INFO

Bermeoko alkateak kezka agertu dio berriro Osakidetzari, anbulatorioan bizi duten egoeragatik

Bermeoko alkateak adierazi duenez, herriko osasun etxean dagoen mediku eta pediatra falta dela-eta zailtasunak sortzen ari dira herritarrei arreta egokia emateko. Jendea eta langileak kezkatuta eta haserre daude. Osakidetzarekin bilduko da Udala, soluzioa bilatzeko.

Nadia Nemeh Bermeoko alkatea, bere bulegoan. (@BermeokoUdala)

Bermeoko alkatea, Nadia Nemeh Shomaly, kezkatua agertu da beste behin herriko anbulatorioan bizi duten egoeragatik, eta bertako arduradunekin bildu da, haiek entzuteko. Hurrengo batzarra Osakidetzarekin egingo du, irtenbide bat aurkitzen saiatzeko.

«Anbulatorioa urgentziazko medikurik barik egon da behin baino gehiagotan, eta horrek egonezina sortu du Bermeoko bizilagunen artean», adierazi du EH Bilduko alkateak.

Pediatren eskasiak ere arduratzen ditu langileak eta herritarrak. Batez beste, 1,75 pediatra daude, biztanleriaren beharrak behar bezala betetzeko, gutxienez, hiru espezialista behar dituen ingurune batean. Gainera, pediatrarik egon ez den egunak ere izan dira.

Lehen mailako arreta bermatu beharra ikusten du Udalak, baja medikoen eta oporraldien estaldura barne, etengabeko eta kalitatezko osasun arreta ziurtatzeko.

Osakidetzari eskaera

Nemeh Shomalyk premiazko neurriak hartzeko eskatu dio Osakidetzari, arazoa «lehenbailehen» konpontzeko: «Bermeoko anbulatorioko medikuen falta erronka handia da tokiko komunitatearentzat, beharrezkoa den arreta medikua bermatzeko». Ildo horretan, alkateak talde mediku oso bat izatearen garrantzia azpimarratu du, eta agintari eskudunen aldetik «ekintza azkar bat» eskatu du.

Kezka horiei guztiei erantzunez, Bermeoko Udala osatzen duten hiru talde politikoek (EH Bildu, Guzan eta EAJ) aho batez adostu zuten mozio bat azken udalbatzarrean. Mozio horrek Osakidetzari eskatzen zion lehen mailako arreta egokia bermatzeko, bai eta herriko premiekin bat datozen pediatra eta larrialdietako zerbitzuak ziurtatzeko ere.

Osoko bilkuran «urduri eta gogaituta» dauden herritarren sentimendua islatu zen. Mozio horretan bertan, Osakidetzako arduradunekin bilera bat egitea eskatu zuten, kezka horiei zuzenean heltzeko. Bilera hori datorren martxoaren 18rako dago deituta.

Topaketa horretan, identifikatutako arazoetarako «konponbide azkar eta eraginkorrak aurkitzen» saiatuko direla adierazi du EH Bilduko alkateak. Gainera, aukera baliatuko du Gernikako Ospitaleko hirugarren solairuan oheak eta funtsezko beste zerbitzu batzuk ezartzea eskatzeko, «osasun arreta deszentralizatzeko eta Busturialdean kalitatezko zerbitzuak bermatzeko».

Nemeh Shomalyk esan duenez, «garrantzitsua da hiriburuetan oinarritutako ikuspegitik harago joatea, eta Bermeo moduko eskualdeko herriek kalitatezko eta hurbileko osasun zerbitzuak eskura izatea».