INFO
Elkarrizketa
Jone Laspiur
‘Negu hurbilak’ filmaren protagonista

«Iheslarien nahasketa da Jone»

Locarnoko Nazioarteko Zinema Jaialdian sari berezia eskuratu ondoren ostiral honetan iritsiko da karteldegira ‘Negu hurbilak’. Jone Laspiurrek gorpuztu du filmaren izen bereko protagonista. Euskal Herriko gatazkaren amaieran kokatutako ihesaldi baten erretratua egin nahi izan du Negu kolektiboak.

Jone Laspiur, Zubietan egindako filmaketan. (Ángela RAMOS)

‘Negu hurbilak’ filmaren zinema aretoetako estreinaldiak proiektu berriaren filmaketan harrapatu du Jone Laspiur (Donostia, 1995). Bidasoa ibaian ari da filmatzen Asier Urbieta bere lehen filma. «‘Faisaien Irla’ da. Irungo mugako migrazio problematikaz hitz egiten du, gai interesgarria», aurreratu dio NAIZi aktoreak. Itziar Ituño eta Josean Bengoetxea ere ari dira bertan lanean Arcadia Motion Pictures eta Tentazioak ekoitzitako filman.

Mugak berebiziko garrantzia du ‘Negu hurbilak’ proiektuan ere. 2011. urtea da. Bere burua sasian gorde nahi du Jonek –«filman ez da bere izenik agertzen baina guk horrela deitu genion», dio–. Ipar Euskal Herrirako bidean Zubietako herrirekin egingo du topo. Eta zubietarrekin. Itxaron, besterik ezin du egin bertan behe-laino trinkoak erabat inguratzen duen egun eta gau luzeetan.

Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrek eta Adria Rocak sinatu dute lana. Bartzelonan ikasten ari zirela ezagutu zuten elkar.

‘Ez galdetu non nagoen, leku hau ez da-eta, mapetan erraz aurkitzen. Ez galdetu non nagoen, Leku hau ez da-eta Inongo latitude eta altitudetan agertzen’. Ekhine Eizagirreren ‘Non’ poemaren hitzak dira (‘Alde erantzira nabil’, Susa). Bertan aurkitu zuten inspirazioa zuzendariek. Baita Letek idatzi eta Laboak kantu egin zuen ‘Negu hurbilak’ olerkian ere.

Iheslarien testigantzak

Euskal Herrian ihesaren esperientzia bizi izan dute hainbat pertsonari egindako elkarrizketak ditu oinarri Laspiurren pertsonaiak. «Elkarrizketak ez ziren ez grabatu ez transkribatu, errespetuagatik. Kontakizun oso gogorrak zeuden. Lau pertsonetan oinarritu ziren. Haietako batek lehenengo aldiz partekatu zuen bere esperientzia. Aurrez inorekin hitz egin ez zituen gauzak atera ziren elkarrizketa hartan. Zuzendariek niri kontatu zidaten bertan esandakoa. Gorputz-keinuak ere aipatu zizkidaten, zer begirada zeukan, nola mugitzen zen, nola erretzen zuen zigarroa, nola kontenitzen zen edo nola egiten zuen dardar... Oso prozesu gogorrak kontatu ziren. Ni ez ninduten sartu nahi izan, pertsona hauek ez zituzten esponitu edo deseroso sentiarazi nahi. Errespetu handiz egin da», dio.

Aktore bezala, solasaldietan ez egotea eskertu egin du Laspiurrek. «Askatasun gehiago ematen dizu, behin pertsona baten mina, errealitate bat eta keinuak ikusten dituzunean hori ez doakizu burutik eta erantzukizuna handiagoa da. Nik nire Jone bat eraiki dut, askoz libreagoa eta nik nahi izan dudanetik», aitortu du.

Testigantza guzti horien nahastea da pertsonaia. «Frankenstein antzeko bat. Haiengandik sortua eta nik eman ahal izan diodana gehituta».  

Ardura sentitu du. «Asko sufritu duen jendea dago, asko sufritzen jarraitzen duena, inoiz hitz egin ez duen jendea dago, eta inoiz hitz egingo ez duena. Nik bizipen horien ehuneko txiki bat jaso ahal izan dut filman. Ez nuen infantilizatu nahi nire pertsonaia, ez nuen biktima bezala aurkeztu nahi, zaurgarritasun maila neurtu nahi nuen, pertsona sendoa erakutsi nahi nuen. Bere idealek eta bere pentsamenduek eraman dutena egoera horretara eta ez dena damutzen eta aldi berean publikoak berarenganako enpatia senti zezakeena. Oso emozionala izan da lan guztia».

