INFO

Euskaltel-Euskadik eta Kern Pharmak Vueltan lehiatzeko gonbidapenak jaso dituzte

Euskaltel-Euskadik eta Kern Pharmak aurtengo Vueltako edizioan lehiatzeko gonbidapenak jaso dituzte, iaz bertan lehiatzeko aukerarik gabe geratu ostean. Bi taldeek beraien zoriontasuna adierazi dute beraien sare sozialen bitartez.

Euskaltel-Euskadiko Ibai Azurmendi, 2022ko Vueltako etapa batean, Euskal Herrian. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Euskaltel-Euskadi eta Kern Pharma taldeak abuztuaren 17tik irailaren 8ra jokatuko den Espainiako Vueltaren 79. edizioan lehiatuko dira, antolakuntzaren gonbidapena jaso ondoren, Unipublic enpresa antolatzaileek ohar baten bidez ostiral honetan iragarri duenez.

Horrela, eta Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren arauei jarraikiz, UCI WorldTour kategoriako 18 taldeek, Lotto Dstny eta Israel Premier Tech 2023ko bi ProTeam talderik hoberenek eta Euskaltel-Euskadi eta Kern Pharma taldeek jokatuko dute 2024ko Espainiako Vuelta.

Lasterketa Portugalen abiatuko da bigarren aldiz, 1997ko edizioan Lisboatik atera ondoren, eta lehenengo etapa 12 kilometroko banakako erlojuz kontrakoa izango da, Portugalgo hiriburuaren eta Oeiras herriaren artean.

Euskaltel-Euskadi taldeak X sare sozialean argitaratutako mezu batean nabarmendu du Espainiako Vueltan parte hartzeko gonbidapena jaso izana «eguneroko lanaren saria» dela, eta, antolakuntzari eskerrak eman ondoren, ziurtatu du «mailarik onena» emango duela errepidean. «Gonbidapen hau guretzat dena da», adierazi du Jorge Azanza zuzendariak.

«Azken urteetan taldea hazten ari da eta honek, hauspo itzela emango digu kirol arloan. Gonbidapen hau jaso izanak balio behar digu hurrengo lasterketetan maila onenean lehiatzeko», esan du. Vueltako erronkei dagokionez, aurreratu du etapen bat irabazteko borrokan aritzea dutela xede.

Era berean, Kern Pharma talde nafarrak ere mezua argitaratu du sare sozial berean, antolatzaileei eskerrak emanez eta Vueltan berriro parte hartzeagatik «harro» daudela eta talde guztien artetik «nabarmentzeko» guztia emango dutela adieraziz.