INFO

Israel, kazetarien kartzelari

Kazetariak Babesteko Batzordearen (CPJ) espetxe erroldaren arabera, Israel preso gehien dituzten herrialdeen zerrendan dago; zehazki, seigarren postuan. 25 kazetari atxilotu ditu Estatu sionistak, eta Palestinako Kazetarien Sindikatuak dio guztira 60 kazetari daudela Israelgo espetxeetan.

Wael al Dadu kazetariak familia osoa galdu zuen israeldarren eraso baten ondorioz. (Bashar TALEB | EUROPA PRESS)

Azaroaren 19an, Mosab Abu Toha poeta palestinarra atxilotu zuten Israelgo segurtasun indarrek, familiarekin Gaza hegoaldera ihes egiten ari zela, The New Yorker, CNN eta Al Jazeera komunikabideen arabera. «Salbu nago, baina min handia daukat sudurrean, hortzetan... Israelgo armadako kideek emandako jipoien ondoren», argitaratu zuen Abu Tohak Facebooken azaroaren 24an, aske geratu ondoren. Israelgo Defentsa Indarrek ohar batean adierazi zutenez, Abu Toha itaundu egin zuten «inteligentzia zerbitzuek Gazan hainbat zibilen eta erakunde terroristen arteko interakzioak» detektatu ondoren.

Egun bat lehenago, azaroaren 18an, Ibrahim al-Zouhairy kazetari palestinarra, Al-Hadath albiste webguneko kolaboratzailea, atxilotu zuen Israelgo Armadak Burham herrian, Ramallah iparraldean, Zisjordanian, Kazetari Palestinarren Sindikatuaren arabera. Al-Zouhairyren arreba Hala al-Zouhairy kazetariaren arabera, soldaduek eraso egin eta familia hiltzearekin mehatxatu zuten. Gainera, egozten dizkioten karguen inguruan berririk ez duela adierazi du, eta bere abokatuek ez dutela atxiloketaren arrazoiari buruzko informaziorik.

Urriaren 7tik Israelek atxilotu dituen 25 kazetarietatik bi baino ez dira Abu Toha eta Al-Zouhairy, Kazetariak Babesteko Batzordearen (CPJ) espetxe erroldaren arabera. New York-eko entitateak mundu mailako kazetarien bortxaketak dokumentatzen ditu, eta, Palestinan, mehatxu, eraso, ziber-eraso eta gaitzespen ugari dokumentatu ditu azkenaldian. Otsailaren 7an, CPJren erregistroek erakusten zuten kazetari horietako 19k espetxean jarraitzen zutela. Hala ere, Palestinako Kazetarien Sindikatuaren arabera, baliteke guztira hirurogei kazetari palestinar izatea Israelgo kartzeletan.

Atxiloketa horiekin guztiekin, CPJren arabera, Israel munduko kazetari kartzelari nagusietako bat bihurtu da. Estatu sionista behin baino gehiagotan agertu da errolda horretan, baina urriaren 7tik kazetari palestinarren atxiloketarik basatiena gauzatu du, CPJ 1992an atxiloketak dokumentatzen hasi zenetik. Egun, Israel preso gehien dituzten herrialdeen zerrendan dago; zehazki, seigarren postuan -Iranekin berdinduta-, Txina, Myanmar, Bielorrusia, Errusia eta Vietnamen atzetik, hurrenez hurren.

Israel sailkapen horretan sartzea Zisjordania okupatuan bere Ejertzitoak aplikatutako “atxiloketa administratiboak” bultzatu du. Espetxeratzeko neurri horrekin, komandante militar batek kargurik gabeko edonor atxilotu dezake, eta presoaren atxiloaldia mugarik gabe luzatu, etorkizunean deliturik egin ez dezan. Neurri eztabaidagarri horren erabilera areagotu da genozidioa hasi zenetik, eta milaka palestinar atxilotu ditu Israelek.

Kazetari gehienak, beraz, administrazio-atxiloketan daude, eta prozedura horien izaera itxiak zaildu egin die CPJko ikertzaileei kazetariek aurre egin behar dieten akusazioak ezagutzea, baina hainbat familiak jakinarazi dute uste zutela kazetariak sare sozialetan argitaratzeagatik kartzelatu zituztela.

