Jaka-Mariezkurrenak presio pixka bat kendu diete Elordi-Rezustari igandeko partidari begira
Hutsez beteriko partida batean –Jakak material «txarra» bezala definitu ditu pilotak–, liderrek asko sufritu behar izan dute 22ra iristeko. Ezkurdia-Tolosak ezin izan dute garaipen batekin agur esan txapelketari (20-22).
Aitor Elordi eta Beñat Rezusta adi-adi egongo ziren gaur gauean, telebistari itsasita, Altsasuko Burunda pilotalekuan jokatutako partidan zer gertatzen zen ikusteko. Egia esan, ez dago alde handiegirik igandeko neurketari begira Aspeko bikoteak egin behar duenerako. Hori bai, liderren garaipenak gauzak erraztu die zertxobait eta, orain, 20 tantora iristea balio die seigarren postua eskuratu eta finalerdietako ligaxkan egoteko.
Giro polita jaso duen Burunda pilotalekuan ikusitako neurketa ez da ona izan, nahiz eta markagailuan berdinketa nabaritu den azken momenturarte. Erik Jaka kexu azaldu da materialarekin partida amaieran telebistaren aurrean, eta egia da lau pilotariek ez dutela bere maila eman.
Jakak berak ireki du markagailua ezker gantxo polit batekin, baina ondoren huts gehiegi pilatu dituzte protagonistek kantxa barruan (19 huts kontatu ditugu guztira, eta hauei Ezkurdiak sakez egindako lauak ere gehitu daitezke). Arbizuko aurrelariak –etxetik gertu gaur– eta Xabi Tolosak txapelketa zapore on batekin amaitzea zuten helburu behin kanporatuta daudela bazekitela; Jakak eta Mariezkurrrenak, ordea, orain arte erakutsitako maila onarekin jarraitu nahi zuten. Garaipena eskuratu dute, baina sentsazioak ez dira guztiz onak izan eta ikusi beharko da finalerdietako ligaxkara nola iristen diren.
Aipaturiko huts ugariek ez dute neurketa on bat ikusten utzi, baina ikuskizuna edo emozioa azken momenturarte mantendu da behintzat. Azken tantoetan ikusi dira jokaldirik politenak. Hala, bat azpimarratu beharko bagenu, hori 18-21ekoa da, adibidez. Ezkurdiak bolea bota du ezker paretara, Jakak altxa egin du baina tartean geratu da makurtuta eta arbizuarrak ezkerrez dejada bota behar izan du zabalera, aurkariengandik urrun. Tantoa gorrientzat zela espero zenean, Mariezkurrena agertu da korrika bizian eta moztutako pilota batekin egin du tantoa.
Hortxe animatu da neurketa. Hurrengo tantoan, Ezkurdiak paretan itsatsi du pilota 19-21ekoa egiteko. Arbizuarrak berak 20-21ekoa ere egin du urdinak ondo mugituz eta atzean amaituz. Baina hortxe amaitu dira Aspeko bikotearen esperantza eta ibilbidea Binakakoan. Jakak zabalean ezkerrez amaitu du tantoa eta ligaxka luze honetako azken partida.
PARTIDAKO FITXA:
Ezkurdia-Tolosa: 20
Jaka-Mariezkurrena II.a: 22
Pilotakadak: 502. Iraupena: 58:41 minutu. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-4, 5-4, 5-7, 6-7, 6-8, 9-8, 9-10, 13-10, 13-13, 14-13, 14-14, 17-14, 17-18, 18-18, 18-21, 20-21 eta 20-22. Sakez egindako tantoak: 4 Ezkurdiak eta 0 eta pasa bat Jakak. Jokoan egindako tantoak: 5 Ezkurdiak, 2 Tolosak, 9 Jakak eta 2 Mariezkurrena II.ak. Galdutakoak: 5 Ezkurdiak, 6 Tolosak, 3 Jakak eta 5 Mariezkurrena II.ak. Gertakariak: Giro polita Altsasuko Burunda pilotalekuan Binakako Txapelketako ligaxkako azken jardunaldiko partida ikusteko. Lehen sakea urdinentzat.