Apenas gidoirik gabe egindako lanean Jone Laspiur da aktore profesional bakarra. «Elkarrizketarik ez zegoen aurrez idatzita. Argi genuen kontzeptua eta eszena bakoitzean zer lortu nahi genuen bai, baina dialogoa naturala izan da, historiak berak eman duena. Niretzat bai izan zen erronka hasieran ohitzea, delegatzea eta soltatzea. Ez tematzea ‘eszena honetan esaldia aldatu nahiko nuke’... ez. Azkenean askatasuna ematen dizu, egindakoa ondo dago».

Zubietarrak kamera aurrean

Laspiurrekin batera, zubietarrak dira protagonista. Eta Zubieta. Beñardo Mutuberria, Ana Hualde, Markos Juanikorena, Ibai Juanikorena eta Bautista Santestebanek parte hartu dute kameraren aurrean. Euren izenez ageri dira. Beñardorekin duen eszena da filmaren giltza. «Itxaron beharko duzu» dio Joneri. Eta berak «noiz arte?». «Ohitu beharko duzu», Beñardoren erantzuna. «Ezinegona ondo islatzen du. Gu oinarritu garen iheslari erreal horietako bat, adibidez, arratsalde batean bere etxetik atera eta ez zen itzuli Euskal Herrira hogeita piko urtetan. Ama ikusi gabe hamabi urte eman zituen. Horrelako egoera batean zaudean ez dakizu denbora zenbat luzatuko den egoera. Urte erdi bat edo ia zure bizitza osoa. Uste dut lortu dugula ondo iristea ikuslearengana».

Estresa, lasterketak... ihes betean akzioko filmak ikustera ohituta gaude. Lan honetan ez dago horrelakorik. Zain. Kasik egunari aurre nola egin asmatu ezinik. «Ezin du ezer egin, bestela bere kontra joango litzateke. Baina aldi berean ezinegona eta angustia izugarria du».

Zuzendariek asmatu dutelakoan dago. «Oso ondo lortu dute muntaia prozesuan eta eszenen aukeraketan. Denbora hainbeste diluitzen da eta hainbeste zabaltzen da, ez dela pelikula erraza ikusteko. Oso motela da. Eta erritmoak ondo laguntzen du neska honen atsekabea publikoarengana iristeko orduan. Egun bat, beste egun bat... ikusleak ez daki ze egun den eta berak ere ez daki».

Denboraren armiarma sarean galduta. Ia mamu bihurtzeraino. «Zehazki guk ere ez genekien gidoian bertan zenbat denbora pasatzen duen neska honek bidean. Guretzat interesantea zen guztiz argi ez geratzea. Ez dakigu bi aste daramatzan, sei hilabete edo urtebete. Egia esan berdin zaigu. Hasieran genionera itzuliz, filmak badu poesia hori eta nahaste hori… eta hain interpretazio askea… baina uste dut horrek ez duela kentzen itxarotearen edo denborarekin diluitzearen esentzia», esan du.

Esan gabekoak

Pertsonaia kontentziotik nola osatu nahi duen jakin nahi dugu. «Pertsonaia honen oinarrietako bat horixe izan da, kontentzioa, baina erraza izan zen, inguruak asko eman zidan. Negua zen, hotz egiten zuen eta Zubietako atmosfera gogor hura oso presente zegoen. Egoerak asko lagundu zuen».

Isiluneen bidez eraikitako filma da. «Beñardorekin dagoenean, adibidez, Jonek esango liokeen guztia izugarria da. Uneoro galdetu nahi dio zer gertatzen den, zer dakien, herrian ezer esan dioten. Galderak besterik ez ditu. Anitarekin dagoenean ere, emakumeak galdetzen dio ea zer moduz dagoen eta berak ez du ezer soltatzen. Harri bat bezala dago. Eszena bakarra dago, Beñardorekin baserrian dagoenean kontatzen diona bere atsekabea. Une horretan bakarrik ikusten dugu bestearengana irekitzen».

Euskal gatazka euren azalean bizi izan ez duten gazteek kontatu izana nabarmendu du Ekain Albitek. «Gatazka bizi izan dugu, baina ez justu une klabeetan. Gertaerak bizi baino kontakizuna jaso dugunok ere eraikitzen dugu historia. Gainera, zuzenean bizi izan dutenek ere aurkitzen dute filman zerbait erreala eta identifikatuta senti daitezke. Badauka errealitate puntu handia orain arte agertu ez dena», esan du Laspiurrek.