Hassouna Sleem eta Sary Mansour kazetarien gorpuak Gazako ospitale baten aurrean. (Al HWAJRE / EUROPA PRESS)

Ildo beretik doa Shuruq Asad, Palestinako Kazetarien Sindikatuko bozeramailea, eta, Efe agentziari adierazi dionez, «kazetari asko atxilotu dituzte Gazari buruz sare sozialetan argitaratu zituzten edukiengatik». Gainera, espetxeko «basakeria» salatu du Asadek. «Oso modu basatian tratatzen dituzte, galdeketak oso gogorrak dira», gaineratu du, aske utzi zituzten atxilotuek -batez ere Gazakoek- horren testigantza eman dutela azaltzean.

«Kazetari batek esan zuen Israelgo Armadak denbora luzez jipoitu zuela, arropa kendu eta kanpora ateratzen zutela, iraindu egiten zutela, ia janaririk edo urik ez zuela eta inkomunikatuta zegoela, inorekin harremanetan jartzeko gaitasunik gabe eta bere familiak haren berri izan gabe», azaldu du Asadek sindikatuak dokumentatutako kasu bati buruz.

Prentsa askatasunaren falta

CPJren arabera, urriaren 7tik aurrera eskualde osoko kazetariek eta komunikabideek «etsaitasunezko ingurune bati aurre egin behar izan diote, eta, horren ondorioz, tokian bertan informazioa ematea oso arriskutsua izan da». Izan ere, Gazako iparraldean, hango hirian barne, dozenaka kazetari baino ez dira geratzen. «Ahalegin handia egiten dugu janaria emateko, eta internet edo diru pixka bat izan dezaten», ziurtatu du Zisjordanian egoitza duen sindikatuak.

Gainera, sindikatuak salaketak prestatzen ari dira Nazioarteko Zigor Auzitegiaren (CPI) aurrean aurkezteko eta Israeli Gazan «kazetarien hilketa sistematikoa» leporatzeko. Ofentsiba urriaren 7tik areagotu den arren, Asadek dio jazarpena urrunetik datorrela eta Israelgo Ejertzitoak Palestinako lurraldean duen jarduera-eredua dela.

Ildo horretan, Israelek 2023an preso hartutako kazetarien zerrendan duen presentziaren froga da, Joei Ginsberg CPJko zuzendari exekutiboaren arabera, «Israelek kazetari palestinarrak isilarazteko metodo drakoniarrak aplikatzen dituen bitartean, prentsa askatasuna bezalako oinarrizko arau demokratiko bat desagertzen ari dela».

Guztira, CPJk preso dauden 320 kazetari dokumentatu zituen 2023ko abenduaren 1ean argitaratutako erroldan. Zifra hori entitateak 1992an errolda hasi zuenetik erregistratutako bigarren handiena da, «autoritarismo errotuaren eta ahots independenteak itotzeko erabakia hartu duten gobernuen bortizkeriaren barometro kezkagarria». Mugarik Gabeko Kazetarien arabera, berriz, 779 kazetari espetxeratu dituzte aurten munduan, eta 547 kartzelan daude gaur egun. Erakundeak, gainera, gero eta ohikoagoa den informazioaren arloko emakume profesionalen errepresioa jasotzen du.

Kazetari palestinarrak Israelgo Armadak Gazan egindako sarraski baten berri ematen (Atia DARWISH / EUROPA PRESS)

CPJren ikerketara itzuliz, honek erakusten du erroldan agertzen direnen erdiak baino gehiagok (168k) albiste faltsuei eta Estatuaren aurkako akusazioei egin behar dietela aurre, hala nola «terrorismoa» bezalako akusazioei.

Hala, 66 kasutan, atxilotuei ez diete oraindik jakinarazi zer kargu leporatzen dizkieten. Askotan, baldintza krudelei egin behar izaten diete aurre, berme prozesalak desagertzen dira agintariek kazetarien atxiloketa luzatzen dutenean akusazioaren eta epaiketaren aurretik, eta kazetarien abokatuek ere errepresaliei aurre egin behar diete.

