INFO

EHUko irakasle eta ikertzaileak grebara deitu dituzte martxoaren 6an eta 12an

LAB, Steilas eta ELA sindikatuek bi greba egun deitu dituzte EHUn, martxoaren 6an eta 12an. «EHUko zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzaren itxikeriaren aurrean, irakasle-ikertzaileok grebara!», adierazi dute ostegun honetan Gasteizen egindako agerraldian.

Gasteizen eskainitako agerraldiaren argazkia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

«EHUko zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzaren itxikeriaren aurrean, irakasle-ikertzaileok martxoaren 6an eta martxoaren 12an grebara!». Hala adierazi dute LAB, Steilas eta ELA sindikatuetako ordezkariek Gasteizen ostegun honetan egindako agerraldian.

Arabako campusean eskainitako prentsaurrekoan izan dira Iñaki Etaio (LAB), Estitxu Villamor (Steilas) eta Ane Bilbao (ELA). Azaldu dutenez, «ikasturte honetako lehen lauhilekoan EHUn greba egitera eta mobilizatzera bultzatu gintuzten arazo gehienek beren horretan diraute bigarren lauhilekoaren hasiera honetan».

«Aste hauetan zehar, negoziazio mahaiaren bi bilera izan ditugu baina Errektoretza erabat itxita agertu da sindikatuek aurkeztutako proposamenen aurrean. Nabarmentzekoa da, bereziki, ordezko irakasleen lan baldintzak hobetzeko proposamenen aurrean zuzendaritzak erakutsitako egoskorkeria. Eusko Jaurlaritzaren jarrera pasiboa ere onartezina izan da», gaineratu dute.

Sindikatuen aldarrikapen nagusiak gogoratu dituzte, haien artean «irakasle ordezkoen prekarizazioarekin amaitzea, langile guztion erosahalmenaren berreskuratzea, irakaskuntza eta lan zamaren jaitsiera, eta oro har Unibertsitatearen finantzaketa handitzea».

«Honen aurrean, Errektoretzak eta Eusko Jaurlaritzak eman dituzten pausoak oso eskasak izan dira. Ez dute hitz egin nahi 41/2008 Dekretua aldatzeaz, ordezko irakasle prekarioen miseriazko soldatak finkatzen dituena, edota haien soldatak EHUn bertan negoziatzeaz. Ez dute ezer jakin nahi EHUko langileon erosahalmenaren berreskurapenaz, edota irakasle-ikertzaileok 2006tik hona izoztuta ditugun osagarri gehigarrien eguneratzeaz; %30etik gorako balioaren galera izan dugu. Ez dute ezer entzun nahi azken boladan langileen aldeko epaiak betetzeaz, ikertzaileak, seiurtekoak denontzat, bosturtekoak lanaldi partzialeko langileentzat... eta, erretiroen inguruko murrizketen aurrean garaipen judiziala egonda ere, Unibertsitateak bere horretan darrai», salatu dute.

Halaber, «arazo estruktural eta prekarizatzaileen gorakadak» ordezko irakasleen lan baldintzen okertzea ekarri duela azpimarratu dute. «USLO indarrean sartu zenetik, hutsik dauden lanpostuen ordezkapen kasuetan izan ezik, ordezkoei ez zaie osoko jardunaldia aitortzen, nahiz eta ordezkatuak hala izan: ez klaseen prestakuntza, ez formazioa edota irakaskuntzari lotutako kudeaketa, eta miseriazko soldatetara kondenatu dituzte».

«Baldintza horietan dauden langileak guztiz egoera prekarioan daude, eta baldintza kaskar hauek izanagatik lanpostu asko ordezkatu gabe geratzen dira, sailetako beste irakasleei lan zama handituz. Honek guztiak eragin zuzena dauka irakaskuntzaren kalitatean, ikerkuntzan eta unibertsitatearen kudeaketa egokian», ohartarazi dute, eta egoera honen aurrean bi greba egun deitu dituztela iragarri.

Martxearen 6an, EHUko unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak daude deituta eta martxoaren 12an, sektore publikorako mobilizazio dinamikarekin bat eginez, unibertsitateko komunitate osoko langileak deitu dituzte sindikatuek. «Errektoretza taldearen jarrera murriztailearen eta Eusko Jaurlaritzan jarrera immobilistaren aurrean, EHUko irakasle eta ikertzaileok mobilizatzen jarraitu beharko dugu lan baldintza egokien defentsan», diote.