INFO
Elkarrizketa
Xabi Barandika
Puntista

«Lekerika oso une gozoan ikusten dut, engantxatuta; eurak dira finaleko faboritoak»

Xabi Barandikak (Gernika-Lumo, 1990) aurten harmailatik ikusi behar izan du Winter Series txapelketa. Iaz finala jokatu zuen, Unai Lekerikabeaskoarekin batera, eta garaipenetik gertu ibili ziren. Orain belauneko lesioa osatzeko errekuperazioan buru belarri dihardu, eta udan berragertzea espero du.

Xabi Barandika, Gernikako Jai Alai pilotalekuan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Pilotaren mugimendua adi-adi jarraitzen duela dago Xabi Barandika, bere entseguaren aurretik Gernika Jai Alaiko kantxan dauden lau puntista afizionatuei begira. Elkarrizketa osoan pilotaren hara eta honakoari ez dio begirik kentzen. Inbidia ematen dio, oraindik bakarka entrenatzen ari baita. Abuztuan ebakuntza egin zioten, eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi ondotik. Sei hilabete igaro diren honetan, urratsak egiten ari da errekuperazioan, «gutxika-gutxika eta pazientziaz». Lehen aldiz egon da hainbeste denboraz geldirik, kirolaren alde iluna eta bakartia ezagutu du, eta jomugan dauka martxoa, «entsegu normalak egiten hasi ahalko» duelako. «Gaur lagun batek esan dit: ‘Astebete falta zaizu entsegu normalak hasteko. Beraz, ez ezazu orain arte egindako lana pikutara bidali’», kontatu du.

Iaz, garai honetan, Winter Serieseko final handia prestatzen zebilen, Unai Lekerikabeaskoa bikote zuela, lagun mina eta ibilbide profesionalean bidelagun handia. Galdu egin zuten final hura, Diego Beaskoetxea-Zabalaren aurka, azken tanto epiko batean. Aurten Lekerikak beste aukera bat izango du, Goiko lagun izango duela, zumaiarraren azken dantzan, Erkiaga-Ibarluzea bikotearen aurka. Barandikak final handia errepasatu du GARArekin, eta zesta-puntaren osasuna ere bai, Gernikan eta Euskal Herrian, oro har.

Inbidiaz zaude, normal entseatzeko. Baina baita ere astelehenero harmailetan egon zarenean ere.

Bai, lehenbiziko astelehenak gogorrak izan ziren, antsietate puntu bat ere eduki dut. Disfrutatzen egon naiz gainontzekoetan, ikaragarrizko inbidia pasatzen.

Iaz, garai honetan, finala jokatzear zeundeten.

Bai, “Leke” eta ni finalera iritsi ginen, eta garai honetan elkarrizketa ematen ibili ginen. Eta begiratu orain, harmailetan nago ezin jokatuta.

«Lehendabiziko astelehenak gogorrak izan ziren, antsietate puntu bat ere eduki du»

Egun hauetan eduki duzu final hartako oroitzapenik?

Ez naiz pentsatzen egon gu nola ibili ginen. Bai ikusi dut, pasa den astelehenean, partida ikusi aurretik, finala jokatuko duten laurak entseatzen aritu zirela. Eta hor akordatu nintzen mundu guztiari arraro egiten zaiola finala jokatuko duten bi bikoteek elkarrekin entrenatzea, indarrak neurtzea. Gure kasuan nahiko normala da. Entseatzeko aurkitzea beste bikote lehiakor bat, zure erritmo berdinean dagoena, ez da erraza izaten. Hala ere, entseguetan inoiz ez dira karta guztiak erakusten.

Nola ikusi duzu aurtengo edizioa, oro har?

Mundu guztiak eduki ditu hasieratik hiru faborito. Niretzat izan dira Goiko-Leke, Erkiaga-Ibarluzea eta Johan-Lopez. Gainontzean, bai egon zitekeen ezustekoren bat, baina, a priori, hiru hauek ziren faboritoak. Eta nire ustez agian desoreka egon da bikoteetan edo horrela atera da, eta emaitzak ez dira izan oso onak. 15 jardunaldietatik hamaika edo hamabitan 2-0eko emaitza izan da. Bai esan behar da, publikoaren erantzuna sekulakoa izan dela. Astelehenero topera egon da. Pasa den urtean ikusi zen jende asko animatu zela ,baina ez zen iritsi aurtengo zenbakietara. Telebistan ere uste dut zenbaki hobeak egon direla. Justu, pasa den urtean partidak bai atera ziren oso maila altukoak, eta aurten publikoa eta audientzia topera egon dira eta gure partidak ez dira izan munduko onenak.

Hala ere, finalerdiak emozio handikoak izan ziren.