Lan poetikoa da eta paisaiak zati handia du horretan. «Prozesuan mamu bihurtu nintzenez eta inguruko elementuek jan edo hartu gintuztenez paisaia bera protagonistetako bat da. Jone pertsonaia paisaiaren parte da. Garo, zuhaitz eta lanbro artean galduta, bere txamarra erraldoi horren barruan galduta... Jone bera ere paisaia bilakatzen da. Paisaia da».

Filma eta bizitza uztartu

Herritarrekin sortutako harremana ezinbestekoa izan da emaitzan. «Filmaren zati handia filma egin aurrekoa da. Zubietara urte ta erdi lehenago hasi ginen joaten, herrira pixkanaka egiten. Hori guztiz klabea izan zen»

Bi zatitan egin zuten filmaketa, 2022an eta 2023an. «Zuzendarien lan egiteko modua berezia da. Inguruko bizilagunak bihurtu ginen momentu batean. Zuhaitzak, baserriko harriak edo bertako animaliak izan daitezkeen bezala. Filmaketan zuzendariek oso giro berezia sortu zuten. Herria gure presentziara ohitu zen, herriko parte izan ginen. Ez ginen pelikula egiten ari, bisitariak edo lagunak ginen, ahaztu egiten ziren filmatzen ari ginela. Denbora asko egin genuen eurekin, jan, musika jo, dantzatu plazan... Oso eskertuta gaude. Pelikula eta bizitza uztartu egin ziren. Egia da ez zutela sinesten filma egingo genuenik herrian bertan aurkeztu genuen arte».

Javi Sevak egin ditu argazki-zuzendaritza lanak, eta Justina Monserrat aritu da arte-zuzendari. Maluta Films (Euskal Herria) eta Cornelius Films (Herrialde Katalanak) ekoiztetxeen babesarekin, Ritxi Lizartza eta Mikel Mas dira filmaren ekoizleak.

Agur esan

Eta agur esateko unea etorri zen. «Itzuliko zara inoiz bisitan?», galdetuko dio une batean etxekoandreak Joneri. «Bai, eszena hori ere klabea da. Gogoratze hutsarekin hunkitu egiten naiz. Malkoak benetakoak  dira eta Jone pertsonaiari bakarrik ez, niri, Jone Laspiurreri ere esaten zidan. Errealitatea diluituz joan zen. Anita eta Markos gure aiton-amonak bezala dira, gutaz kezkatzen dira... kontaktua izaten saiatzen gara», adierazi du.

Giro goibela gainetik astintzen kosta egin zitzaizun? «Bai. Asko kostatu zitzaidan erritmoa hartzea eta jarraitu nuela mamua bezala bizitza errealera, hirira, itzuli arte. Zubieta bezalako herri batean egotea urte asko atzera egitea bezala da. Gauza asko bizi izan ditugu filman agertzen ez direnak. Jende asko ezagutu dugu, harreman sendoak egin genituen. Oso prozesu hunkigarria izan zen. Oraindik ere kosta egiten zait bertara joatea, ariketa eta esfortzua da, gure zati handi handia utzi genuen han eta herriak ere zati handia eman zigun», amaitu du.

Locarnoko zinema jaialdian eskuratutako Epaimaihaiaren Aipamen Bereziaz galdetu diogu. «Ez genuen espero inondik inora. Izan ere Gradu Amaierako lan bat bezala hasi zuten gazteek, ni baino gazteago dira, 23 une zituzten filmaketan. Sinesgaitza da maila horretako zuzendarien artean epaimahaiak lana handia dela esatea. Kristoren emozioa sentitu genuen, balore handia du».

Artista plastikoa, aktorea, kantaria... dena bakarra da Laspiurrentzat. «Ez ditut ulertzen arteak independienteki. Dena da bat», esan du. Arteak eta musikak interpretazioak ez bezala asetzen du. «Zineman proiektua beste norbaitek sortzen du eta zu ez zaude hainbeste sorkuntza prozesuan. Pertsonaiari dagokionean bai, noski. Arte plastikoekin edo musikaren edo antzerkiarekin –zuk sortzen baduzu obra– alderatuz agian motz geratzen da aktorearen bizipena. Askotan eduki dut hain sortzaile ez izatearen sentsazioa. Nakar taldearekin ari naiz fazeta hori berreskuratzen eta asko lasaitzen nau. Ez dut galdu nahi sortzeko gaitasuna», egin du hausnarketa.