INFO

Realak bere zuloak itxi eta PSGrenak aurkitu beharko ditu

Imanol Alguacilen taldea ez da kamusten den horietakoa, are gutxiago oriotarra aulkian dagoenetik. Hori argi du Nerea Zusberro kazetari eta analista teknikoak: «Realak bere jokamoldeari eutsiko dio». NAIZekin batera aztertu du PSGren eta Realaren arteko Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako lehia.

Txapeldunen Ligako partida Realaren eta Benficaren artean, Anoetan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Realak izarren artean amesten jarraitu nahi du, eta noski, bizirik iritsi Anoetara. Aurkari ahaltsua du aurrean: PSG ahalguztiduna, diruz eta izarrez betea. Imanol Alguacilen taldea, ordea, ez da kamusten den horietakoa, are gutxiago oriotarra aulkian dagoenetik. Realak eutsiko al dio bere jokamoldeari? Nork izango du baloiaren jabetza? Galdera guzti horien erantzunak argitu ditu Nerea Zusberro (Donostia, 1992) kazetari eta analista teknikoak.

Haren ustez, txuri-urdinek eutsiko diete beren estiloari, are gehiago Imanol ezagututa: «Hausnarketa bat egin dut. Imanolek Gironaren aurka proba bat egin zuen PSGra egokitzeko. Batez ere ikusita, aldeak alde, talde kataluniarrak eta frantziarrak berdin jokatzen dutela. Realak presio altua egin zion Gironari, parez pare kokatu ziren zelai erdian. Gipuzkoako taldea oso ausart ikusi nuen. Gainera, orain Barrenetxea eta Kubo osatuta, uste dut 1-4-3-3 marrazkiari eutsiko diola Imanolek».

«Orain Realak baloi jabetza izateaz gain, presio altua ere egiten du, aurkariaren atetik oso gertu baloia lapurtzeko»

Zusberrok nabarmendu du txuri-urdinek iazko denboraldiarekin alderatuta, jokoan bilakaera bat izan dutela. «Lehen asko gustatzen zitzaien baloiaren jabetza izatea, eta orain ere bai. Baina, horrez gain, badakite baloi jabetza aurkariari ematen, eta presio altu bat eginda, baloia lapurtzen aurkariaren atetik oso gertu». Gauzak horrela, donostiarrak uste du baloiaren jabetza «nahiko banatuta» egongo dela, «PSGri ere gustatzen baitzaio baloia hanketan izatea».

PSGk atzeraka korri, kostata

Luis Enriqueren taldearen indarguneak eta ahulguneak aletu ditu, eta argi ditu zeintzuk diren: aldeko dute kontraerasoan zitalak egiten dituztela Kylian Mbappe buru; kontrara, atzeraka korri egitea asko kostatzen zaie. Hor min egin dakioke Realak, Zubesrroren hitzetan.

«PSGko hiru aurrelariei espazioa bilatzea gustatzen zaie, zuzen jokatzen dute, eta aurrean jokalari azkarrak dira. Realeko defentsa lerroaren bizkarrera eraso egingo dute, eta kontuan izanda Realak atzeko lerroa aurreratuta izaten duela, adi jokatu beharko dute».

Luis Enriqueren taldeak 1-3-4-3 marrazkian jokatzen du; Zusberroren esanetan, erdian lau jokalari aritzen dira, eta karratu bateko erpinen gisara kokatzen dira: «Orain modan dago hegaleko jokalari bat barrutik sartzea, PSGren kasuan Achraf Hakimi izan ohi da eta batzuetan Warren Zaire-Emery ere kokatzen dute kanpotik, gero barrura sartzeko».

«Defentsa lerroaren bizkarrera eraso egingo dute, eta kontuan izanda Realak atzeko lerroa aurreratuta izaten duela, adi jokatu beharko dute»

Eta sistema hori guztia borobiltzen duen jokalaria Mbappe da. Zusberroren esanetan, azken hilabeteetako berritasuna da aurrelari frantziarrak aurrelari gisara jokatzen duela, normalean ezker hegalean aritzen denean. «Postu horretan Mbappek buruz burukoan duen abilezia galtzen du, baina asko ematen dio taldeari zelai erdira jaisten denean baloia jasotzera. Hor bizkarrez jaso eta bira egiten badu, trantsizio oso azkarrak egin ditzazkete».

Hor uste du Zusberrok egon daitekeela partidaren gakoa, eta Realak «lan handia» egin beharko duela, ez bakarrik PSGk hegaletik dituen jokalariekin, baita lerro artean aritzen direnekin ere. «Hegaleko jokalariak oso azkarrak dira. Ousmane Dembele nahiko finkatuta dago eskuin hegalean, eta gero ezkerrean zalantza dut ea Bradley Barcolak edo Randal Kolo Muanik jokatuko ote duen. Barrutik, berriz, Mbappez gain, Zaire-Emery ere gaztea izan arren, oso teknikoa da, mugikortasun handia du».

Sona ere badago jokoan

PSGk azken urteetan hiru izar handi izan ditu taldean: Neymar, Messi eta Mbappe. Hirurak mundu mailako jokalari onenak badira ere, Zusberrori galdetuta ea hirurak taldean egoteak ez ote zuen taldearen sendotasuna nolabait hausten, erantzun du ez dela ausartzen hori baieztatzera, baina aurten PSGk orekagatik apustu egin duela.

«Luis Enrique oreka hori lortzen ari da, jokalari defentsiboagoak ditu, batez ere euskarri postuan, eta zertxobait taldea janzten dute». Hala ere, Zusberrok nabarmendu du gabeziak izaten jarraitzen dituztela, eta bat aipatu du guztien gainetik: denbora luzez baloiaren atzetik korri egiteko gaitasun falta, eta eraso-defentsa trantsizioetan ez direla finak.

Donostiarraren esanetan, Txapeldunen Ligan oso ondo menperatu behar dira defentsa-eraso eta eraso-defentsa trantsizioak, eta hain justu, baloia galtzen dutenean, gabezia «asko» dituzte.

«Itxura ere garrantzitsua da, eta hori Europan ere lortu du. Reala denon ahotan egon da»

«PSGri gustatzen zaio denbora luzez baloia jabetza izatea, Frantziako ligan ohituta daude horretara, eta baloi jabetza luzeak izaten dituen aurkari bat baldin badute, ez dute gaitasunik denbora luzez alde batetik bestera baloiaren atzetik aritzeko. Ez dute koordinaziorik, eta baloia galtzean nabarmen zatitzen den taldea da». Hori Realak probestu behar du: «Espazioak agertuko dira, eta horrek baldintzatu dezake gehien PSGren errendimendua».

Zusberrorentzat berdinketa lortzea «izugarria» litzateke, «Anoetara bizirik iristea da helburua». Horrez gain, azpimarratu du, sailkatzea sekulakoa litzatekeela, bai kirol arloan, bai Txapeldunen Ligan ospea irabazteko ere: «Realak hori oso argi zuen lehiaketa hasi baino lehen. Itxura ere garrantzitsua da, eta hori Europan ere lortu du. Reala denon ahotan egon da. Anoetara bizirik iristea litzateke lehiatu dutenaren isla».