Erakundearen arabera, Asia da oraindik ere espetxeratutako kazetari kopuru handiena duen lurraldea. Lehen postuetan dauden herrialdeez gain -Txina, Myanmar eta Vietnam-, Indian, Afganistanen eta Filipinetan ere kazetariak zeuden kartzeletan 2023an. «Indiako 2024ko apirileko hauteskundeak prentsa-askatasunaren froga izatea espero da, terrorismoagatik izandako prozesu judizialak, lege kikilgarriak eta erredakzioetan indarrez sartzeko joerak arau bihurtu diren herrialde batean», adierazi du.

«Mundu osoan iritsi gara une kritiko batera. Kazetaritza-lana zapaltzen duten legeak erabiltzeari utzi behar diogu. Urte historiko batean, milaka milioi boto-emaile mundu osoko bozkalekuetara joango dira, eta komunikatzaileek informatzeko askatasuna dutela bermatu behar dugu, demokrazia ez kaltetzeko», azpimarratu du Ginsbergek.

 

ISRAELEK KAZETARITZA ISILDU NAHI DU GAZAN: «LEHEN HELBURUA DIRA»

Espetxeratzeaz gain, Israelgo armadak etengabe hil ditu kazetariak urriaren 7tik. Zehazki, Gazako kazetarien %10 hil dira hiru hilabete eta erdiko erasoaldian Shuruq Asad Palestinako Kazetarien Sindikatuko bozeramaileak Efe albiste agentziari egindako elkarrizketa batean emandako datuen arabera.

Kazetarien eta hedabideetako langileen artean, hildakoak gutxienez 113 dira. Sindikatuak 3.600 kazetari palestinar biltzen ditu, 2.400 Zisjordanian eta 1.200 Gazan.

Baina zifrak aldatu egiten dira iturriaren arabera. CPJren aurretiazko ikerketen arabera, Israelek gutxienez 85 kazetari hil ditu urriaren 7tik. Eta Gazako gobernuko komunikabideen bulegoaren arabera, gutxienez 100 kazetari hil dira Ejertzito sionistaren ofentsiban. Hala eta guztiz ere, inoiz izan den gatazka batean hildako berriemaileen kopururik handiena da.

«Lehen helburua dira, ez baitute gertatzen ari denaren berri ematerik nahi, eta izua eta beldurra zabaldu nahi dute kazetarien artean», adierazi zuen Asadek. Eta Gazako kazetari askok «hil edo eraso egingo zietela zioten mehatxuak jaso zituztela» salatu zuen.

Kazetari bat Israelgo aire erasoek Deir al Balahen, Gazako erdialdean, palestinarren etxeetan eragindako kalte eta suntsiketen berri ematen (Yousef MOHAMMED / EUROPA PRESS)

Baina kazetariez gain, Israelen erasoek 50 komunikabideen bulego baino gehiago suntsitu dituzte Gazan, eta ehunka kazetari palestinarrek eta haien familiek hegoaldera joan behar izan dute. Beste batzuek ez dute hainbeste zorte izan. Wael al Dadú Al Jaazera Qatarreko telebista kateko bulegoko buruaren kasua da. Gazako genozidioaren berri ematen duten kazetari palestinarren artean aurpegi ikusgarrienetako bat bihurtu da. Izan ere, Al Daduk emaztea, bi seme-alaba eta bilobetako bat galdu zituen urrian Israelgo Armadak Nuseirateko errefuxiatu-esparruaren aurka egindako eraso batean, Gaza erdialdean, eta orain ama galdu du. Kazetariak, beste askok bezala, Gazatik alde egin behar izan du.

Israelek kazetari palestinarren aurka egindako erasoaldiaren aurrean, Kazetarien Nazioarteko Federazioak (FIP) iragarri du nazioarteko auzitegietan salatuko dituela Israelgo politikariak eta armadako komandanteak, erakundeak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari eta Yoav Gallant Defentsa ministroari bidalitako gutun batean adierazi zuenez. Gauza bera egingo du Palestinako Kazetarien Sindikatuak.

Gutunean, FIPek Nazio Batuen Nazioarteko Justizia Gortearen (CIJ) epaia betetzeko eskatu zien, honek Israeli agindu baitzion bere militarrek ez dezatela hautsi Gazan Genozidioari buruzko Konbentzioa, eta zibilak hiltzeari uzteko ere eskatu zion.