Binakako Txapelketak azken partidaraino eutsiko dio emozioari
Aitor Elordik eta Beñat Rezustak kezkatuta amaitu dute igandeko Donostiako partidarako material aukeraketa, Laso-Arangurenek aukeratutako bi pilota baxuegiak direla iritzita.
Halako txapelketa luzean –56 partida–, ohikoa izaten da azken jardunaldiko partidaren batek sailkapenean inolako garrantzirik ez izatea –egia da play-off sistema ezartzeak hauen kopurua murriztu duela–, baina aurtengo Binakakoak azken jardunaldiko azken partidara arte eutsiko dio emozioari. Hainbeste ezen, jokoan ezer ez duten bi bikoteren arteko ostiral honetako Altsasuko lehiak –Jaka-Mariezkurrenak ziurra dute lehen postua eta Ezkurdia-Tolosa txapelketatik kanpo daude– eragina izango du, txikia baina eragina, seigarren posturako lehian. Kontua da Burundan Ezkurdia-Tolosa 22ra heltzen badira, Elordi-Rezusta igandean Atanon Laso-Arangureni irabaztera behartuta leudekeela; liderrek irabazten badute, ordea, nahikoak lituzkete 20 tanto.
Jardunaldiko beste partidan, larunbatean Labriten ere, asko dago jokoan, Artola-Imaz eta Peio Etxeberria-Zabaletaren artean gailentzen dena –etxarrendarrak oraindik ez du baieztatu jokatuko duen– finalerdietarako txartela eskuratuko du zuzenean eta galtzaileak Altuna-Martijaren aurka jokatu beharko luke play-offean, ostegunean Tolosan. Peña-Albisuk ostiral gauez jokatuko dute Zornotzan igandean Donostian aurrera egiten duen bikotearen aurka.
Kezka materialarekin
Partida horretarako materiala apartatu dute gaur goizean Atano III.ean eta bolada oso txarrean diren Elordi-Rezustak kezkatuta amaitu dute, aurkariek aukeratutako hiru pilotetatik bi baxu xamarrak iruditu zaizkielako, are gehiago Amarako pilotalekuko paretak grisez margotu zituztenetik, pilotak gehiago gastatzen direla jakinda. Hala ere, euren jokoa dute benetako kezka iturria. «Garbi esanda, guretzat azken partidak ez dira batere onak izan, niretzat pertsonalki ere ez, ez dut uste ondo jokatzen ari naizenik, azken partida hauetan batez ere, baina beste inora begira egon gabe, gure esku dugula pentsatu behar dugu», azaldu du atzo urteak bete zituen Beñat Rezustak.
Aitor Elordik ere argi du «psikologikoki gogorragoak izan behar dugu, azken partidetan ez gara izan eta. Gauzak okertu direnean ezin gara behera etorri eta 22. kartoira arte lehiakorragoak izan behar dugu».
Alde horretatik, oso bestelako bolada batean aurkeztuko dira igandeko lehiara Laso eta Aranguren. «Duela lau aste sailkapena nola zegoen ikusita, sinatuko genukeen azken jardunaldi honetara horrela heltzea, behintzat gure esku dago eta hori nahi genuen», azaldu du atzelari aginagarrak.
Bere bikotekide Unai Lasok ere, pertsonalki gora eginda iristen dela uste du azken partida honetara. «Partida polita da, nik uste txapelketan izan dugun politena eta asko dugu irabazteko. Nik uste ez dugula horren txapelketa txarra egin, irabazteko moduan izan garen partidak izan ditugu, gero gutxigatik galdu ditugunak 22-19 edo 22-20. Motibazio askorekin nago, azken asteetan berreskuratu dut eskuineko sotamanoa, askoz hobeto nago, nire burua hobeto ikusten dut eta hori oso garrantzitsua da niretzat».
Elezkano, kantxetara itzultzeko zain
Kantxetara itzuli ezinik jarraitzen duena Danel Elezkano da. Zaratamokoak abenduaren 26an jokaotu zuen bere azken partida Tolosan eta ordutik min hartuta jarraitzen du. Bere enpresak igorritako senda agiriraren arabera, aurrelariak «eskuineko brakialgia prozesu» bat du, bizkarreko eta gerriko mina eragiten diona. Fisioterapia jasotzen ari da, berregokitze funtzionala egiten ere hasi da baina bere garapenak erabakiko du noiz den berriz ere jokatzeko moduan.