez da Aldundiko langilea ere. LABen arabera, «politikari nafar bat izan da, Bilboko abokatu ezagun baten laguntzarekin», 119 lanpostu horiek egonkortzeko onartutako oinarrien aurka jo duena, euskara lanpostu guztietan eskatzen zela azpimarratuz. «Nafarroako politikari bat, Bilboko abokatu ezagun baten laguntzarekin, Gipuzkoako deialdi bat inpugnatu nahian... Noraino zabaltzen ari da oldarraldia?», galdetu du LABek.

Behin betiko zerrenda argitaratu ondoren

Sindikatuak nabarmendu duenez, okerrena da salaketa hau 119 lanpostu horiek betetzeko prozesu amaieran eman dela, hau da, administrari gisa izendatuko diren 119 langile euskaldun horien behin betiko zerrenda argitaratu ondoren etorri da. Beraz, 119 langile euskaldunek lanpostua eskuratzeko unean iritsi da beraien aurkako erasoa.

Epaileek gaur arte aritu diren ildo beretik joko balute, langile euskaldun horietako multzo handi batek lanpostua eskuratu ondoren, utzi egin beharko luke herritarren eta lankideen hizkuntza hautua errespetatuko ez luketen langile elebakar erdaldunei ateak zabalduz.

Berme guztiekin

Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du gauza bera esan: «Plaza horiek behin betiko esleitu gabe daude», adierazi du Irune Berasaluze bozeramaileak. Azpimarratu duenez, erakundeak indarrean dagoen legedia errespetatuz egin du bai prozesu hau, bai enplegu publikoko deialdi guztiak, «berme juridiko guztiekin, eta herritarren hizkuntza-eskubideak babesteko adostasunez onartutako hizkuntza-normalkuntzako planekin bat etorriz».

Hori dela eta, aurreratu du «funtzio publikoaren eta hizkuntza-berdintasuna sustatzearen arloan dituen eskumenak defendatzen» jarraituko duela «beharrezkoa den leku guztietan, euskararen euskakizunaren aurka joan diren aurreko prozesuetan egin dugun bezalaxe, hala nola Uliazpiri dagokiona». Kasu horretan, Foru erakundeak helegite bat aurkeztu zion Justiziaren erabakiari, eta ebazpenaren zain dago.

119 administrari euskaldunen kasuan, larritasunaz jabetuta, LABek errekurtso honen aurka demandatzaile gisa aurkeztuko dela jakinarazi du, eta egonkortze prozesuan parte hartu duten eta kaltetuak direnei ere gauza bera egin dezaten eskatu die.

Elkarretaratzea, ostiralean

Bestetik, ezinbestekotzat jo du mobilizazioetara jotzea, langile kaltetuak, erabakiaren aurkakoak diren politikariak eta euskalgintzako eragileak bateraturik. ELArekin batera, elkarretaratzea deitu du ostiral honetarako, 10.00etan Foru jauregiaren aurrean, Donostiako Gipuzkoa Plazan. Haiekin bat egitera animatu dituzte Aldundiko langileak, kargu politikoak eta euskal eragileak. «Zein da ekintza honen atzean dagoen benetako intentzionalitatea? Non geratzen dira euskal herritarren eta euskal langileen hizkuntz eskubideak?». Horiek, barrua astintzen dieten galdera batzuk.

Foru erakundeak, protestan parte hartuko duela iragartzeaz gain, langileak, euskarari lotutako eragileak eta herritarrak animatu ditu parte hartzera.