INFO

Sare eta Etxerat: «Delitutzat hartu nahi dute preso daudenen eskubideak defendatzea»

Otsaileko azken ostiraleko elkarretaratzearen harira, Sare eta Etxeratek ohar bateratua argitaratu dute «konfrontazioari eta sufimentuari» ateak itxi eta  «benetako bakeari» heltzeko garaia dela aldarrikatzeko. Emakumezko presoak ere bereziki gogoan izan dituzte.

Otsaileko azken ostiraleko mobilizazioa, Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Otsaileko azken ostirala berezia da Sare eta Etxeratentzat. Izan ere, Bilboko mobilizaziotik hilabete pasa izanak hausnarketarako bidea ireki du. Otsaileko azken ostiralean 80 herritan 3500 pertsona mobilizatu zirela jakinarazteaz batera, komunikatu bateratuan gogora ekarri dute, preso, iheslari eta deportatuen auziak aterabide «justu, demokratiko eta behin betikoa» behar duela aldarrikatu zuela euskal gizarteak Bilbon eta argi dute eskakizun horretatik «hain urruti dagoen konfrontazioa betikotzen saiatzen diren sektoreentzat» ere ez zela «manifestazio bat soilik» izan.

Horren adibide gisa jarri dute erreibindikazioarekin bat egin nahi izan zutenen aurka eman diren «jazarpen birtualak», Itziar Ituñok pairatutako erasoei erreferentzia eginez. Sare eta Etxeratek egiten duten lana «kriminalizatzeko» abiatu diren dinamikak ere salatu dituzte: «Delitutzat hartu nahi dute preso daudenen eskubideak defendatzea».

«Elkarbizitzan aurrera egin nahi ez dutenen jarrera da, eta haien xedea da konfrontazioa betiko gelditzea gure bizitzetan, geroz eta errepresio handiagoa eta eskubide urriagoak ekarriko lituzkeen zurrunbilo batean sartuz, ‘legea eta ordena’ ezarri eta askatasunak kentzeko», egin dute irakurketa.

Sare eta Etxeraten jarrera bestelakoa da. «Konfrontazioari eta sufrimenduari» ateak itxi eta «elkarbizitzari eta benetako bakeari» irekitzeko garaia badela irizten dute eta, zentzu horretan, euren lanaren oinarria eskubide urraketa oro oztopatzea izango dela berretsi dute.

Emakume eta preso: zapalketa bikoitza

Martxoaren 8a ate joka dugun honetan, Sare eta Etxeratek aipamen berezia egin nahi izan diote preso dauden emakumezkoei, «salbuespeneko legediaz» gainera genero zapalkuntza ere pairatzen baitute.

Emakume izate hutsagatik, preso hauek urtez luzez «are bakartuago eta urrunduago» egon izan direla ekarri dute gogora, «sistema patriarkalaren adierazle garbienetakoa den kartzela sisteman zigor krudelago bat jasanez».

«Salbuespeneko espetxe politikaren pean preso egoteak espetxealdia gogorrago egiten badu, emakumeen kasuan gizonentzako soilik pentsatua den eremu batean zigorra bete behar izatea gehitzen zaio», nabarmendu dute, eta egoera hau eteteko gogoeta egitera gonbidatu dute gizartea: «Emakumeek espetxean dituzten bizi baldintzak are eta ankerragoak dira eta beraz, martxoaren 8ko mobilizazioetan, parte hartzera eta euskal preso emakumeen eskubideen aldeko aldarriak kalera ateratzera animatzen zaituztegu».

Amaitzeko, Sarek martxoaren 9an 10.30etan Araiako Andra Mari Zineman Batzar Orokorra egingo duela iragarri dute: «Heldu da momentuaren irakurketa egin eta indarrak bilduz konponbiderako bidea jorratzeko unea!».