INFO

‘Euskararen semaforoa’ jarriko dute abian Aiaraldean, ekintzen euskara maila jakinarazteko

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak ‘Euskararen semaforoa’ izeneko ekimena jarriko du martxan eskualdean. Aisialdiko ekintzek, ikastaroek, mintzaldiek, kontzertuek, argitalpenek eta jai egitarauek, besteak beste, eskaintzen duten hizkuntza aukerei buruz informatzeko.

‘Euskararen semaforoa’rekin ekintzen euskarazko eskaintzaz informatuko dute. (Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua)

Aiaraldean egiten diren kulturako, aisialdiko, gogoetako eta musikako ekintzen euskararen presentziaz informatzeko ‘Euskararen semaforoa’ jarriko du martxan Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak.

Kontseiluak azaldu duenez, ‘nutri-score’ elikagaien balio nutrizionalei buruz informatzeko ikur-sortan oinarritu dira, «euskal hiztunak behar dituen ‘elikagaien’ informazioa azkar batean jaso dezan. Zein ekintza da euskaraz? Eskaintza erdaraz izanagatik euskaraz mintzatzeko aukera izango al dut?».

Honekin, euskarazko eskaintza eta kontsumoa bultzatzeaz gain, kontseiluaren arabera, «alor batzuetan euskararen eskaintza handitzeko beharra nabarmen eta agerian utziko du ekimenak». Ekimenaren antolatzaileek «beharrezkotzat» jotzen dute programatzeko orduan hizkuntza eskubideengan arreta jartzea.

«Bide berriak zabaldu behar dira baita, adibidez, erdaraz eskaintzen den hitzaldi batean publiko euskaldunak galderak bere hizkuntzan egiteko aukera bermatuz; edo erdaraz eskaintzen den ikastaro batean, ikasleari euskaraz mintzatzeko aukera emanez, irakasle elebidunak kontratatuz», adierazi du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak.

Hortaz, elkarteak, instituzioak, programatzaileak, antolatzaileak eta sortzaileak tresna hau erabiltzera deitu dute, baita #EuskararenSemaforoa traola sareetan erabiltzera ere. Herritarrei, berriz, euskarazko kultura, aisialdia, ekintzak eta ikastaroak eskatu, bultzatu eta kontsumitzera deitu ditu.