INFO

Lekueren hutsunea betetzeko aukera Hugo Rincon eta Adama Boirorentzat

Bilbao Athleticeko jokalariak diren Egiluz, Olabarrieta, Mattheus eta Ibon Sanchez ere lehen taldearekin entrenatzera igo dira.

Adama Boirok lehen taldearekin entrenatu du Lezaman. (@AthleticClub)

Athletic Betisen aurkako partida prestatzen hasi da gaur Lezaman. Igandean jokatuko da norgehiagoka Sevillan, eta badirudi bigarren taldeko jokalariek deialdian sartzeko aukera izan dezaketela.

Ernesto Valverdek Bilbao Athleticeko hainbat jokalari igo ditu lehen taldearekin entrenatzera. Besteak beste, Unai Egiluz, Olabarrieta, Mattheus, Ibon Sanchez, Hugo Rincon eta Adama Boirok parte hartu dute lan saioan. Mikel Jauregizar ere lehen taldearekin aritu da, azken jardunaldian Bilbao Athleticekin jokatu ostean.

Egiluz erdiko atzelariak Kopako lehen kanporaketan egin zuen debuta Athleticekin. Olabarrieta eta Hugo Rincon, berriz, deialdi batzuetan sartu izan dira, baina ez dute minuturik izan. Lekue min hartuta dago, eta eskuin lateral nafarrak haren hutsunea betetzeko aukera izan dezake. 21 urte ditu, eta Bigarren Federazio maila txiki geratu zaiola erakutsi du. Defentsan hobetu beharra daukan arren, erasoan bikain moldatzen da eta bi gol egin ditu. Rincon beste pausu bat emateko prest dagoela ematen du.

Era berean, Adama Boirok aukera izan dezake. Lehen aldiz igo da gaur Valverderen aginduetara entrenatzera. Neguko merkatuan bi miloi ordaindu zituen Athleticek Osasunako bigarren taldeko ezker hegaleko atzelaria fitxatzeko.

Bilbao Athleticek Alaves B-ren aurka ateratako hamaikakoa. (@AthlteticClub)
Bilbao Athleticek Alaves B-ren aurka ateratako hamaikakoa. (@AthlteticClub)

Carlos Gurpegik zuzentzen duen Bilbao Athletic erraz gailentzen ari da Bigarren Federazio mailan, eta sailkapenaren buruan kokatuta daude. Denboraldia amaitzeko hamaika jardunaldi geratzen dira, eta zortzi puntutako aldea daukate bigarren sailkatua den Barakaldorekiko.

Azken partidan Alaves B gainditu zuten Lezaman (2-1). Mattheus hegalekoak egin zuen garaipenaren gola. Aingeru Olabarrietak moduan, hiru gol egin ditu denboraldian zehar. Ibon Sanchezek, berriz, bi gol daramatza. Izeta da bigarren taldeko golegile nagusia. 13 aldiz zulatu du aurkarien atea, eta Varelak sei gol egin ditu.

Egiluz eta Hugo Rincon, Villalibre eta Raul Garciarekin lan saioa hasi aurretik. (@AthleticClub)
Egiluz eta Hugo Rincon, Villalibre eta Raul Garciarekin lan saioa hasi aurretik. (@AthleticClub)

Bestalde, Athleticek bisita berezia izan du Lezaman. Gironaren kontrako partidan harmailetan artatua izan zen zalea bertan egon da, eta jokalarien opariak jaso ditu.