INFO

Soldata arrakala ia sei puntu murriztu dela 2018tik 2021era ziurtatu du Mendiak

Asteazken honetan ari dira egiten Soldata Berdintasunaren aldeko Foroa Bilbon, Lakuak antolatuta. Idoia Mendiak INEren datuak jarri ditu mahai gainean: soldata arrakala %22,6tik %16,7ra murriztea lortu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Idoia Mendia, Lakuako Lan eta Enpeguko Sailburua asteazken honetako foroan. (Irekia)

Emakume eta gizonen arteko soldata arrakala %22,6tik %16,7ra murriztea lortu dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jakinarazi du asteazken honetan Idoia Mendia Lakuako bigarren lehendakariodeak eta Lan Enpleguko Sailburuak. Ia sei puntuko murrizketa hori 2018tik 2021era bitarte eman dela azaldu du, eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna «lehen mailako helburu demokratikoa eta lehiakortasunaren motorra» dela ziurtatu du.

Soldata Berdintasunaren aldeko Foroa inaguratu da asteazken honetan Bilbon, Lakuak antolatutako ekimena da ostegunean Soldata Berdintasunaren Europako Eguna dela eta, eta bertan azaldu ditu INE estatistikako erakundeak garatutako datuak sailburuak.

Mendiak adierazi du hiru urtean ia sei puntu txikitu dela soldata arrakalaren datua, «tarte hori inoiz ez da izan hain denbora tarte laburrean», eta bere iritziz horregatik da garrantzitsua «zerk eragin duen aztertzea, benetako berdintasuna lortu arte beharrezkoa den guztia zuzentzeko». Berdintasuna «bidezkoa» eta «posible» dela ziurtatu du sailburuak, eta «erabakitako politika publikoei esker» gauzatu dela adierazi du.

Ildo horretan, 2018tik soldata arrakala murrizten ari dela adierazten duten bi gertaera gogorarazi ditu hitzartzean Mendiak: Lakuaren «sailen arteko lehen estrategia, zeinean Lan eta Enplegu Sailak jarduketa inetgral bat hartzen baitu bere gain, haren diseinuan eta betearazpenean parte hartuz», eta bestetik, «Espainiako Gobernuaren aldaketa, arrakala murrizteko funtsezkoak izango diren neurriak hartzen hasi baita».

Neurri zehatzen eragina

Mendiak azken urteetan pnartutako neurriak eta legeak izan ditu aipagai datuen hobekuntza azaltzerako orduan. Aipatu duen lehena lanbide arteko gutxieneko soldataren %54ko igoera izan da, «batez ere emakumeei eta gazteei eragiten diena». 50 langiletik gorako enpresa guztiei berdintasun planak egiteko betebeharra ere azpimarratu du: «Berriena, pentsioen azken erreforman sartutako arraila zuzentzeko mekanismoak». Bere ustez, arau horiek ahalbidetu dute «enpresetan eta gizarte osoan gaia sakontzea».

Hala ere, «oraindik gehiegi alboratzen diren» zainketak profesionalizatzeko eta duintzeko lana nabarmendu du, «oraindik ere emakumeak protagonista baititu, batez ere migratzaileak».

Asteazken honetako foroan, partzialtasuna genero joerarekin landuko da, bai eta enpresetan berdintasun planak ezartzea ere, arrakalari aurre egiteko tresna gisa. Horri lotuta, oraindik murrizteke dagoen arrakala kontratuen partzialtasuna izan du mintzagai Mendiak: «Bere enpresarekin lan harreman mugagabea duten pertsonen kopurua zazpi puntu igo arren apenas bi urtean, ia herena lanaldi partzialekoa da, eta ia 20 puntuko aldea dago emakumeen eta gizonen artean».

Halere, joan den urriko pentsioen erreforma gogorarazi du, horri esker, «lanaldi partzialak lanaldi oso gisa zenbatzen direlako erretiroaren aitorpenean», eta, gainera, zaintzagatiko lanaldi murrizketagatik kotizatutako aldiak aitortzen ditu. «Bidegabekeria horrela konpontzen da, eta pentsioetan dagoen genero arrakala zuzentzen hasten da», adierazi du.