Aipatu ditudan hiru bikoteak eta Olharan-Del Rio gurutzatu direnean, finalerdiak potenteak izan dira. Finalean ere begiratu nolako bikoteak dauden. Atera daiteke partida txarra, presio asko dago, beti ez da edukitzen egun ona. Zesta-punta da, oso zaila da. Espero dut partida on bat ikustea, disfrutatu egin nahi dut.

Disfrutatu edo sufritu? Lekerika dago, lagun mina.

Bai, Lekerikak irabaztea nahi dut. Finalerdietan asko sufritu nuen, egia esan. Gainera, Bizkaia Irratian komentarista lanak egiten ibiliko naiz. Beraz, ez dakit sufritzeko astirik izango dudan [barrez].

Ligaxkako bi bikote onenak daude finalean.

Johan-Lopez izan zen agian askok faboritotzat eman zutena. Baina gainontzean, bai, bi bikote onenak izan dira. Ibarluzeari, egia da, oraindik falta zaizkiola partidak profesional mailan, baina, partida batean izan ezik, maila ona eman du. Finalerdietan oso ondo jokatu zuen, eta urteko txapelketa garrantzitsuena irabazteko urrats batera daude.

«[Aritz Erkiaga] Maila altuena daukan pilotaria da eta aparte, konfiantzaz oso goian dago. Bi elementu horiek batzen direnean oso arerio gaitza da»

Aritz Erkiaga dauka aurrelari Ibarluzeak. Ispasterkoa gainditzeko zer egin behar da?

Gaur egun onena da. Azken urteetako onena ere esango nuke. Beti eduki du maila oso ona, baina aurten oso goian dabil. Dena ateratzen zaio, erremate guztiak, oso ondo jokatzen dihardu, konfiantza puntu ikaragarrian dago. Estrategia? Esatea erraza da. Hura pasatzea eta jokoan ahalik gutxien sartzea, baina ez da erraza praktikan jartzea. Maila altuena daukan pilotaria da. Eta aparte, konfiantzaz oso goian dago. Bi elementu horiek batzen direnean arerio oso gaitza da.

Aipatzen zenuen Lekerika ere oso ondo ikusi duzula, partida askotan izan dela onena.

Niretzat, Lekerikak jokatu dituen partida guztietan bera izan da onena. Egia da ligaxkan ez duela eduki lan askorik, Goikok ez du egin behar izan gauza handirik. “Leke” ondo ibili da eta erraz irabazi dituzte partida guztiak. Une gozoan ikusten dut, engantxatuta; Danian ere egon da hilabete batez kinielak jokatzen. Eurak dira finaleko faboritoak.

«Garrantzitsua da partida ofizialik ez dituzun hilabeteetan behintzat beste modu baterako entrenamenduekin osatzea»

Aipatu duzu Daniako egonaldi hori. Garrantzitsua da erritmoa mantentzeko partidak edukitzea, eta oraindik ere Winter Seriesa jokatu bitartean atseden luzea dago?

Bai, iaz ere berdina esan genuen pilotariok. Hilabetean partida bat jokatzen duzu, eta hilabete horiek luzeak egiten ziren. Ez da erraza entsegu batzuk antolatzea, eta horrelako txapelketa batean formaz kanpo egotea desastre bat da. Pasa den urtean eskatu genuen tartean beste partida batzuk izatea, edo behintzat entseguak antolatzea. Aurten ez da posible izan oraindik. Gure kirola profesionalizatzen doan heinean, gauzak hobetzen joango dira. Goiko, erretiroa hartzen duenean, kirol zuzendaria izango da, eta uste dut horrelako gauzetarako egongo dela. Gutxika-gutxika gure kirola profesionalizatzen ari da, kontratuak egiten. Eta kirolaren aldetik, garrantzitsua da partida ofizialik ez dituzun hilabeteetan behintzat beste modu bateko entrenamenduekin osatzea.

Hainbat puntista itzuli zineten AEBetatik, 2021. urte bukaeran Daniako pilotalekua itxi egin zelako.

Gu han oso ondo egon gara. Gure mailan, gure kiroletik bizitzeko aukera zegoen AEBetan, klima ona beti, lagunartean. Oso ondo egon ginen; betiko geratzeko ez, baina kirol ibilbidea osatzeko bai. Amaitu zenean derrigortuta etorri ginen, batez ere VISArekin geundenok. Zortez, gauzak ondo joan dira hemen.

Hasieran esaten zenuen honek abiapuntua izan behar zuela konponbidea lortzeko. Itzuli zinenetik eta orain zaudenera, zoriontsuagoa zara?

Ezberdina. Han oso ondo eta hemen ere bai. Hemen gure etxean gaude, gure jendearekin. Daniako itxierak eduki duen gauza ona izan da hemen jendea gehiago mugitu dela. Eta hori positiboa da. Beti egon da zesta-punta hemen, baina jendeak ez du eduki ohitura hori pilotalekuetara joateko eta jarraitzeko. Ez zen telebistaz ematen, hedabideetan ere gutxi ateratzen ginen.

