INFO

Gorka Guruzetak zelaian irabazi du 2028ra arteko kontratu luzapena

Denboraldiko aurrelaririk eraginkorrena da, Iñaki Williamsekin berdinduta, Liga eta Kopa artean sartu dituen hamar golei esker. Era berean, Mikel Gonzalez kirol zuzendariak nabarmendu duenez, Valverderen joko-ereduarentzat ezinbestekoa bilakatu da erasoan.

Gorka Guruzeta eta Jon Uriarte, Athleticeko presidentea, akordioa sinatu ostean. (@AthleticClub)

Athleticek Gorka Guruzetaren berritzearekin ospatu du Gironaren kontrako garaipenaren biharamuna. 27 urteko aurrelari donostiarrak 2028ra arte luzatu du kontratua. Zelaian egindako lan bikainari esker irabazi du berritzea. Izan ere, Ernesto Valverderen hamaikakoetan toki bat egin du erdiko aurrelari gisa, eta hamar gol egin ditu 26 partidatan. Iaz lortutako sei golak gainditu ditu dagoeneko, eta taldeko golegile nagusia da Iñaki Williamsekin berdinduta.

Guruzeta joan den denboraldian itzuli zen Athleticera Amorebietarekin Bigarren Mailan egindako 13 golei esker. Hasiera batean kosta egin zitzaion hamaikakoetan sartzea, baina aulkitik aterata golak egiteko erakutsitako erraztasunak ateak ireki zizkion. Apurka-apurka hamaikakoetan postu bat bereganatu zuen, eta taldearen erdiko aurrelari eraginkorrena bilakatu da.

Mikel Gonzalez kirol zuzendariak horrela nabarmendu duenez, egungo Athleticen joko-eredurako aurrelaririk «onena» da. Horrela azaldu du Guruzetaren lana: «Taktikoki bikaina, beti ondo aukeratzen du non kokatu. Eraginkorra da aurkariaren ate aurrean eta asko hobetu azken metroetako mugimenduetan. Oso aurrelari osoa da, balio handikoa guretzat».

Guruzetak berak agerraldi batean kontatu zuen moduan, taldekideek ‘Benzema’ ezizena jarri diote erasoan laguntzeko egiten dituen mugimenduengatik. Williams anaiek asko eskertzen dute bere lana. Golez gain, hiru gol pase eman ditu aurtengo Ligan. Berenguerrek Gironaren aurka egindako bigarren gola izan da azkena.

Jokalari donostiarra pozik agertu da kontratu berria sinatu ondoren egindako adierazpenetan. Egindako lanaren fruituak jasotzen ari dela azpimarratu du, eta San Mamesen jokatu ahal izatea «amets bat» dela azpimarratu du.

Guruzeta Antiguoko taldetik iritsi zen Lezamara gazteen mailan. Basconian 16 gol lortu zituen bi denboraldietan. Bilbao Athleticen, berriz, 18 sartu zituen, eta 2018ko udan lehen taldera igo zen Berizzorekin. Entrenatzaile argentinarra kaleratu ostean, bigarren taldera jaitsi zen nahiz eta Sevillaren kontrako Kopako partida batean bere lehen gola egin burukada batekin.

Lesio larri bat izan zuen belaunean, eta 2020ean Sabadellera joan zen Bigarren Mailan jokatzera. Hortik, Amorebietara igaro zen Athleticera itzuli arte.

Bestalde, Athleticek berritzearen inguruan gaineratu du «Zuzendaritza Batzordeak ezarritako ildo beretik, soldata-egitura finkoarekin eta helburuen araberako osagai aldakorrarekin» sinatu dela kontratu berria. Era berean, aurrelariak agerraldia egingo du hedabideen aurrean Lezaman ostegun goizean.

Guruzetaren berritzea sinatu ondoren, Berenguer izan daiteke hurrengoa. 28 urteko hegaleko nafarrari denboraldi honetan amaitzen zaio kontratua, eta luzapena irabazten ari da egindako golei esker. Bi lortu zituen Gironaren aurka, eta zazpi sartu ditu dagoeneko Liga eta Kopa artean, Villalibrek bezala. Gainera, gol erabakigarriak izan dira. Esaterako, garaipenaren gola egin zuen Metropolitanon penaltiz, eta Celtaren kontra luzapenean. Realaren aurkako garaipenean bi golak egin zituen, eta Valentziaren kontra azken unean egin zuen berdinketa.

Lekueren mediku-txostena

Eskuin lateralak min hartu zuen Gironaren aurka, eta aldaketa eskatu behar izan zuen lehen zatiko 30. minutuan. Athleticek baieztatu duenez, giharretako lesioa dauka ezker hankan. Iñigo Lekuek Betisen kontrako igandeko partida galduko du ziurrenik, lesionaturik dagoen Ander Herreraren moduan. Ikusteke dago datorren asteko ostegunean, otsailak 29an, Atleticoren aurka jokatuko den Kopako finalerdien itzulerarako bueltan egon daitezkeen.

Lekue eta Herrera jokalari garrantzitsuak dira Valverderentzat. Dena den, Athletic ondo aurre egiten ari da lesioei. Horren adibide, Gironaren aurka Nico Williams eta Sancet aulkian geratu zirela, eta Berenguerrek eta Unai Gomezek maila bikaina eman zutela.

Talde zuri-gorria sailkapeneko bosgarren tokian dago, eta ondo kokatu da datorren denboraldian Europan jokatzeko sailkatzeko. Bederatzi puntuko aldea dauka seigarren postuan dagoen Realarekiko, eta zazpigarrena den Betisek baino hamar puntu gehiago ditu. Atletico Madrilek daukan Txapeldunen Ligako laugarren postua, berriz, bi puntutara dauka. Hirugarrena den Bartzelona bost puntutara dago eta, bigarrena den Girona, zazpira. 49 punturekin, azken 40 urteetako emaitzarik onenak lortu ditu Athleticek Ligako 25 jardunaldi jokatu ostean.

Lekuek aldaketa eskatu behar izan zuen, eta De Marcos atera zen bere ordez. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Lekuek aldaketa eskatu behar izan zuen, eta De Marcos atera zen bere ordez. (Aritz LOIOLA / FOKU)