Pilotalekuetara hurbildu den jendea harritu egin da. Horrek ekarri du olatua.

Bai, Gernikan zentratuta, elementu guztiak dauzka. Handia da, sekulako giroa sortzen da, partida onak ateratzen dira. Txapelketak prestigioa hartu du eta denek nahi dute ondo egon. Lehen, gerturatzen zen %90 gernikarra izango zen, eta orain igual %50 da, gainontzekoa kanpotik etortzen da: Donostia, Eibar, Elgoibar... Jende askok bonoa egiten du eta astelehenero plana dauka. Oso pozgarria izan da publikoak nola erantzun duen. Gernika bete egiten da, baina beste herrietan ere erantzuna oso ona da: Markina, Mutriku, Lekeitio... Oraindik apur bat kostatzen da Gipuzkoa aldean. Donostia eta Hondarribia betetzea ez da izaten erraza.

Winter Series bukatzear dagoela, aipatu ditugu finalistak. Baina hauez gainera, zein pilotari nabarmenduko zenuke?

Johan [Sorozabal] gorantz dator, etorkizun oso ona dauka. Txapelketa oso ona egin du. Gaztea da oraindik. Lopezekin egon da, eta berarekin jokatzean presio puntu bat daukazu, dena irabazi behar duzun sentipena. Gainontzeko gazteek ez dute erraz eduki (Arbe, Manci, Goitia...). Alex [Goitia] lesio batetik zetorren, lepauztaian, eta lehen partidan oso ondo jokatu zuen. Ondoen ikusten dudana guztietatik Johan da, besteek ere maila ona eman dute baina apur bat zailago eduki dute. 

«Johan [Sorozabal] gorantza dator, etorkizun oso ona dauka. Txapelketa oso ona egin du»

Zein da Gernikako harrobiaren osasuna?

Nahiko ondo dabil. Geldialditxo bat egoten da, 14 urtetik gorakoen artean. Ume txikietan, 10-13 urte bitarteko multzo oso on bat dago, sekulako afizioa daukate, egunero daude frontoietan sartuta. Oso ongi jokatzen dute, eta horiek zaindu behar dira. Animatu ere bai, 14-20 urte bitarteko hutsune horiek betetzera.

Iñaki Osa Goikoetxearen azken partida izango da igandekoa. Zein legatu utzi du zure ustez?

Pila bat eman dio zesta-puntari. Niretzat, historiako onena izan da, nire garaikoa behintzat. Sekulako fakultateak ditu, dena egiten du ongi. Ikusgarritasuna eman dio zesta-puntari. Bera handia izateak egiten du besteok ere handiak izatea. Papel oso ona egin du zesta-puntan, bere palmares erraldoiaz gain; bere babesleak, bera nola mugitu den... Dena onerako egin du. Egia da berak jan dituela babesle onenak [barrez], baina bera barik ez ziren egongo Red Bull, Loewe, Orbea...

«Niretzako, historiako onena izan da [Goiko], nire garaikoa behintzat. Ikusgarritasuna eman dio zesta-puntari, bera handia izateak egiten du besteok ere handiak izatea»

Haren penarik handiena da bere mailarik onenean frontoiak hutsik zeudela.

Bai, bera ondoen egon den unean telebistarik eta jarraipenik ez da egon. Berarentzat sekulako pena izan behar du. Imajinatu, orain bere unerik onenean egongo balitz, dagoen jarraipenarekin agian babesle hobeak edukiko zituzkeen, edo denok. Berak Red Bull badauka, eta ikusten badute hemen egunero daudela 2.000 lagun, izan zitekeen enpresa horren babesletza frontoian bertan egotea.

Iaz Diego Beaskoetxea erretiratu zen, aurten Goiko...

Sekulako ibilbidea egin dute zesta-puntan. 42 urterekin erretiratu zen Diego, Goiko bat gehiagorekin. Hoge urte pasa egin dute profesional moduan. Sabaia oso altu utzi dute. Diegok irabazten utzi zuen, eta Goikok ere hori nahiko du. Atzetik gatozenok ere maila berdina ematen saiatu behar dugu. Oso zaila dago, baina saiatuko gara.

Zesta-puntak hartu duen olatu honi etorkizuna ikusten diozu?

Bai. Beti daude hobetzeko gauzak, baina enpresa egiten ari den plana oso ona da. Badakigu egun batetik bestera ezin dugula denok profesionalak izan, 500.000 euro irabazi... Gutxika-gutxika joan behar dugu, hankak lurrean. Egonkortu egin behar da, bi-hiru urte daramatzagu frontoiak  betetzen, eta oraindik lan handia dago egiteko. Ondo dago, ondo gaude, baina falta da.